euskaraespañol

Guillermo Quindós Andrés

COVID-19: inmunidad y postpandemia

Catedrático de Microbiología Médica

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/25

Irudia
Guillermo Quindós Andrés. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zaila da aurreratzea nolakoa izango den gure bizitza pandemiaren ondoren. Geure buruari galdetzen diogu lehen egiten genituen jarduera asko berriz egin ahal izango ote ditugun, baina ez dugu ahaztu behar gaixotasun honek eta bere ondorioek gizadiaren norabidea aldatzea bultzatu beharko luketela, ingurumena gehiago errespetatuko duen etorkizun baterantz, bide batez, gainera, solidarioagoa ere izango den etorkizun baterantz, hain zuzen. Horrek esan nahi du lortu beharko genukeen etorkizunean, oreka sozial handiagoa egongo litzatekeela, gure espeziearen ahuleziak murrizteaz eta izurrite eta beste hondamendi natural batzuei aurre egiteko indar handiagoa izateaz gain.

Badakigu konfinamendua eta distantzia fisikoa ezin direla mugarik gabe mantendu. Halaber, uste dugu txertoak edo farmakoak behar ditugula birus berri honek (SARS-CoV-2) kutsatzen jarrai ez dezan. Hala ere, kasurik onenean hilabete batzuk beharko dira txertoak garatzeko edo sendatutako pertsonen kopuru kritikoa lortzeko (horrek talde immunitate babeslea emango lieke gizarteko gainerakoei).

Gure erresilientzia ere garrantzitsua da ziurgabetasunarekin bizitzeko. Gaixotasun berriekin, ziurgabetasun hori argitu egiten da ezagutza berriak eskuratu ahala.

 

COVID-19aren eta inork ez dakizkien beste galdera batzuen benetako hedadura

Gaixotasun berri baten bilakaera zein den jakitea oso garrantzitsua da. Asko laguntzen dute SARS-CoV-2ari eta eredu matematiko eta epidemiologikoei buruz abian dauden ikerketa ugariek. Horien artean, nabarmentzekoa da Stephen M. Kissler-ek eta bere kolaboratzaileek garatutakoa, Harvard Unibertsitatean (AEB). Txerto edo tratamendu mediko eraginkorrak lortzen ez diren bitartean, pandemiaondoetan mugikortasuna murriztu eta pertsonen arteko distantzia fisikoa faboratu behar dela agerian uzten du ikerlan horrek. Eta egoera horrek, tamalez, hainbat urte iraun lezake.

Berri ona da egungo konfinamenduak eta distantzia fisikorako neurriek gaixotasunaren transmisioa gutxitu dutela. Oinarrizko ugalketa kopurua (R₀) 1 baino txikiagoa da, eta horrek adierazten digu epidemia apurka-apurka desagertzen ari dela. Hala ere, oraindik ez dakigu zein izan den gaixotasunaren benetako hedadura munduan. Pertsona askok infekzioa sintomarik gabe jasan dutela uste da, baina ez dago ziur jakiterik. Beste batzuek etxean igaro dute berrogeialdia, diagnostikorik egin ez zaiela.

Seroprebalentziari buruzko azterketek odolean koronabirusaren aurkako antigorputzik dagoen hautematen dute, eta informazio zehatzagoa emango digute COVID-19ak generoen, adinen, hirien eta eremu geografikoen arabera izan duen eraginari buruz. Gainera, funts-funtsezkoa da jakitea antigorputzak izatea COVID-19aren aurkako defentsak –immunitatea– garatu izanaren eta horien iraupenaren (oroimen immunitarioa) baliokidea ote den. Izan ere, horrela bakarrik aurreikus dezakegu gaixotasunaren bilakaera zein izango den eta nola eragingo duen gure bizitzan.

 

Oroimen immunitarioa existitzen al da?

