euskaraespañol

Drogen kontsumoak areagotu egin dezake gazteen bat-bateko heriotza kardiakoaren arriskua

UPV/EHUren, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eta CIBERSAMen ikerketa batek bi faktore horiek lotzen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/15

Irudia
Benito Morentin eta Koldo Callado, ikerketaren egileak.

UPV/EHUk, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eta Cibersamek elkarlanean egindako ikerketa batean drogen ezohiko presentzia altua detektatu dute Bizkaian bat-bateko heriotza kardiakoa izan duten gazteen artean. Duela gutxi egindako ikerketa horretan bildutako datuen arabera, droga kontsumoak bat-bateko heriotza kardiakoa izateko arriskua areagotzen du gazteetan; betiko faktore kardiobaskularrek edo aurretiaz diagnostikatutako arazo kardiobaskularrek areagotu dezaketena baino gehiago, alegia.

Ikerketa hori pertsona hilen auzitegi laginekin osatu da. Bizkaian jatorri kardiakoa zuten bat-bateko heriotza guztiak ikertu ziren 15 eta 35 urte bitarteko pertsonen artean; hain zuzen, 1991ko urtarriletik 2016ko abendura azterketa forentsea egin zitzaienen artean. Autopsiak lurraldean dagoen zerbitzu bakarrak egin zituen: Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Auzitegi Patologiako Zerbitzuak. Drug and Alcohol Dependence aldizkari espezializatuak ikerketa argitaratu du.

Benito Morentin eta Luis Felipe Callado doktoreek 204 pertsonaren bat-bateko heriotza kardiakoaren kasuak aztertu dituzte, eta heriotza horien arrazoia ez zen gaixotasun ezagunik izan, ez eta intoxikazio larririk ere.

Aztertutako pertsona guztiek bat-bateko heriotza ez-bortitza izan zuten, eta berehala edo sintomak azaldu eta hurrengo sei orduren barruan hil ziren. “Biztanle gazte samarrak aukeratu ziren (15 eta 35 urte bitartekoak), pertsona helduek izaten dituzten ohiko arazo kardiobaskularren eragina saihesteko” azaldu du Calladok.

Ikerketaren datuak

Kasu guztietan autopsia osoa eta azterketa toxikologiko eta histopatologikoak egin ziren, eta datu klinikoak eta heriotzaren inguruabarrak ere aztertu ziren. Medikamentuen, drogen eta etanolaren presentzia ikertu zen gasen kromatografiaren eta espektrometria likidoaren bitartez. Hilen ezaugarri demografikoak eta klinikoak, arrisku faktore kardiobaskularrak eta heriotzaren arrazoia analizatu ziren kasu guztietan.

Datuen analisiak erakutsi du bat-bateko heriotza kardiakoa izan zutenen % 48k substantzia kardiotoxikoren bat kontsumitu zuela hil aurreko orduetan. Kasuen % 12an alkohola detektatu zen, eta % 14k positibo eman zuen legez kanpoko drogetan, marihuana eta kokaina gehienbat. Substantzien presentzia handiagoa izan zen gizonetan emakumeetan baino (% 54 eta % 19, hurrenez hurren). Detektatutako substantzia guztiak kontzentrazio maila ez-toxikoan zeuden.

Droga ilegalen (kokaina gehienbat) eta tabakoaren kontsumoaren eragin posiblea bereziki garrantzitsua da kardiopatia iskemiko larri baten ondorioz hil ziren pertsonetan. Hori dela eta, gaixotasun kardiobaskular larria duten gazteen, eta batez ere gizonezkoen, kasu guztietan substantzia toxikoen kontsumoa baztertu beharreko faktore garrantzitsutzat hartu behar da. Jatorri kardiakoa duten bat-bateko heriotza kasu guztietan, kontuan hartu behar da agian diagnostikatu gabeko nahasmendu anatomiko eta genetikoak dituzten pertsonetan drogen kontsumoa izan daitekeela heriotzaren eragile.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute Calladoren ustez, “substantzia kardiotoxikoen erabilera oso handia dela bat-bateko heriotza kardiakoa izan duten gazteetan. Horregatik, tabakoaren, alkoholaren eta droga ilegalen kontsumoa gutxitzeko estrategiak funtsezkoak izan daitezke biztanleria horretan bat-bateko heriotza kardiakoa eragozteko”.

Erreferentzia bibliografikoa