null

Adela Mesa Del Olmo

COVID-19ak herritar digital bihurtzen al gaitu?

Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasle titularra, Administrazio eta Kudeaketa Publikoko espezialitatean

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/17

Adela Mesa. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19aren pandemia deklaratu zenez geroztik hona gure bizimodua izugarri aldatu da mundu osoan, eta bereziki, Espainian. Horren erakusgarri da, adibidez, telelanak izandako gorakada (Espainian, landunen % 4,8 aritzen zen telelanean 2019an, eta pandemiak eragindako itxialdian, berriz, ehuneko hori % 34ra igo zen).

Hezkuntza sektore ia osoa ikasgelatik kanpo aritu da, baliabide telematikoak erabilita.

Merkataritza elektronikoa, bestalde, % 50 igo da Espainian, pandemiaren aurreko datuekin alderatuta.

Laburbilduz, orain dela ez hainbeste denbora mesfidantzaz eta sinesgogortasunez ikusten ziren metodo batzuk –telelana, online hezkuntza, etab.– lasterragotu egin ditu pandemiak. Dagoeneko herritar digitalez osatutako gizarte digital batean gaudelako irudia islatzen du egoera horrek.

«Herritartasun» kontzeptua

Thomas Humphrey Marshallek 1950ean Citizenship and Social Class argitaratu zuenetik, «herritartasun» kontzeptuaren hiru alderdi identifikatu dira soziologikoki:

  • Herritartasun zibikoa. Norbanakoaren askatasunerako, kultu-askatasunerako, jabetza pribaturako eta justiziarako eskubidea barne hartzen ditu, besteak beste.
  • Herritartasun soziala. Gutxieneko ongizate ekonomikoa, segurtasuna, hezkuntza eta abar izateko eskubidea.
  • Herritartasun politikoa. Boterean parte hartzeko eta ordezkaritza demokratikoko sistema batean jendea hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea biltzen du.

Azkeneko esanahi hori azpimarratzen du, hain zuzen ere, Euskaltzaindiak, «herritar» hitzaren definizioan: «Herri edo estatu bateko biztanle edo kidea, bereziki betebeharrak eta eskubideak dituen gizabanakotzat hartua».

Herritartasunaren hiru alderdi horietako bakoitzak (zibikoa, soziala eta politikoa) gizakiaren bizitzaren eremu desberdin bat hartzen du. Ikus, gainera, «zerbaitetarako eskubide» gisa definitzen direla. Horrek esan nahi du galdagarriak direla, eta norbaitek –agintari publikoek– erantzun egin beharko duela, baldin eta eskubide horiek ematen ez badira, gutxieneko baldintza batzuetan behintzat, sistema demokratiko baten barruan.

Marshallek hiru aurpegiko «herritartasun»aren kontzeptu hori definitu zueneko gizarte hura –XX. mendearen erdialdekoa– ez dator bat 2020 honetan bizi dugun gizarte teknologizatu konplexuarekin.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak agertu dira eta gure bizitzako arlo guztietara zabaldu dira; ondorioz, berrikusi egin behar dugu oinarri-oinarrizko kontzeptu hori, hots, herritartasuna.

Interneten zabalkundeak eragin handia du, orain dela 20 urtetik gora, arestian aipatutako hiru alderdietan. Orain, herritartasun digitalaz hitz egingo genuke, herritartasunaren alderdi tradizionalez gain, erabilera teknologikoaren osagaia ere biltzen duena eta gaur egungo gizarte digitalaren testuinguruan kokatzen dituena alderdi tradizional horiek.

Zer dakar herritartasun digitalak berekin?

Herritartasun digitalari buruzko erreferentzia gehienen arabera, gaur egun Internet ondasun globala edo ondasun komuna da. Guztiona, hain zuzen. Beraz, herritartasun digitala definitzeak esan nahi du inor ez dela atzean utzi behar. Laburbilduz, esan nahi du herritarrek aukera izan behar dutela arestian aipatutako eskubideak baliatzeko kanal berrien bidez, kontuan izanik kanal berri horiek berehalakoak direla eta ekintza telematikoen bitartez gauzatzen direla.

Baina pertsona guztiek ezin dituzte berdin eskuratu eta baliatu erreminta berri horiek. Arrakala digital deritzo horri, digitalizatuta dauden pertsonak eta digitalizatuta ez daudenak bereizten dituen haustura, hain zuzen ere.

Faktore batzuek eragina dute arrakala digitalean eta pertsonen digitalizazio-maila definitzen dute. Horien artean garrantzitsuak dira hezkuntza, adina eta baliabide ekonomikoak.

