euskaraespañol

Donostia, Le Petit Paris

Frantziarren komunitateak eragin handia izan zuen Gipuzkoako hiriburuan eta ekarpen zuzen eta zeharkakoa egin zuen hiria modernizatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/09

Berta Echeberria Arquero
Berta Echeberria Arquero. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Berta Echebarriaren ikerketak azpimarra egiten du frantses izaerak eta frantziarrek Donostian XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehen hamarkadetan izandako modernizazio prozesuan izan zuten eraginean. Eragin horren isla da hirian frantziarren presentzia handia izatea –modu aktiboan parte hartu zuten bizi ekonomiko eta sozialean–. Hiriko hirigintza garapenaren alderdi askotan ere sumatzen da, maiz Frantzia ispilutzat hartu baitzuen, modernotasun desiratua erdiesteko behar zituen aurrerapen teknikoen bila.

Berta Echeberria Arqueroren doktorego tesiak, «Le Petit Paris. Presencia e influencia francesa en la configuración del San Sebastián moderno (1864-1920)», aztergai hartu ditu frantziarren presentzia eta frantses izaerak Gipuzkoako hiriburuaren modernizazio prozesuan izandako eragina. Harresia 1864. urtean eraitsi ondoren, hiria bere historiako aldirik distiratsuenetako batean murgildu zen. Oparotasun giro hark atzerritar asko erakarri zituen, tartean, frantziar askotxo, eta horrek eragin zuzena izan zuen egungo Donostia eratzeko. 1920ko hamarkadan, hiria modernizatzeko proiektu gehientsuenak jada gauzatuta, komunitate frantziarra urritu egin zen, haren eragina ere txikiagotuta. Eragin horren emaitza hiriaren eta Frantziako hiriburu eta bainuetxe hiri zenbaiten (Biarritz, Niza edo Montecarlo) arteko antza estetikoan, arkitektonikoan eta urbanoan datza.

«Iturri izendunak aztertuta (erroldak eta kontsulatuetako immatrikulazio erregistroak), jakin ahal izan dugu zer-nolakoa zen komunitate frantziar-donostiarra hiria modernizatu zen aldian. Komunitate gazte samarra zen, nabarmen femeninoa; ugari ziren emakumezko ezkongaiak, eta bazekiten irakurtzen eta idazten. Sorburu aniztasun handiko komunitatea zen, eta hiriko inguru eta auzo guztietan kokatu zen, Donostiako ekonomia berrian modu aktiboan parte hartuta», azaldu du ikerlariak.

Donostiako komunitate frantziarrak kolonia baten eran funtzionatu zuen, hala egituratuta, sorterriko hiru ardatz nagusien inguruan: hezkuntza (eskola frantsesak), hizkuntza (Alliance Française), ekonomia (merkataritza ganbera), gizartea (Donostiako Ongintzako Elkarte Frantziarra) eta politika (Frantziako kontsulatua). Kolonia frantziarraren kideek zuzenean edo zeharka parte hartu zuten Frantziako sistema soziopolitikoa eta ekonomikoa tokiko eskalan kopiatu zuen zerbitzu sarearen eraketan, mantenuan eta hedapenean. Egitasmo guztiek bi helburu zituzten: koloniako frantziarrak «attachés à leur patrie» edukitzea eta donostiarrengan eragitea.

«Frantziako inbertitzaileek, sozietateek eta langileek parte hartze oso handia izan zuten Donostiako ekonomian, eta funtsezkoa, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran hiriaren garapena bultzatu zuten sektoreetan», dio Berta Echeberriak. Donostiako burgesiak, Frantziako enpresaburuekin elkarlanean, hiri berri bat eratu zuten, hirugarren sektorea ekonomiako elementu aipagarriena bihurtu zena. «Garraioari, ostalaritzari, banku entitateei eta turismoari loturiko finantza jardueretara bideratu ziren inbertsio gehienak. Manufaktura enpresek eta merkataritza jarduerek ere Frantziako kapitala nabarmen erakarri zuten; izan ere, Donostia ez zen zerbitzu hiri soila, industriak presentzia handia zuen hirigunea baizik».

