euskaraespañol

II. Euskampus-Bordeaux Sinposioa

Noiz eta non

Noiztik: 2015/11/26 Noiz arte: 2015/11/27, 13:00 - 18:00

Deskribapena

Bordeleko Unibertsitateak eta UPV/EHUk elkarrekin antolaturiko topaketak Euroeskualdeko Bikaintasun Campusa finkatzen lagunduko du

Azaroaren 26an eta 27an, II. Euskampus-Bordeaux Sinposioa egingo da UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean, eta bi erakundeetako 350 pertsona baino gehiago bilduko dira.

Bordeleko Unibertsitateak eta UPV/EHUk  bigarrenez antolatu dute topaketa hori, Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektuaren harira.

Bordeaux-Euskampus Sinposioaren bidez, akademia eta unibertsitate erakunde bien arteko lankidetzak egituratu eta sendotzen dira. Horretan laguntzen dute, halaber, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen ezagutza triangelua egituratzeko asmoa duten proiektu eta jarduketetan diharduten eragile eta erakunde sozialek.

Datorren sinposioan, bada, 14 zientzia saio egingo dira. Saiook Bordeaux-Euskampus komunitateetako ikertzaileek diseinatu eta koordinatu dituzte, ikerkuntzaren, balorizazioaren eta prestakuntzaren inguruan lankidetzak ezartzea eta sendotzea xede. Gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: osasuna, fabrikazio aurreratua, materialak, ekosistemak eta gizarte berrikuntza. Horrez gain, administrazio eta zerbitzuei buruzko beste 6 saio eta ezagutza balioztatzeari buruzko saio berezi bat ere egingo dira; horietan, bi unibertsitateetako kideek ez ezik, enpresek eta inbertsiogileek ere parte hartuko dute. Bestalde, erakunde bietako tutoretza edo zuzendaritza jasotzen duten doktoregaientzat, zeharkako gaitasunen bigarren workshopa egingo da, balorizazioari buruzkoa, unibertsitate bietako master eta doktorego eskolen bermearekin. Azkenik, alde biko topaketak ere antolatu dira: formatu txikiko bilerak dira, eta ez dute gai zehatzik lantzen; etorkizuneko lankidetzei nola ekin aztertzen dute.

Euroeskualdeko Bikaintasun Campusa prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutza transferentziaren esparru komuna da. Campusak Akitania-Euskadi ezagutzan oinarritutako euroeskualde gisa sendotzen laguntzen du, baita nazioartean zabaltzen ere. Euroeskualdeko Campusa unibertsitate bietako kideek eta haien bazkide estrategikoek egindako jarduera partekatu jakin batzuen bidez egituratzen da: titulazio bikoitzak, elkarlaneko zuzendaritzak, Europako proiektuak, ikerketa egitura elkartuak, ekintzaile programak, lan praktikak, etab. Plan anbiziotsu horrek 100.000 pertsona inguru hartzen ditu: unibertsitate bietako ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Inola ere, eragin ekonomiko handia izango du euroeskualdean.
 

Informazio gehiago: http://ehubaq.eu/symposium2015/home