euskaraespañol

Txinako enpresen ISO 9001 kalitate-ziurtagiriak zalantzan

Txinako enpresetan oso ohikoa da prozesuen kalitatea bermatzeko ISO 9001 ziurtagiriak faltsuak izatea, UPV/EHUren ikerlan baten arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/19

Irudia
Iñaki Heras Saizarbitoria Enpresen Antolakuntzako katedraduna. Argazkia: Miren Heras

UPV/EHUko katedradun Iñaki Heras Saizarbitoria buru duen ikerketa-taldeak, Quebeceko Laval Unibertsitatearekin lankidetzan, egindako ikerketa kualitatibo batean ondorioztatu dute Txinako enpresetan oso zabalduta daudela ISO 9001 kalitate-ziurtagiri faltsuak, eta sinesgarritasun eskasa dutela erakunde ikuskatzaileen ziurtapen-prozesuek. Halaber, zenbait gomendio eman dituzte enpresa-arduradunentzat eta bestelako interesdunentzat.

Kalitatearen eta kalitate-kudeaketaren inguruko arau-sorta bat da ISO 9001, Nazioarteko Estandarizazio Erakundeak (ISO) ezartzen duena. Bezeroek ezartzen dituzten zehaztapenak betetzeko prozedurak indarrean direla bermatzen du ISO 9001 ziurtagiriak. Enpresa batek ISO 9001 ziurtagiria lortzeko, hirugarren batek egiten dio ikuskapena: erakunde ikuskatzaile independenteak izan ohi dira, enpresatik kanpokoak, ziurtatzen dutenak enpresa batek erreferentziazko estandarra betetzen duela. Eta ikuskatzaile horiek, halaber, Ziurtapeneko Erakunde Nazional batek ziurtatu behar ditu (Espainian, ENACek).

Iñaki Heras Saizarbitoria UPV/EHUko Enpresen Antolakuntzako katedradunak zuzentzen duen ikerketa-taldeak urte asko daramatza, besteak beste, kalitate eta ingurumenaren arloko ISO ziurtagirien fenomenoa aztertzen. “Hemengo enpresekin lanean ari ginela jakin genuen askotan konturatu direla Txinatik inportatzen diren produktu edo osagai batzuek ez dituztela zehaztapenak behar bezala betetzen”, azaldu du Herasek. Hari horri jarraituz, Quebeceko Laval Unibertsitateko Olivier Boiral ikertzailearen taldearekin lankidetzan, elkarrizketa sakonak egin dizkiete Txinan jarduten duten 40 pertsonari —besteak beste, esperientzia zabaleko goi-mailako kalitate-arduradunak, aholkulariak eta ikuskatzaileak—, metodologia sistematiko bati jarraiki. Baina, gerora, “profesional gehiago jarri dira gurekin harremanetan, gure ikerketaren berri zenbait kongresutan eman ondoren”, dio UPV/EHUko ikertzaileak.

Ziurtagiriak faltsutzea erraza da; konponbidea ere bai

Elkarrizketa horietatik ateratako ondorioek “egoera kezkagarria irudikatzen dute. Egia da Txinako enpresa askok ziurtagiriak behar bezala ezartzen eta betetzen dituztela, baina badira beste kasu asko eta asko ziurtagiria modu batera edo bestera faltsutzen dutenak. Txinako ziurtagirien fidagarritasuna oso txikia da”, adierazi du. Katedradunak ziurtagiria faltsutzeko lau modu daudela adierazi du: “Photoshop erabiliz zuzenean ziurtagiria sortzea; ziurtagiri ofiziala tranpa eginez lortzea (gauzak era jakin batera egiten dituzula esatea eta gezurra izatea; kanpoko ikuskaritzari begira egitea soilik); ziurtagiri ofiziala diruz erostea, inolako sistemarik indarrean jarri gabe; eta ziurtagiria akreditaziorik ez duen erakunde ziurtatzaile batek ematea, kasu honetan ere, inolako sistemarik abian jartzeke”.

Ikertzaileek, gainera, egoerari aurre egiteko zenbait gomendio proposatu dituzte interes-taldeentzat. Erabakitzaile publikoei proposatu diete “gardentasuna handitu beharra dagoela, alegia, ziurtapen-erakunde guztiek izan behar dituztela datu-base eguneratuak, beren webguneetan, Txinako enpresa ziurtatuen zerrendak bistaratuko dituztenak. Hori betebehar bat izan arren, ez dute egiten —nabarmendu du—. Horretarako borondate politikoa behar da, baina arlo honetan interes ugari mugitzen da bai Txinan bai mundu mailako erakundeetan”. Enpresariei gomendatzen diete, bestalde, “ez fidatzeko Txinatik datozen halako ziurtagiriez. Izan ere, arazoak gero oso larriak izan daitezke, enpresak produktuan erabiltzen dituen osagairen batek dagozkion zehaztapenak betetzen ez baditu”.

“Arazoa, guk uste, nahiko orokorra da, baina herrialde batzuetan bereziki da arazoa larriagoa: Txinan eta Pakistanen, esaterako. Baina beste herrialde batzuetan ere, esaterako Errusian eta Ameriketako Estatu Batuetan ere atzeman dira kasuak”, adierazi du. Europar Batasunari dagokionez, Herasek dio egoera arautuago dagoela, hainbat salaketa eta arazo izan baita, “baina Europako estatu batetik bestera asko aldatzen da kontua. Erakunde nazional bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak ezartzen ditu bere mugak eta betekizunak. Azken batean, globalizazio- eta liberalizazio-garaian indarra hartzen ari den erregulaziorako tresna oso paradoxikoa da estandarizazioa”.

Informazio osagarria

Iñaki Heras Saizarbitoria Enpresen Antolakuntzako katedraduna da, eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean jarduten du. Euskal Unibertsitate Sistemako GIC IT1073-16 2016-2021 ikerketa-talde kontsolidatuaren buru da. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktore da, eta Gizarte, Zientzia eta Teknologiako ESST masterra du. Argitalpen ugari lortu ditu goi-mailako nazioarteko hainbat aldizkaritan.

 

Erreferentzia bibliografikoa