euskaraespañol

Hamar urte Gerra Zibileko eta diktadurako gorpuzkien identifikazio genetikoak egiten

Gerra Zibilean eta diktaduran desagertutakoak identifikatzeko analisi genetikoak optimizatzen dihardu UPV/EHUko BIOMICs taldeak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/03

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Tamara Kleinbielen, Eva Granizo, Miriam Baeta, Caterina Raffone eta Marian Martínez de Pancorbo. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko BIOMICs ikerketa-taldeko ikertzaileek argitara eman dute zer analisi-prozedura erabili dituzten Gerra Zibileko eta diktadurako hainbat hobitatik ateratako 525 giza gorpuzkiren identifikazio genetikoa egiteko. Taldea etengabe ari da optimizatzen senideekin alderatuz gorpuzkiak identifikatzeko teknikak. Hamar urteko ibilbidean, 137 gorpuzki identifikatzea lortu du ikerketa-taldeak, eta beste 297ren profil genetikoa osatu.

Kalkulatzen da Gerra Zibilean eta haren osteko diktaduran 114.000 lagun inguru desagertu zirela Espainia osoan. Zoritxarrez, 80 urte igaro arren, ezin izan da biktima horien guztien ehuneko txiki bat baizik berreskuratu edo identifikatu: azken hamabost urteotan, 9.000 bat biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira 700 bat hobi komunetik (2.000 inguru daudela kalkulatzen da). Urte asko igaro direnez, eta horren ondorioz laginak oso hondatuta daudenez, ohiko metodoak ez dira nahikoa diskriminatzaileak pertsona ezezagun horien guztien gorpuzkiak identifikatzeko. Analisi genetikoak tresna eraginkorra dira biktimak identifikatzeko.

UPV/EHUko BIOMICs ikerketa-taldeak hamar urte daramatza desagertutako pertsonak identifikatu nahian; horretarako, Gerra Zibileko eta haren osteko diktadurako hobietatik ateratako hezur- eta hortz-laginen azterketa genetikoa egiten du, eta senideen DNArekin alderatzen. “Desobiratutako gorpuzkien DNA lortu ondoren, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertzen ditugu, aztertu nahi dugun senidetasun-motaren arabera”, azaldu du Miriam Baeta doktoreak, zeina BIOMICs ikerketa-taldeko ikertzaile baita, UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailekoa.

Azterketa genetikoen helburua da gorpuzkien profila osatzea, behar besteko informazio lortzea senideen profilekin edo desagertutakoen senideen DNA bankuko datu-basearekin alderatzeko, edo, bestela, datu-basean gordetzeko, etorkizunean lor daitezkeen beste senide batzuen profilekin bat egin dezakeelakoan. Kasu guztiak dira desberdinak; “adibidez, aitagandiko bidetik aztertu nahi badugu, Y kromosoma aztertzen dugu; amagandiko bidetik, ordea, DNA mitokondriala aztertu behar dugu”, azaldu du Baetak.

 

Geroz eta markatzaile txikiagoak azter daitezke

Ikertzaileak adierazi du identifikazio-lana konplexua dela; “izan ere, hil osteko DNAz ari gara; askotan oso degradatua iristen zaigu eta ez dugu lortzen haren profil genetiko osoa. Zenbat eta markatzaile gehiago aztertu, orduan eta errazagoa da identifikatzea edo bateragarritasuna frogatzea. Horrez gainera, askotan ez dugu izaten alderaketak egiteko senide egokirik, senide nahikoa hurbilak dagoeneko hilda daudelako edo lortzen ditugun markatzaileak ezin direlako alderatu senideen DNA-laginekin”, erantsi du ikertzaileak. Miriam Baetak garrantzi handia ematen dio senideen DNA-bankuari, “etorkizuneko desobiratzeetan konparazio gehiago egin ahal izateko”.

Halaber, Baeta baikor azaldu da: “Teknologien aurrerapenari esker, gero eta markatzaile txikiagoak azter ditzakegu; probabilitatea handiagoa da markatzaile txiki horien analisiak arrakastaz egiteko, txikiagoak izanik degradazioa saihestu baitezakete”. Ikerketa-taldeak hamar urte daramatza lanean arlo horretan, eta aurrerapen ugari egin dituzte identifikazio-sistema optimizatzen: “Besteak beste, DNA erauzteko sistemak optimizatu ditugu, baita prozesuko beste zenbait urrats ere, profil informaziodunak lortzeko helburuarekin. Atal guztiak hobetzen saiatzen gara beti”, dio. Zehazki, taldeak proposatu duen azken aurrerapenak “DNA mitokondrial txikiagoen zatiak aztertzeko aukera ematen du. Teknika horrek lehen baheketa bat egiteko aukera ematen digu, kostuari dagokionez modu eraginkor batean baztertzeko amagandik izan daitezkeen erlazioak; hau da, errazago bazter dezakegu amagandiko senidetasuna: lehen fase horretan kointzidentzia badago bakarrik aplikatu beharko lirateke gero DNA mitokondriala analizatzeko erabili ohi diren metodologiak”.

Taldeko ikertzaileek artikulu bat argitaratu berri dute, ezagutzera ematen duena zer ikasi duten hamar urteko ibilbide horretan. Zehazki, 525 giza gorpuzki identifikatzeko erabilitako teknikak eta prozedurak azaltzen dituzte. Identifikazio hori egiteko, aldi berean, 879 senideren listu-laginak hartu zituzten, eta, hala, desagertutako 137 pertsona identifikatzea lortu zuten. Guztira, ez zuten lortu aztertutako laginen % 17ren informazio-profilik, laginek DNA gutxi edo degradatua baitzuten; baina beste 297 giza gorpuzkiren informazio-profilak lortu zituzten, nahiz eta, hala ere, identifikatu gabe geratu. “Oro har, hezur-hondar gehienen profilak lortzen ditugu, baina ez dugu konparazioak egiteko senide egokirik ”, adierazi du doktoreak.

Ikertzaileak dionez, “oso pozgarria da gorpuzki bat identifikatzea, bai emaitzarengatik beragatik, bai eta identifikazioaren atzean dagoen lan konplexuak emaitza eman duelako ere. Azken batean, ahalegin kolektiboa da hau, bai gurea eta bai Aranzadi Zientzia Elkartearena, Gogora Institutuarena eta Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen elkarteena eta desagertutako pertsonen senideena”.

 

Informazio osagarria

UPV/EHUko katedradun Marian Martínez de Pancorbo da BIOMICs ikerketa-taldearen buru, zeina biozientzietan eta mikroteknologietan ikertzen duen diziplina anitzeko taldea baita. Taldeak dituen ikerketa-ildo askotako batek arkeogenetika du ardatz: besteak beste, giza gorpuzkien DNA aztertzen dute, memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko helburuarekin. Horrenbestez, BIOMICs-ek lankidetza estua du Aranzadi Zientzia Elkartearekin, zeinak gorpuzkiak hobietatik ateratzeaz gainera aztertu ere egiten baititu ikuspegi antropologikotik (oinarrizko datu biologikoak, hala nola sexua, hildakoan zuten adina, heriotzaren kausa posiblea, etab.). Gainera, Eusko Jaurlaritzako Gogora ­̶ Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Balear Uharteetako Gobernuak egiten duten lana goraipatu dituzte, baita Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen elkarteen eta desagertutakoen senide-elkarteen lana ere.

Erreferentzia bibliografikoa