null

Juan Ignacio Pérez Iglesias

COVID-19: Damoklesen ezpata gainean du ikasturteak

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/07

Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bi aste falta dira ikasturtea hasteko eta ikasgeletarako itzulera ziurgabetasunez lepo dago. Gaixotasunak Prebenitu eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren arabera (aurrerantzean, ECDPC), Europan, COVID-19aren intzidentzia handiena duten eskualdeak Espainiako autonomia erkidego hauek dira: Aragoi, Errioxa, Euskadi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Nafarroa.

ECDPCren txostenaren arabera, 152,7 kasu metatu dira azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko Espainia bere osoan hartuta, baina aipatu erkidegoetan kopurua handiagoa da. Egoera horrek, jakina, zeharo kezkatuta dauzka familiak, irakasleen kidegoa eta hezkuntzako agintariak.

Autonomia erkidegoetako hezkuntzako agintariek ikasgeletara seguru itzultzeko gidak edo protokoloak egin dituzte, eta lasaitasun mezuak zabaldu dituzte behin eta berriz. Aipatu protokoloek, funtsean, Osasun eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministerioen gomendioak hartzen dituzte barnean, pasa den ekainean eman zirenak, eta beste herrialde batzuetan erabili direnen antzekoak dira.

Esaterako, hauek aipatzen dira: higienea, pertsonarteko distantzia zaintzea (eta ondorioz, edukiera murriztea), ordutegiak egokitzea, ikasgelak eta instalazioak aireztatzea, musukoa erabiltzea, bizikidetza azpitaldeak (burbuilak) sortzea, aire zabalean jardutea, zentroak garbitu eta desinfektatzea, etab. Ikastetxean kasuren bat agertzen denerako jardunbidea ere aipatzen da. Dena dela, neurri horiek beteko badira, ezinbestean behar dira baliabide gehiago, irakasle eta azpiegiturei dagokienez.

Balizko egoera sorta bat kontuan hartu bada ere, proposatu diren neurriak pandemiaren hedapena kontrolpean dagoenean aplikatzeko pentsatuta daude.

Alabaina, ECDPCren datuek agerian uzten dutenez, Espainian, batik bat aipatu autonomia erkidegoetan, koronabirusa ekaina amaieran (ministerioen agiria argitaratu zenean) baino hedatuago dago. Ziur aski, horregatik ez da kontuan hartu COVID-19aren intzidentzia portaera arauak finkatzeko garaian, intzidentzia zein, arau batzuk edo besteak ezartzeko. (Ikus galeria, 1. argazkia)

Azken bi astetan jakinarazitako COVID-19 kasuak 100.000 biztanleko. Abuztuaren 20an eguneratua. European Centre for Disease Prevention and Control

Zientziako, ekonomiako eta bestelako komunikabideak, oro har, ikasgeletarako itzulera ahalik eta presentzialena izatearen alde daude, baina han-hemen ikasturtea hasi ahala, gero eta aldagai garrantzitsuagoa ari da bihurtzen birusak populazioan zenbateko hedapena duen.

Aste honetan bertan, Nature aldizkariak horretan egiten zuen azpimarra, zioenez, pandemiaren hedapen komunitarioa txikia bada soilik izango baita segurua ikastetxeen irekiera. Horrenbestez, zehaztapena egin behar da, zer den hedapen txikia, eta zer handia.

Harvard Unibertsitateko (AEB) Harvard Global Health Institute eta Edmond J. Safra Center for Ethics erakundeek Estatu Batuetako konderriak COVID-19aren intzidentziaren arabera sailkatzeko proposamena egin zuten uztailean, beste irizpide gehigarri batzuk ere baliatuta. (ikus galeria, 2. argazkia)

Harvard Unibertsitatearen agiri orientatzaile horretan, pandemia aldian hezkuntza maila guztien jarduna zer-nolakoa izan behar den zehazten da, presentziala edo etxetikoa, kutsatzeen intzidentzia maila desberdinak kontuan hartuta, eta agintariek egoera egoki kudeatzeko hartu behar dituzten neurriak zerrendatzen dira. Harvard’s Edmond J. Safra Center and the Harvard Global Health Institute.

Sailkapen horretan lau maila bereizi dira: berdea, horia, laranja eta gorria, arrisku txikienekotik handienekora. Halaber, maila bakoitzean jarduera sorta bat proposatu dute. Bada, maila gorria 100.000 biztanleko egunean 25 kasu baino gehiagoko intzidentzia izateari dagokio, eta egoera horretan etxetiko ikaskuntza eta ikasle nahiz irakasleak etxetik jardutea proposatzen da. Esan ditugun autonomia erkidego horietan gainditu egin da zifra hori pasa den astean.

Ziur aski, beste prozedura batzuk diseinatu ahal dira, arrisku handieneko baldintzak zein liratekeen jakiteko. Jakina, herrialde bakoitzak kutsatze berriak hautematen egindako ahalegina gorabehera, baremo bat edo bestea erabili ahalko da: hori bai, adierazle objektibo eta gardenak erabili behar dira arrisku mailak finkatzeko eta eskolatze estrategia mailon arabera erabakitzeko. Horrela jardun behar da irakasleek eta familiek konfiantza izan dezaten ikastetxeek irakaskuntza eta ikaskuntza ahalik eta baldintza onenetan egiteko behar diren bermeak egiaz eskaintzen dituztela.

Irakasle zaurgarriak

Amaitzeko, bi ohar. Lehena, langile zaurgarriei buruzkoa. Irakasle urtetsuak ditugunez, eta osasun arazoak izaten direnez maiz, SARS-CoV-2arekiko esposizioarengatiko lan arriskuak prebenitzeko, berrikusi egin behar lirateke Osasun Ministerioak proposatutako neurriak. Azken batean, adin txikiko haurrekin gela batean egonda askoz ere handiagoa da balizko kutsatzailearekiko esposizioa, esaterako, saltokietan baino, azken horietan edukiera mugatuta baitago. Ez dirudi zentzuzkoa denik irakasle batek ikasgelan duen arriskua eta pertsona sintomadunekin lan ez egiteari loturiko arrisku komunitarioa alderatzea.

Test gehiago eta kontaktuen jarraipen handiago

Bigarren oharra PCR probak eta kontaktuen jarraipena egiteko eta horiek isolatzeko egiturak indartzearen premiazkotasunari buruzkoa da. Egitura hori zenbat eta ahaltsuagoa izan, orduan eta aukera gehiago dago pandemiaren hedapena kontrolpean eduki eta ikastetxeetan funtzionamendu normala edo ia normala ahalbidetzeko. Izan ere, ikastetxeak funtsezkoak dira gizarte ehunean, harreman sare desberdinek topo egiten duten nodoak baitira; beraz, ikasleak diagnostiko programa masiboen itu nagusia izan behar lirateke.

Datorren asteak erabakigarriak izango dira. Damoklesen ezpata –COVID-19aren hazkunde bizkorra– du gainean 2020-2021 ikasturteak. Agintariek hainbat neurri dauzkate eskura (mikrokonfinamenduak, mugikortasun debekuak, etab.) hedapena gerarazteko, are murrizteko ere. Funtsezkoa da, hortaz, ahalik eta proba diagnostiko gehien egitea, eta esparru egokietan. Agintariek irmo eta zalantzarik gabe jardutea behar da, eta baliabide gehiago bideratzea. Horrela ez bada, ezpata jausi eta belaunaldi oso baten prestakuntza larri kaltetuta geratuko da. Eta ezin dezakegu inola ere onartu.