Immunitatea indartsua eta iraunkorra bada (eta horrek ez dirudi oso probablea), agian inoiz ez dugu COVID-19aren beste epidemia edo izurriterik jasango, 2003an desagertutako SARSarekin gertatu zen bezala.

Immunitateak hilabete gutxi batzuk irauten badu, berriz, izurrite berriak pairatuko ditugu neguan urtero, baina seguruenik oraingoa baino askoz intentsitate txikiagokoak izango dira. Urtarokotasun hori dagoeneko ikusten da beste lau giza koronabirusekin: HCoV-229E, HCoV-HKU1, HCoV-NL63 edo HCoV-OC43). Urtero, neguan, hotzeriak, beherakoak eta, salbuespen gisa, pneumoniak eragiten dituzte, batez ere, haurren artean. Litekeena da immunitate gurutzatua izateak COVID-19aren larritasuna murriztea beste koronabirus batzuen infekzioak izan dituzten pertsonen kasuan.

Immunitate komunitarioa apur bat iraunkorragoa bada, litekeena da epidemia berriei maiztasun txikiagoz aurre egitea, adibidez, bi, bost edo hamar urtean behin. Aldizkakotasun horretan eragina izango du talde immunitatea egoteak, infekzio berrietarako suebaki gisa jardungo bailuke horrek. Ziurrenik, pertsonen % 70ek baino gehiagok infekzioa gainditu beharko zuketen gainerakoak babesteko.

 

Zer egin dezakegu tresna eraginkorrak garatzen diren bitartean?

Egungo egoeratik transmisio baxu eta onargarria izango lukeen pandemiaondoko egoera batera igarotzeko, OMEren arabera, gure diagnosi gaitasuna hobetu behar dugu gaixo berriak eta kutsatuta egon daitezkeen sintomarik gabeko kontaktuak 24 ordu baino gutxiagoan detektatzeko. Berragertze bat gertatuz gero, ezinbestekoa izango litzateke polimerasaren kate-erreakzioaren –PCRren– bidez RNA edo antigorputzak detektatzeko proba ugari egin ahal izatea. Gaixoei diagnostikoa emateko ez ezik, jarraipena egiteko ere bai.

Gainera, infekzioak dirauen bitartean, pazienteak etxean bertan edo behar bezala egokitutako lekuetan egon beharko lirateke, jarraipen telefoniko edo informatiko eraginkorra eginez (geolokalizazioa) eta bisita medikoen bidez. Profesional «arakatzaileen» edo «koronadetektibeen» kopurua ere handitu egin beharko genuke, infektatutako pertsonengandik haien kontaktuetara birusa transmititzen den modua trazatzeko eta infekzio berriak baztertzeko edo baieztatzeko beharrezkoak liratekeen datu guztiak biltze aldera. Gaixo larrienek ospitale tratamendua jaso dezakete, fase kritiko batean sartuz gero okerrera egin ez dezaten eta hil ez daitezen.

Egoera berri horretan, osasun arreta sendo eta eraginkorra eman beharko litzateke osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta ospitaleetan. Horrela bakarrik ahalko genuke minimizatu arriskua pertsona ahulenen artean. Hori lortzeko, lagin klinikoak hartzen, proba diagnostikoak egiten eta emaitza guztiak prozesatzen dituzten langileen kopurua handitu beharko litzateke.

Herritarren kontzientziazio solidario bat lagungarria izango litzateke gaixo guztiek horren berri emateko, ahalik eta lasterren artatuak izan daitezen.

 

Aldizkako konfinamenduak

Gobernuek erabakiko dute neurriak malgutu edo gogortu behar ote diren, epidemiaren bilakaeraren eta ospitaleetako gaixoen kopuruen arabera. Agian pertsona talde handien aldizkako konfinamenduak egongo dira noizean behin, koronabirusaren transmisioa atzeratze aldera. Kasu horretan, aurreikusitako konfinamenduari aurrea hartu beharko litzaioke, eta ospitale plaza erabilgarrien kopuru handiari eutsi, bai eta arreta behar duten pertsona guztiak artatzeko prest dauden ZIU eta osasun langileak izan ere.

