euskaraespañol

Elena Vecino

COVID-19: Nola bizi ukitu gabe, ongi ikusten ez duzunean?

Zelulen Biologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/16

Irudia
Elena Vecino. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ukimena ezinbesteko zentzumena da biztanleen sektore handi batentzat: itsuentzat eta ikusmen murriztuko pertsonentzat. Nolanahi ere, urruntze higienikoko arauak bete behar ditugu pandemia honen ondorioz; ikusteko, ukitzea beharrezkoa dutenek nekez bete ditzakete, ordea.

Espainian, biztanleen % 2 gutxienez itsuak dira edo ikusmen murriztua dute, hau da, % 30 baino txikiagoa da haien ikusmen zolitasuna. Ikusmen murriztua itsutasunaren maila txikiagoko anomalia bisuala da eta, gaur egun, ezin da sendatu. Ez gara jabetzen zer maiztasunarekin gertatzen den, batez ere, ez delako aski begietara begiratzea hauteman dezagun.

Hala ere, kontua da Espainian milioi bat pertsona baino gehiago daudela egoera horretan. Ikusmen murriztuaren sintomak hauek dira: ikusmen lausoa, ikusmen zentrala edo periferikoa galtzea edo ikusmen eremuaren zati bat galtzea. Glaukomak, makulako endekapenak, erretinosi pigmentarioak eta erretinako beste distrofia hereditario batzuek eragiten dute, besteak beste.

 

Komunikazioa eragozten duen bi metroko tartea

Pandemia honetatik irteteko araudiak funtsezko arau batzuk betetzera behartzen gaitu orain. Arau horien artean toki publikoetan maskara erabiltzea eta bi metroko urruntze higienikoa nabarmentzen dira. Arazoa da, ordea, zenbait pertsona, dituzten ikusmen mugak direla eta, ez direla gauza besteenganako tarte hori zehaztasunez hautemateko.

Gainera, tartea atxiki beharrak zaildu egiten die inguruko pertsonen informazioa eskuratzea, besteak beste, supermerkatuan produktu bat aurkitzea bezalako ohiko zeregin batean. Arazo horri buruz sentsibilizatzeko, “Tengo Baja Visión” izeneko plataformak kanpaina bat abiarazi du, horrelako pertsonek pin moduko batean “ikusmen murriztua dut” mezua erakuts dezaten. Keinu soil horri esker, gainerakoek identifikatu ahalko ditugu, eta, haien egoera ulertzeaz gain, laguntza eman ahalko diegu. Adibidez, segurtasun-tartea mantentzen lagunduz eta izan litezkeen arriskuen berri hitzez emanez.

 

Espazioen banaketaren aldaketa

Baina ez dira horiek ikusmen desberdintasuna duten pertsonen arazo bakarrak. Bizitza normalera itzultzeko fasean, espazioak berrantolatu dituzte modu ordenatuan ibiltzeko, eta, esate baterako, merkataritza guneetan sartzeko eta irteteko bideak ezarri dira.

Arazoa da seinaleak egin dituztela ikusteko zailtasunik ez duten pertsonak kontuan hartuta. Besteak beste, lurzoruan lerroak marraztu dituzte edo ikusizko orientabideak ezarri dituzte, eskularruak eta desinfektatzaileak non dauden adierazteko. Baina ez dituzte inola ere xedatu lurreko seinaleek zerrenda erliebedunak ere edukitzea, itsuen makilez hauteman ahal izateko. Neurri handiko seinalerik ere ez dute ezarri ikuseremuaren altueran, ikusmen murriztuko pertsonek hauteman ahal izateko.

Horren ondorioz, espazioen banaketa berria eragina izaten ari da itsu eta ikusmen murriztuko pertsona askorengan. Espazioak buruz ikasita eduki ohi dituzte, eta establezimenduetan egindako norabide aldaketek orientazioa nabarmen galtzea eragin diezaiekete.