 

Zerga abantailak

Kontzertu ekonomikoak zerga abantaila handiak eman zizkien inbertitzaile frantziarrei, eta, hala, euren egoitzak Donostian kokatu zituzten; hiria eraberritze betean zegoen murgilduta, eta inbertitzeko leku erakargarria zen. Izan ere, modernizatzeko, kapital inbertsio handiak behar ziren, enpresak zein eskulan espezializatua behar ziren, eta frantziarrek bazuten horietatik.

Alabaina, 1920tik aurrera, egoera zeharo aldatu zen. Ordura arte errentagarria zirudiena porroterako bide bihurtu zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Frantziako sozietateen eta enpresen zerga araudia gogortu egin zen; zerga berriak eta tasa handiak finkatu zituen Espainiako gobernuak. Hala, 1925ean, enpresa berririk apenas erregistratu zen, eta Donostian eratutako gehienak desagertu egin ziren, gobernu ultraprotekzionistaren politikatik eratorritako zerga eta muga-zerga berriei aurre egin ezinik. Gainera, hiriburua erabat modernizatuta zegoen jada. Hala, Frantziako sozietateek diru sarreren iturri garrantzitsu bat galdu zutenez, beste leku batzuetara bideratu zituzten inbertsioak.

 

Arkitektura eta urbanismoa

Frantziako ereduak XIX. mendeko bigarren erdiko eta XX. mendeko lehen bi hamarkadetako Donostia hartan izan zuen eragin sakona arkitekturan eta hirigintza garapenean ere sumatzen da. Batetik, kostako hiriek, batik bat Biarritzek, eragin handia izan zuten nortasun berriaren eraketan. «Donostia bainuetxe hiri bihurtu zen, eta hirigunea berrantolatu egin zen, aisialdia eredu biarriztarraren arabera berregituratuta; ez dira gutxi bien arteko antzekotasunak». Hala, hiriak, Biarritzek bezala, Ingalaterrako kostako hiriak eredutzat hartuta kirol berrien praktika bultzatu zuen, eta horietarako guneak sortu zituen. Ingalaterrako kluben antzeko bilgune garrantzitsu bihurtu ziren. «Donostia elite batentzako bainuetxe hiri bihurtzeko, luxuzko hotelen sare handi bat sortu zen, eta aisialdi gune modernoak eraiki ziren (kasinoa, antzokiak, etab.), Frantziako villes balneaires-en antzera», dio Echeberriak.

Frantziakoen moduko teknikak, zerbitzuak eta ordenantzak aztertu eta ezarrita, Donostia Espainiako hiri modernoenetako bat bihurtu zen. Esaterako, hiria aitzindaria izan zen argiteriaren eta tranbiaren elektrifikazioan. Uraren, gasaren eta hondakinen kudeaketa, eroapen eta hornidura sistema ere bizkor eta nabarmen garatu zuen, Espainiako hirien buruan jartzeko higienean. Gainera, telefono zerbitzuaren harpidedunen eta matrikulatutako automobilen kopuruak izugarri handiak ziren, Madrilekoak eta Bartzelonakoak baino nabarmen handiagoak. Donostia, beraz, Espainiako hiri modernoenetako bat izan zen, eta horrek interesa piztu zuen Espainian eta beste herrialde batzuetan, hiria modernotasunaren ikur bihurtuta.

«Udal agintariek eta arkitektoek hiri ordenatu, turistiko eta dotore bat eraiki zuten, eskala txikian kopiatuta munduan zenik eta hiririk modernoena: Paris. Eraikin, jauregi, zubi, lorategi eta arkitektura ekipamendu donostiar askok dakartzate gogora Frantzian daudenak, izan erabilitako materialengatik (burdina, arbela), izan arte estiloarengatik (batik bat eklektizismo frantziarra)», ondorioztatu du ikerlariak.