Eztabaidaezina dirudi aldizkako konfinamendurako neurriek kostu pertsonal, sozial eta ekonomiko handiak dakartzatela, eta kostu horiek are larriagoak direla osasun arazoak dituzten pertsonentzat eta haurrentzat.

Gainera, ezin da herrialde baten jarduera eten hilabete askoan. Enpresak aktibo behar ditugu, elikagaiak, gailuak, produktuak, entretenimendua eta abar emateko. Gainera, ezin diogu beste pertsonekin harremanak izateari utzi, gustuak, kultura, ideiak eta sinesmenak partekatzeari. Bestalde, administrazio publikoak baliabide eta azpiegitura ugari kudeatu behar ditu. Eta saltoki ugariak eta bankuak irekita egon behar dira ezinbestean.

Hortik ondorioztatzen da eskualde edo herrialde osoen konfinamenduak aparteko neurriak izan beharko liratekeela, azken baliabide gisa soilik onargarriak, bestela langabezia masiboa izango bailitzateke, pobreziak gora egingo bailuke eta gizartearen nahigabea orokortu egingo bailitzateke.

Herrialde pobreenetan, litekeena da luzarora pertsona gehiago hiltzea konfinamenduaren erruz gaixotasunagatik baino. Batez ere, neurri horrek desnutrizioa eta/edo deshidratazioa eragiten dielako pertsona askori, janaria eta edateko ura eskuratzea zailtzen dielako. Halaber, haurren txertaketa programak etetean, gaur egun prebenitu daitezkeen gaixotasun infekzioso asko ugaritu egingo lirateke.

 

Gizarte kohesioa mugak itxi beharrean

Etorkizuna korapilatsua izango da, eta nazioarteko lankidetza eta elkartasuna beharko dira, mugak itxi ordez. Batez ere, gero eta hein handiagoan garelako elkarren mendeko, eta beharrezkoa delako ahalegin titanikoa (eta guztion artekoa) egitea gaixotasun hori kontrolatu eta prebenitzeko tresnak garatzeko.

Nazioarteko kohesio hori alde batera utzita, herrialde bakoitzak beharrezko azpiegiturak izan beharko ditu bere herritarren premiei erantzuteko eta funtsezko enpresen deslokalizazioa galarazteko.

Beste alderdi garrantzitsu bat zera da, behin aurkitu eta testatu ondoren, birusen aurkako txertoak eta farmakoak behar adina kantitate eta dosietan sortzea. Eta, jakina, modu bidezko eta zuzenean banatu daitezela lortzea.

Gaur egungo pandemia eta halako egoera larriak kudeatzea ez da erraza, baina gure agintariek konfiantza eta sinesgarritasuna sortu behar dute. Akatsak egin ditzakete, baina erabakiak hartzeko arrazoiak gardentasunez eta zorroztasunez azaldu behar dituzte. Erantzukizun hori ez betetzeak erakunde demokratikoenganako sinesgarritasuna ahultzen du, eta gero eta beharrezkoagoak dira horiek askatasun indibidual eta kolektiboei eusteko.

Guk, herritarrok, pertsona helduak garen aldetik, egoera berria ezagutu eta ulertzeko, horri buruz hausnartzeko eta hartara egokitzeko ardura dugu. Gizarte kohesioari hainbeste kalte egiten dioten konspirazio teoriak eta albiste faltsuak arbuiatu behar ditugu. Gure pentsamendu kritikoa gehiago garatu behar dugu, promesa faltsu sasizientifikoak saihesteko. Denok jakin behar dugu murrizketak bete behar direla, eta higienea eta prebentzioa, nola indibiduala hala soziala.

Oso lan gogorra egin beharko dugu. Baina guztion artean, beti modu solidarioan, etorkizun hobea eraiki dezakegu.

The Conversation