euskaraespañol

Julián Estévez Sanz

Drone militarrak eta gerraren arau berriak

Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/21

Irudia
Argazkia: Shutterstock / Paul Fleet.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Mehatxurik eraginkorrenak oharkabean pasatzen direnak dira. Inoren begietan edo buruan paratzen ez direnak.

Besteak beste Gazako, Libiako eta Siriako gatazka militarrak ohiko titularrak dira. Beste batzuk ez dira horren ohikoak. Baina, gutxiren ahotan dago ia liskar guztietan erabiltzen ari direla droneak (“tripulatu gabeko aireko ibilgailuak”, edota UAVak, ingeleseko akronimoaren arabera). Izugarrizko eragina dute; are gerraren arauak ere aldatzen ari dira.

Aireko erasoen ideia mendeetako amets militar bat da, eta Han dinastiak Kristo aurreko II. mendean trebeki erabilitako suzko kometekin hasi zen. Gero, ia 2.000 urte egon zen ezkutuan, harik eta Benjamin Franklinek kontzeptua XVIII. mendearen amaieran berreskuratu zuen arte. Gutun bidez partekatu zuen Montgolfier anaiekin; elkarri idazten aritzen ziren.

Harrezkero, globo aerostatikoen erabilera eta geroko abiazioa edozein armadak eduki beharreko abantaila handitzat jo zen. Baina droneen ideiari –gaur egun ezagutzen ditugun bezala– poz eta desengainu gehiago geratzen zitzaizkion.

Zehazki, Vietnamgo gerrara egin behar dugu atzera denboran, bultzada nagusietako bat ezagutzeko. Gatazkaren harira, abiazioaren historiako tripulatu gabeko hegazkinen bidezko zaintza-programa sofistikatuena sortu zen. 1960ko hamarkadan, Estatu Batuetako Defentsa Departamentua borroka-zelaia automatizatzen hasi zen urruneko sentsoreekin eta superordenagailuekin, etsaiaren mugimenduak entzuteko edo tripulatu gabeko Firebee hegazkinak Vietnamgo zeruetan erabiltzeko. Estatu Batuetako kupula militarrean eztabaida ugari izan ondoren, ez zaio inoiz arma mota horiek erabiltzeari utzi.

Ondoren, drone militarrek rol protagonista bat izan zuten terrorismoaren aurkako borrokan, irailaren 11ren ondoren. Agerian geratu zen lurralde zabalak etengabe zaintzeko, helburuei isilpean jarraitzeko eta horiek hiltzeko erabilgarria dela. Izugarrizko eraginkortasuna erakutsi dute, eta azken urteotan are gehiago erabili dira, ez zelula terroristen aurkako borrokan bakarrik, baita armada erregularren aurka ere. Hona bi adibide:

Lehenengoa aspaldiko ezaguna da nazioarteko albisteetan. Siriako gerra. 2020aren hasieran, Turkiak Baxar al-Assaden defentsak bonbardatzeko bere UAVa zabaldu zuenean, inflexio puntu bat gertatu zen azken horren aurkako gatazkan. Ontzi turkiarrek suntsitu egin zituzten Siriako defentsak.

Urte horren amaieran, Karabakh Garaian, Kaukasoko eskualde estrategiko batean, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gerra gertatu zen. Azerbaijan ez da potentzia militar handitzat hartzen. Hala ere, azken urteotan israeldarrek eta, batez ere, turkiarrek egindako hainbat drone militar eskuratu ditu. Armeniako defentsa zaharkituetan izan duen eragina izugarria izan da.

‘Loitering’ izeneko teknika berritzaile batekin, Armeniak ez zuen aukerarik izan. Teknika horretan, UAV txikiak multzoka erabiltzen dira, eta horiek helburu etsaien aurka jaurtitzen dira kamikazeak bezala. Ikus daitekeenez, Turkia gerra makina horien erabileran potentzia nagusietako bat bezala azaleratzen ari da.

Dilema etiko berriak

Droneen erabilerak gai etiko ugari planteatzen ditu, eta gerraren arauak erabat aldatzen ditu. Nazio batek beste bati eraso egin diezaioke milaka kilometrotatik. Arma horien operadoreak beren lurralde propioko base militar batean kokatutako soldaduak dira, eta horiek, bideo joko batean bezala, zer etsai eta helburu eraitsi behar diren erabakitzen dute.

Horrek gerraren etikaren araurik oinarrizkoenetako bat urratzen du: soldadu batek hiltzen badu, ziurtzat jotzen da berari ere gauza bera gerta dakiokeela. Baina, ontzi horiekin, gatazka asimetrikoa da: alde batean ehunka biktima daude jokoan, eta bestean ez dago soldadurik arriskuan. Agian orain ulertuko da zergatik diren buruzagi politikoak droneen hain lagunak. Tropak mobilizatzearen eta herritarrek bizitza galtzearen justifikazioak ez du baliorik. Ez dago biktimarik, ezta eskandalu mediatikorik ere.

Urratzen den beste arau bat lurralde etsaiak isilean inbaditzeko gaitasuna da. “Espioitza misioak” direla argudiatuta, gobernuek ez dute ezer justifikatu behar, eta erasoa jasan duen herrialdeak beranduegi denean jakiten du.

Baina ontzi horien garapen teknologikoa ez da hor geratzen; aitzitik, helburua da airean borrokatzea edo etsaiak automatikoki bonbardatzea ahalbidetuko duen autonomia ematea. Horretarako, enpresa handiak nabigazio autonomoko eta irudi interpretazioko algoritmoak diseinatzen ari dira, baita puntu batean bonbardatzearen efektuaren simulazioak ere.

Zer gertatuko litzateke sikario automatiko horietakoren batek helburuak nahastuko balitu edo haurrak eta terroristak nahastuko balitu?

Agian norbaitek pentsatuko du hori behin edo bitan gerta litekeela. Baina ez. Estatu Batuen droneen 2.000 biktima zibil baino gehiago daude dagoeneko.

Abiazioa jaio zenean, gerrarik ez zela egongo esaten zen, erakusten zuten botereak iragartzen baitzuen armadetan hegazkinak zituen edozein naziok edozein etsai suntsituko zuela. Gaur egun, normaltzat jotzen dugu arma nuklearrak edo pertsonen kontrako minak debekatzea. Orain, ‘Ban Killer Drones’ kanpaina eta beste batzuk drone militarrak debekatzen saiatzen dira.