Kultura martxan, Marina Garcés filosofoarekin eta Pablo La Parra ikertzailearekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/16

Pablo La Parra, Marina Garces eta Antonio Casado. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Carlos Santamaría zentroko Txillardegi aretoan 2019an argitaratutako bi liburu aurkeztu dira, Cultura dual eta Humanidades en acción. Editoreek, Marina Garcések (Universitat Oberta de Catalunya-UOC) eta Antonio Casadok (UPV/EHU), bi argitalpen kolektibo horietan agertzen diren gai batzuei buruz eztabaidatu dute, Elías Querejeta Zine Eskolako ikerketa-koordinatzaile Pablo La Parraren laguntzaz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu baten esparruan, Cultura dual lanak unibertsitatearen eta gizartearen arteko elkarrekintzaren ondorioz sortzen ari diren arrisku, aukera eta identitate berrien diagnostiko bat egiten du, lan eta kultur munduko prestakuntza praktikoko esperientzietan arreta berezia jarriz. Liburu honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko kideen presentzia nabarmena dago: Maitane Arnoso, Izaro Basurko, Marta García, Olaia Miranda, Elizabeth Pérez, Ekai Txapartegi eta Jon Umerezek parte hartu dute.

Bestetik, Humanidades en acción liburuan, Aula obertako lehenengo hogei parte-hartzeak jasotzen dira. Bartzelonako Institut d’Humanitats erakundeak sortu zuen gune hori 2016an eta, bertan, hainbat pertsonak, aurretiko eredurik gabe, martxan dauden ibilbideei buruzko lekukotza bereziak ematen dituzte, pentsamendu eta ekintza programa bat modu pluralean zirriborratzeko: “Ikasgelako partaide gehienen jarduerari zentzua ematen dioten sorkuntza, kultura eta politika arloko praktikak askotariko munduen eta lengoaien arteko bidegurutzean daude eta prekarietateak nabarmendu baino egiten ez dituen hainbat roletan gauzatzen dira.”

Marina Garcésen ustez, “kultura, humanitateak eta arteak, baita zientziak ere, desparekotasunak handitzen direnean goi-mailako klaseek bereganatzen dituzten pribilegioen parte dira berriz ere. Ezin dugu munduko aberatsak bereizteko elementu izan. Kultura, bere dimentsio guztietan, guztientzako emantzipazio tresna izan dadin borrokan jarraitu behar dugu.” Horretarako, ez da nahikoa humanitateekiko jarrera nostalgiko edo defentsiboa izatea, ezta hiperkritika distopikoa ere, izan ere, kultur ikasketek jakintzaren eta boterearen arteko harremanak ezagutzen erakutsi digute, baina Garcésen iritziz, “jakintzaren eta emantzipazioaren arteko harremanak praktikatzea ahaztu zaigu eta hori, ezinbestean, gure garaiko baldintza sozial, teknologiko, politiko eta kulturalen esparruan egitea.”

Kultura, bere dimentsio guztietan, guztientzako emantzipazio tresna izan dadin borrokan jarraitu behar dugu.

Testuinguru horretan, Pablo La Parraren kezka honako hau da: “Nola sozializatu dezakegun jakintzaren ekoizpena, ikerketa lana ireki, praktika sozial zehatzetan gauzatu eta ezusteko begirada eta metodologien aurrean jarri. Azken finean, lan akademikoaren ikuspegi jakin batek askotan sustatzen dituen automatismo autoerreferentzialetatik atera.” Elías Querejeta Zine Eskola, neurri batean, zine eskola duala da eta berriki Euskal Herriko Unibertsitatera atxiki izanak euskal kultur panoramako funtsezko eragile bihurtu du. Ildo horretan, Antonio Casadok eta Natxo Rodriguezek, UPV/EHUko Gizarte Ekintzako zuzendariak, esan dutenez, “Unibertsitateak ezin du bere kultur dimentsioari buruzko eztabaida gehiago atzeratu, ezta bere plan estrategikoak sortzerakoan eta gauzatzerakoan alde batera utzi ere. Dualtasunaren bertuteetako bat kultura, ezinbestean, bere baldintza materialetara hurbiltzea da: nahiz eta kultura giza harremanez osatuta egon, horiek ez dira sortzen euskarri ekonomiko eta teknologikorik gabe, ez dago kulturarik azpiegituren, langileen, ekipamenduaren, aurrekontu partiden eta abarren kultura material hori gabe. Gure ustez, unibertsitateak, bere ingurunean eragina daukan kultur eragile bat izan nahi badu, estrategia dual horretan kritikoki sakontzeko tresnez hornitu behar du, prestakuntza ikasgelatik kanpora atera eta profesional, kudeatzaile eta ekintzaileen sareetan sartu modu erreflexiboan, horiek elikatzeko eta elikadura iturri gisa erabiltzeko; bestela, bere beharrezko hedapen funtzioa azkenean hutsala edo apaingarri hutsa bihur daiteke, bigarren mailako kultur programatzaile izatera mugatua, arteak eta humanitateak arriskuan jartzen dituen testuinguru sozial aldakorrean.”