euskaraespañol

Edorta Santos Vizcaínori ikertzaile berri onenaren saria eman dio Bioarabak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/20

Irudia
(ezk-esk) Kevin Las Heras, Edorta Santos, Rosa María Hernández, Lorena González eta Elena Muñoz. Argazkia: UPV/EHU.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuak Biomedikuntza arloko Ikertzaile Berri Onenaren saria eman dio Edorta Santos Vizcaínori, Ikerketa eta Berrikuntzako XXII. Jardunaldietan. Arabako Osasun Sareko edozein zentro publikotan ikerkuntzan ari diren 40 urtetik beherako ikertzaileen lana aitortzea da sariaren helburua.

Edorta Santos Vizcaíno ikertzaile eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Ikertzaile Berri Onenaren saria jaso zuen Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuaren eskutik, joan den azaroan, Ikerketa eta Berrikuntzako XXII. Jardunaldietan. Arabako Osasun Sareko (ARABAKO UNIBERTSITATE OSPITALEA-ARABAKO ESIa/BIOARABA) edozein zentro publikotan ikerkuntzan ari diren 40 urtetik beherako ikertzaileen lana aitortzen du sari horrek. Saria emateko irizpideen artean, honako alderdi hauek baloratzen dira: egindako ikerketaren kalitatea, ikerketa publiko eta pribatuko proiektuetan aktiboki parte hartzea, ikerketa biomedikoko lerroarekiko leialtasuna eta garatutako ikerketak ingurunerako dituen erabilgarritasuna eta interesa. Gainera, saritutako pertsonaren ikerketa karrera sustatzen jarraitzeko diru hornidura bat dakar.

Edorta Santos Vizcaínok Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen ikasketak: Biokimikan lizentziatu zen eta Farmaziako doktoregoa egin zuen –azken horretan, nazioarteko aipamena eta aparteko sari bat jaso zituen–. 2006tik, Euskal Unibertsitate Sistemako Bikaintasuneko Talde Finkatua den UPV/EHUko NanoBioCel ikertaldeko kidea da. Gainera, Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko (CIBER-BBN) kidea da –Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko partzuergoa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bitartez–, baita Bioaraba Osasun Ikerketa Institutukoa ere.

Terapia zelularrean eta sendagaiak emateko sistemetan eskarmentu handia du Santos Vizcaínok.  Azken urteetan, hainbat biomaterialen aplikazio biomedikoan (adibidez, alginatoa, gelatina, kolagenoa), zelula ama mesenkimaletan (MSC) eta horien sekretoman (besikula estrazelularrak eta faktore disolbagarriak) oinarritzen da bere ikerketa, gaixotasun inflamatorio immunomediatuen (adibidez, HGI-hesteetako gaixotasun inflamatorioa) tratamenduan efektu immunomodulatzaile eta birsortzailea izateko eta zauri kronikoak sendatzeko helburuarekin, beste aplikazio batzuen artean.

Bioarabaren xedeak honako hauek dira: bikaintasuneko eta kalitateko ikerketa eta berrikuntza garatzea, emaitzak herritarren osasun arazoak konpontzeko erabili ahal izateari begira, eta, era berean, ikerketa zientifikoa sustatzea. Horretarako, urtero, Ikerketa eta Berrikuntzako Jardunaldiak egiten ditu.