euskaraespañol

Joaquín Durán-Cantolla. Pneumologoa

«Ez dago gaixotasunik modu batera edo bestera loaren nahasmendurik eragiten ez duenik»

Loaren apneetako espezialista da, eta mundu osoan gehien aipatu den pneumologoetako bat dela aitortu dute.

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/24

Irudia
Joaquín Durán-Cantolak 190 jatorrizko artikulu eta 33 liburu baino gehiago idatzi ditu. Ikertzailea loaren apneei buruzko 50 proiektutan. Kongresuetarako 310 komunikazio idatzi ditu eta 695 hitzalditan hizlari gonbidatua izan da; 17 ikerketa-sari jaso ditu eta hainbat patenteren sortzaileetako bat da

Joaquín Durán-Cantolla (Santander, 1956) mundu osoan gehien aipatzen den pneumologoetako bat dela aitortu dute, loaren apnea buxatzailearen (AOS) inguruan nazioartean oihartzun handiena duten argitalpenak aztertu dituen ikerketa batean. Loak osasunean duen garrantzia aztertu dugu erretiroaren atarian dagoen Unibertsitateko irakasle eta Osakidetzako mediku honekin, eta duela urte gutxi arte alde batera utzi izan den ikerketa-eremu garrantzitsu bati egin dion ekarpenaz aritu gara.

Zer dela eta egin du birika-minbiziaren inguruko tesia apnearen arloan munduan itzal handienetakoa duen aditu batek?

Txagorritxuko Ospitalera 1988an iritsi nintzen, Valdecillako Ospitaletik (Kantabria). Gasteizen Kirurgia Torazikorik ez zegoela ikusi nuen. Beti ikertzailea izan naizenez, aztertu nuen ea zer eremu izan litezkeen garatzeko interesgarriak eta aztertu gabe zeudenak. Ikusi nuen “loa” ia landu gabe zegoela; ez hemen, Euskal Herrian, ez Espainia osoan, non loaren bi unitate garrantzitsu baino ez baitzeuden. Valdecillatik nekarren esperientzia banuen, eta loaren unitate bat martxan jartzen saiatu nintzen.

Ezerezetik?

Bai. Zaila izan zen finantziazioa lortzea; lehenik, Eusko Jaurlaritzan eta Gobernu Zentralean aurkeztu nituen proiektuak. Ematen zidaten diruarekin ekipamenduak erosi nituen, ospitaleak leku txiki bat utzi zigun, eta horretan hasi nintzen lanean… ni bakarrik.

Eta, ondoren?

Proiektua hazi egin zen, ospitalea jabetu zen eremu hori garrantzitsua zela, eta, handik bi urtera (1990ean), “Loaren Nahasmenduen Diziplinarteko Arabako Unitatea” jarri genuen martxan. Nazioarteko egiaztapena duen Espainiako lehenengo unitateetako bat izan zen. Unitateak hazten jarraitu du ordutik hona. Nik ondorengoari eman nion erreleboa, 2011n Arabako ESIn (Erakunde Sanitario Integratuan) Bioarabako Ikerketa Zerbitzuko buru izatea proposatu zidatenean, baina ikerketa-proiektuak lantzen jarraitzen dut unitatearekin.

Zer arazori heltzen die loaren unitate horrek?

Espainian, loaren patologiek, funtsean, arnas arazoekin dute zerikusia (loaren apnearekin), baina badira ohiz kanpoko beste patologia batzuk ere, hala nola insomnioa; izan ere, bien artean loaren unitate baten lanaren % 60-70 hartzen dute. Horiez gain, badira loarekin lotutako beste 90 gaixotasun ere unitate horietan artatzen direnak: kontrolik gabeko logurak, botikek eragindakoak, parasomniak (somnanbulismoa, adibidez), oso goiz oheratu eta jaikitzen den jendea, edo alderantziz, eta horiek gizarte- eta lan-arazo bihurtzen direnean esku hartzen dugu guk. Funtsean: ez dago gaixotasunik modu batean edo bestean loaren nahasmenduari eragiten ez dionik.

Alegia, gaixotasun guztiek eragiten diote loari…

Bai; izan ere, gu beti harritu izan gaitu zer arreta eskasa eskaini dion medikuen komunitateak loari duela hogei urte arte. Loaldian deskonektatuta egongo bagina bezala eta osasunean garrantzirik izango ez balu bezala. Loaren nahasmenduak artatzeak medikuntza pertsonalizatuan aurrera egiten laguntzen digu, paziente bakoitzari behar duena zehazki doitzeko aukera ematen baitigu; horregatik gaude ohiko medikuntzatik, homeostatikotik, hain urrun, oso balio txikia ematen baitzion loari garunaren nolabaiteko deskonexiotzat hartzen zuelako.

