euskaraespañol

Errektorego Taldearen adierazpena martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/05

Hamarkadetan zehar, anitz eta esanguratsuak izan dira mugimendu feministak emakumeen eskubideen aitorpenean egindako aurrerapenak. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Egun izendatzea ere aurrerapauso bat gehiago izan zen bide malkar horretan.

Hala ere, asko dago oraindik egiteko. Horregatik, aurtengoa bezalako baldintza berezietan egin diren deialdiak bereziki garrantzitsuak dira eta nabarmendu egiten dute behar-beharrezkoa den aldarrikapena, emakumeek lan baldintza hobeak izan ditzaten, soldata arraila eta kristalezko sabaia desager daitezen, etxean ardura partekatua sustatu dadin eta indarkeria matxista errotik ezabatu dadin.

UPV/EHUko errektorego taldeak adierazi nahi du guztiz bat datorrela egun horretako aldarrikapenekin eta publikoki agertu nahi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiketan aurrera egiteko duen konpromiso sendoa.

 

Leioa, 2018ko martxoaren 5a