euskaraespañol

UPV/EHUko bi ikertzaile Antartikako XXXV. Kanpainan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/03

Irudia
Bez-Ekofisko taldeko ikertzaileak Antartikan. Argazkia: UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Bez-Ekofisko taldeko ikertzaile José Ignacio García Plazaola eta Irati Arzacek parte hartuko dute Antartikako Espainiaren XXXV. Kanpainan, Livingston uharteko Juan Carlos I.a basean, 'EREMITA-Estres anizkoitzarekiko tolerantziaren eboluzio-erroak landareetan' izeneko proiektuaren barruan. Hango egonaldia otsailean eta martxoan izango da.

Kanpaina horretan, ikertzaile taldeak ingurumen-estresekiko tolerantzia aztertuko du Antartikako itsasoko landaredian. Zehazki, ekosistema horretan bizi diren organismo fotosintetikoen taldeek lehorketa biziei, zero azpiko tenperaturei eta erradiazio ultramoreari aurre egiteko zer-nolako gaitasuna duten ebaluatuko dute.

Duela 500 milioi urte inguru hasi zen ingurune lurtarraren kolonizazioa (ordura arte Lurreko bizia urtarra baino ez zen izan). Testuinguru horretan, lehen landareek erronka berriak zekartzan aurkako ingurune bati aurre egin behar izan zioten uretatik kanpo: oszilazio termiko handiak, eguzki erradiazioaren dosi handiekiko esposizioa eta lehortzeko etengabeko arriskua, besteak beste. Landareek ezin diete ihes egin, animaliek egiten duten bezala, ingurumeneko arazo horiei (“estresak” esaten zaie teknikoki) eta “tolerantzia” estrategiak garatu behar izan dituzte. Baina estresarekiko tolerantzia mekanismo horiek ordaina ere badute landareen “energia ekonomia”n, eta, hain zuzen ere, egoera hobea dutenean beste prozesu batzuetara –hala nola fotosintesira eta, azken batean, hazkundera– bideratzen dituzten baliabideak gutxitzea dakarkie. Dena den, azken urteotan egiaztatu ahal izan denez, espezie batzuk gai dira estresarekiko tolerantzia eta fotosintesi tasa handiak uztartzeko, eta, ondorioz, hazteko gaitasun handia dute. Aurkitu diren superlandare horiek planetako lekurik gogorrenetan bizi dira, hala nola basamortuetan, mendi garaietan eta eremu polarretan.

Ikerketa proiektuan bertan garatutako gailu berriak erabiliko ditu taldeak ikerketa egiteko. Era horretan, “superlandare”rik dagoen egiaztatu nahi dute, planetako beste leku latz batzuetan aurkitu diren bezala. Ikerketari esker, nekazaritza jasangarriagoa eta produktiboagoa garatzeko potentzial handia duten landareen eta mekanismoen ezaugarriak zehaztu ahal izango dituzte.

EREMITA proiektuko sei ikertzailek parte hartuko dute Antartikako kanpaina horretan: Errioxako Unibertsitateko Javier Martínez Abaigar eta Encarnación Núñez Olivera ikertzaileek, La Lagunako Unibertsitateko Beatriz Fernández Marínek, Balear Uharteetako Unibertsitateko Xisco Castanyer ikertzaileak eta lehen aipatu ditugun UPV/EHUko José Ignacio García Plazaolak eta Irati Arzacek.