«Ohiko medikuntzatik urrun gaude, oso balio txikia ematen baitzion loari garunaren nolabaiteko deskonexiotzat hartzen zuelako»

Zer aurrerapen egin dira urte hauetan?

31 urte hauetan, izugarri hazi da Loaren Unitatea; Espainiako garrantzitsuena bihurtu da, eta munduan erreferente da loaren apneen ikerketan. Bere garaian Espainiako Loaren Taldea sortzen lagundu genuen, “Spanish Sleep Network (SSN)” izenekoa; hain zuzen, gaur egun, munduko aktiboenetako bat da eremu horretako argitalpenei dagokienez. Duela hogeita hamar urte baino gehiago, loaren nahasmenduaren diagnostikoak egiteko metodologia sinpleago baten alde egin genuen, loaren unitatean kablez inguratuta egotea beharrezkoa izan ez zedin... Ez ziren garai errazak izan.

Zergatik da Arabako Loaren Unitatea hain garrantzitsua?

Hainbat gauzagatik. Adibidez, gure ikerketa-taldeak “Espainiako Loaren Kohortea” jarri zuen martxan duela hogeita hamar urte; 30 eta 100 urte bitarteko Espainia osoko 3.000 laguneko pertsona-multzo bat da, eta azken hiru hamarkadetan jarraipen medikoa egin diegu. Horri esker, hobeto ulertu ahal izan ditugu loaren apnea, haren maiztasuna, historia, nola eraldatzen den eta zer bilakaera natural duen, eta, gainera, loaren apnea buxatzailea hautemateko funtsezko beste zantzu batzuk ere detektatu ditugu.

Hiru talde baino ez daude munduan: Estatu Batuetan, Australian eta gurea. Gainera, gure “kohortea” hain interesgarria izatea eragiten duen bereizgarria da hemen herritarrek ez dutela beste bi herrialdeetan bezain mugikortasun geografiko handia; horrek aukera eman digu segimendu hobea egiteko azterketa-taldearen zatirik handienari, eta denbora honetan guztian oso erantzun baliagarriak lortu ditugu; nazioartean eragin handia izan dute. Hori ezin izan dute beste azterketa-taldeek lortu; amerikarrek, adibidez, % 60ko mugikortasuna dute bi urtean behin, eta horrek asko zailtzen du epe luzerako azterketak egitea.

Bestalde, eremu honetan aitzindari den beste lan-ildo bat ere garatu dugu: diagnostikorako eta tratamendurako ekipamendu sinplifikatuak garatzea.

Zertan datza?

Paziente bati jarraipena egiteko, lehen, gau bat edo gehiago igaro behar zituen ospitalean. Orain, ekipamendu eramangarriak erabiliz, loaren nahasmenduren bat daukan pertsona bere etxean bertan azter dezakegu, eta horrek aukera ematen digu segimendu ez hain inbaditzailea eta naturalagoa egiteko.

Apnearen alorrean munduan eragin handienetakoa duen ikertzaileetako bat zarela aitortu du Estatu Batuetako “Top 100 influential manuscripts in obstructive sleep apnea: a bibliometric analysis” ikerketak. Zer sentitzen da horrelako datu objektibo baten aurrean?

Osakidetzarekiko eta Unibertsitatearekiko esker ona, beren erakundeetan hartu bainaute urte hauetan guztietan. Erakunde horiek gabe nik ezin izango nukeen urte hauetan guztietan ikertzen jardun. Bestalde, kontuan izan behar da mediku zaharrak gehiago aipatzen direla ibilbide luzeagoa dugulako, gauza gehiago argitaratu ditugulako; baina litekeena da loaren beste profesional gazteagoak egotea, beren ibilbide akademikoan bikainak izango direnak, baina oraindik ez dutenak guk geuk bezain ibilbide luzea egin.   

Arabako ESIko Bioarabako Ikerketa Zerbitzuko burua, UPV/EHUko irakaslea eta UIRMT Institutuko Loaren Unitateko zuzendaria. Eta hilabete honetan… erretiratu egingo zara. Zer egingo duzu hainbeste denbora librerekin?

Bai, ekainaren 27an… Aste honetan! Baina Unibertsitatetik eta Osakidetzatik erretiratuko naiz. Nire jarduera-maila jaitsiko dut, Medikuntzatik kanpoko beste gauza batzuk ere egin nahi baititut; baina nire denboraren % 50 medikuntzari eskaintzen jarraituko dut: Eduardo Anitua Fundazioaren Loaren Unitatea zuzentzen eta hango pazienteak ikusten; eta Arabako ESIn sortu nuen Loaren Unitateko ikerketa-proiektuekin lotuta ere jarraituko dut. Gainera, Fundazioko Loaren Masterra zuzentzen jarraituko dut, baita nire ikasleak egiten ari diren loari buruzko hamabi doktore-tesi zuzentzen ere. Ikusten duzunez, erdizka erretiratzen naiz bakarrik...