Agerikoa da logikoa eta zentzuzkoa dela pandemia eta pandemia ostekoa arautzen dituzten araudi berriek pertsona horiekin salbuespena egitea inguruko elementu jakin batzuk fisikoki ukitzeko orduan. Halaber, seinaleetan orain arte egindako aurrerapen handiak inoiz baino gehiago jarri behar dira orain praktikan.

Eta bi metroko urruntze higienikoa ere berrikusi beharko litzateke, laguntza behar duen pertsonari laguntzea zailtzen duen giza urruntzea ere bilaka ez dadin.

 

Ba al dago Brailleren ordezko aukerarik toki publikoetan?

Horri gehitu behar diogu honako hau: COVID-19aren pandemiaren ondorioz hartu behar diren neurrien artean material jakin batzuen gainazala fisikoki ukitzea mugatzea dago, birusak 72 ordu ere iraun dezakeelako haietan, eta multzo horretan daude plastikoa eta altzairua. Neurri hori oztopo handia izan daiteke ikusmenaz gidatzerik ez dutenentzat. Adibidez, “normaltasun berria” deitutakoaren esparruan, SND/399/2020 ministro-aginduak berariaz debekatu du ukituz erabiltzeko diseinatutako elementu museografikoak erabiltzea.

Gainera, eskularruak erabiltzea aukeratzen badute –halere, ez da nahitaezkoa, eta Osasun Ministerioak hori ez egitea gomendatzen du eta, horren ordez, eskuak maiz garbitzea–, horiek Brailleko sinboloak ezagutzea eragozten diete. Igogailuen zenbakietan, gizon zein emakumeen komuneko seinaleetan edo, besterik gabe, liburutegiko liburu baten izenburuan. Braillea aurrerapen sozial handia izan da, ezbairik gabe, seinaleen eta komunikazioaren arloan, baina espazio publikoetatik kanpo geldi liteke orain aldi baterako.

Gailu mugikorren aroa eta ordua da. Utziko didazue, hona iritsita, esperientzia pertsonal baten berri ematen. Duela ez asko, “Balearen begia”ren argazki zientifikoei buruzko erakusketa antolatu genuen Bilboko Bizkaia Aretoan. Etortzear zegoenaren nolabaiteko iragarpen modura, erakusketa guztiz egokituta zegoen ikusmen murriztuko pertsonentzat, bai eta itsuentzat ere.

Erakusketa horretan, argazki oineko Brailleko oharrez gain, audiogida ere bazegoen, QR kode bati esker era guztietarako gailuetara berehala deskargatu ahal zena. Sistema horri esker ikusmen dibertsitateko bisitariek lanen informazio guztia eskura zezaketen soinu seinaleetara itzulita. Zaila da jakitea noiz erakutsi ahal izango da berriz lan “ukigarri”en erakusketa hori! Baina ematen du hori izan litekeela normaltasun berriaren bidea: QR kodeak orokortzea.

Pandemiak teknologikoki pixka bat gehiago aurrera egiteko aukera eskaintzen digu, ikusten ez duten edo gaizki ikusten duten pertsonen bizitza sinplifikatzeko. Etengabeko lekualdaketen mende dagoen mundu honetan, gailu mugikorrean jakinaraztea hurrengo trena zer bidetatik aterako den, kartelik ukitu edo irakurri beharrik gabe, nahitaezkoa izan beharko litzateke. Telekomunikazioetako ikertzaileek beste erronka handi bat dute arlo horretan, gutxienez, pandemia hau egokigarritasunean aurrera egiteko baliagarri izan dakigun. Eta zerbait positiboa atera ahal izatea.

 

Artikulu hau berrikusten parte hartu dutenak: Arantza Uriarte (Retina Bizkaia Begisare), Rafael Ledesma (ONCE Bizkaia), Itziar González (Retina Gipuzkoa Begisare), Carmen Lafuente eta Antonio López-Santos.

The Conversation