Arrakala digitalaren bilakaera behatzeko, Interneteko sarbidea duten biztanleen zifretara jo ohi da. EUROSTAT agentziaren datuen arabera, Espainiako etxeen % 91k sareko konexioa zuen 2019an. Zifra oso altua da, batez ere kontuan hartuta 2010ean etxeen % 58 baino ez zeudela kategoria horretan. Igoera ia % 100ekoa izan da denbora-tarte horretan. Horrek esan nahi du biztanleriaren zati handi batek Internet erabiltzen duela. Herritar digitalak direla esan nahi al du horrek?

Trebetasun digital orokorrak?

Gizartean herritartasun digitala dagoeneko ezarria dagoela esaten badugu, ondoriozta genezake pertsona gehienak –Internetera konektatzen garenok behintzat– eroso eta seguru mugitzen garela Sarearen bidez hainbat eremutan: lana, hezkuntza, aisialdia, agintari publikoekiko harremanak (e-gobernua), etab. Baina hori ez da egia.

Sareko sarbidea izateak, izan ere, ez du esan nahi hura ondo erabiltzen dakigunik. 2019an Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) emandako datuen arabera, ikerlana egin aurreko hiru hilabeteetan erregistratutako Interneteko erabiltzaileen % 39,8k baino ez zituzten trebetasun aurreratuak.

Arlo horretan, Europar Batasunak DigComp (Digital Competence Framework) programa du; 2013az geroztik hona, herritarren artean digitalizazioa zabaltzeko ekintzak egiten dira programa horren bidez. Gaitasun digitalen bost multzo ditu ardatz:

  1. Informazio eta alfabetatze digitala.
  2. Komunikazioa eta lankidetza informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidez.
  3. Eduki digitalak sortzea.
  4. Segurtasuna.
  5. Arazoak konpontzea.

Programak zeregin konplexuen ikaskuntza eta autonomia neurtzen ditu eta, maila altuenean, teknologien menderatze kognitiboa. Halako ekimenen helburua zera izan ohi da, herritarren artean alfabetatze digital altua lortzea, egungo eta etorkizuneko ingurune digitalean erraztasun, konfiantza eta segurtasunez mugitzeko ahalmena eskuratze aldera.

Herritartasun digitalaren arriskuak eta onurak

Herritartasun digitalari askotariko balioak egotzi ohi zaizkio, hala nola demokrazia, segurtasuna, gardentasuna, etika, legezkotasuna eta inklusioa. Hori, besteak beste, Internetek gizarterako globalki onuragarri izateko duen ahalmenean funtsatuta dago.

Herritartasun digitalaren arriskuek, bestalde, gizarte digitaletik kanpo gera daitezkeen kolektiboetan dute eragina batez ere (baztertu digitalak). Horren adibide bat ekonomia digitala dugu, diru fisikorik gabeko ordainketak sustatzen baitira (cashless). Aldaketa hori behar bezala planteatzen ez bada, kaltegarria izan daiteke klase behartsuenentzat.

Arriskuek zibersegurtasunarekin eta datuak babestearekin ere badute lotura; Europako esparruan oso gai delikatutzat jotzen da arazo hori.

Egon daitezkeen desabantailez harago, badirudi onurak agerikoak direla: errazagoa da ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea eta, azken batean, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dira gizarte digital berriaren barruan.

Espainian, gaur egun, Eskubide Digitalen Gutun bat lantzen ari dira, kolektibo ahulenak eta, oro har, herritarrak babesteko eta eskubide digitalak garatzeko, hala nola datuak babesteko eskubidea, lan-esparruko eskubide digitalak eta adingabeen babesaren arloko eskubideak.

Eta etorkizuneko herritartasun digitala?

Eraldaketa teknologikoak oso bizkor gertatzen dira. Urte batzuetan, garai batean pentsaezinak irudituko zitzaizkigun berrikuntzak ikusiko ditugu arlo horretan.

Aurrerapen teknologiko batzuek –esate baterako, gauzen Internetek, robotizazioak eta adimen artifizialak– «herritartasun digital» kontzeptua berriro definitu beharra ekarriko dute. Funtsezko arazoa jada ez da izango pertsonak tresna teknologikoen erabilera konplexua eskuratzeko gai ote diren; eztabaidak beste jomuga batzuk izango ditu.

Beharbada, arretagunea gizakien gaitasun digitalean egotetik makinekin ulertzeko dugun gaitasuna handiagotzera aldatuko gara, makinak arduratuko baitira zeregin gehientsuenez. Makinen eta gizakien arteko harreman hori zehazteko moduaren araberakoa izango da gure etorkizuna.

 

The Conversation