euskaraespañol

Erresberatrolaren eta kertzetinaren metabolitoek bi molekulon obesitate aurkako eragina areagotzen dute

UPV/EHUren tesi batek agerian jarri du jarduera biologikoari eusten diotela, beren metabolismoa dena izanda ere, eta gantza murrizten ere laguntzen dutela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/11

Itziar Eseberri Barace
Itziar Eseberri Barace. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Erresberatrola eta kertzetina osagai funtzionalak dira, eta gantza murriztearen efektua egotzi izan zaie in vivo nahiz in vitro egindako saiakeratan. Alabaina, metabolismo bizkorrekoak izaki, osagai horien kantitate txiki bat besterik ez da iristen organo eta ehunetara. Orain, ikerketa berri baten arabera, metabolismoa ezin har daiteke mugatzat erresberatrola preadipozitoetan erabiltzeko garaian, ezta kertzetina adipozito helduetan erabiltzeko garaian ere.

Obesitatea gorputz gantz gehiegi izatean datza, eta hainbat komorbilitate garatzeko kausa izan daiteke. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, 2016 urtean, helduen % 39k gehiegizko pisua du, eta % 13k obesitatea. Are gehiago, bost urteko edo gutxiagoko 41 milioi haurrek dute gehiegizko pisua edo obesitatea, eta 5 eta 19 urte arteko 340 milioi pertsonek.

Osagai fenolikoak antioxidatzaile naturalak dira, landare jatorrikoak. Landareek estresari erantzuteko ekoizten dituzte osagaiok, defentsa mekanismo gisa. Ikerketa askori esker, ikusi da osagai fenoliko askoko dieta batek osasun egoera ona dakarrela, eta hainbat gaixotasunen intzidentzia murrizten duela, esaterako, gaixotasun kardiobaskularrena, minbiziarena, diabetesarena, etab. Osagai fenolikoak eraztun fenoliko bat baino gehiagokoak direnean, konposatu horiei polifenol deritze, zeina termino ezagunagoa baita. Erresberatrola eta kertzetina dira polifenol ikertuenetako bi gaur egun.

Erresberatrolaren onurak 1982 urtean deskribatu ziren aurrenekoz, behaketa ikerlan batek erlazio alderantzizkoa ezarri zuenean ardo kontsumo neurritsuaren eta gaixotasun kardiobaskularren prebalentziaren artean. Gerora, behaketa horri «paradoxa frantziarra» deitu zioten. Polifenola mahatsean eta edari eratorrietan (muztioa eta ardoa), baietan eta kakahueteetan dago gehienbat, eta hainbat funtzio biologiko egotzi izan zaizkio: antioxidatzaile, antiinflamatorio, immunomodulatzaile, antidiabetiko, antikantzerigeno... Gainera, obesitatearen aurkako eragina duela ere hauteman da, gorputz gantza murrizten baitu askotariko mekanismoen bidez: ahorakina modulatzea, mantenugaien absortzioa aldatzea, adipozitoen ziklo zelularra doitzea, gantz ehunaren hantura murriztea, mitokondria funtzioa doitzea, termogenesia eragitea eta heste mikrobiota doitzea.

 

Metabolismo osteko jarduera

Itziar Eseberri Baracek defendatu duen doktorego tesiak aipatu ikerlanetan sakondu du, eta agerian jarri du erresberatrolaren eta kertzetinaren molekulen metabolito batzuk, alegia, horien digestioaren gerakinek, jarduera biologikoa dutela eta, hein batean, konposatuen obesitatearen aurkako eraginaren sorburu direla. «Emaitzek agerian uzten dute erresberatrolaren metabolito aztertu guztiek adipogenesia inhibitzea eragiten dutela, polifenolak bezainbeste. Adipozito helduetan, aktiboak badira ere, erresberatrola askoz ere eraginkorragoa da. Kertzetinaren kasuan, metabolito sulfatatuak (kertzetina-3-O-sulfatoa) bakarrik du eragin hori; izan ere, kertzetinaren metabolito bat ere ez zen izan kertzetina bera bezain eraginkorra edo hura baino eraginkorragoa adipogenesiaren inhibizioan –azaldu du ikerlariak–. Beraz, esan daiteke bi konposatuon metabolismoa muga izan daiteke, baina bakarrik erresberatrolarekin tratatu diren adipozito helduetan eta kertzetinarekin tratatu diren bereizketako preadipozitoetan».

Kertzetina ugari izaten dute sagarrek, tipulek, gereziek, baiek, brokoliek eta teak. Erresberatrolari bezala, funtzio biologiko asko egotzi izan zaizkio: antiinflamatorioa, antidiabetikoa, antihipertentsiboa, antihiperkolesterolemikoa, antiateroesklerotikoa eta obesitatearen aurkakoa.

Kontuan hartu behar da konposatu fenolikoak kantitate txikian egon ohi direla elikagaietan, eta bioerabilgarritasun txikia dutela; izan ere, irentsi ondoren, zeharo metabolizatzen dira, eta organoetara eta ehunera iristen den kantitatea nahikoa txikia da. «In vitro ikerlan gehienetan, obesitatearen aurkako molekula gisa duten eragina aztertzeko erabili diren erresberatrol eta kertzetina kantitateen eta ehunetara iristen diren kantitateen artean alde nabarmena dago; hau da, egiazkoetatik hurbilago dauden dosiak erabiltzea izan da lan honen berritasunetako bat –zehaztu du Itziar Eseberrik–. Gainera, ikerlan gutxitan aztertu da bi polifenol horien metabolismotik eratorritako metabolitoen jarduera biologikoa jatorrizko konposatuarena bezalakoa den».

Hala, tesiak 3T3-L1 adipozitoetan aztertu zuen bi konposatuen metabolito nagusiengatik egozten ote zaien gantz murrizketaren ardura erresberatrolari eta kertzetinari, zati batean bederen. Halaber, molekula bakoitzak obesitatearen aurkako eragina izatea dakarten ekintza mekanismoak aztertu eta konparatu ziren kultiboko adipozitoetan. Egindako esperimentuekin, oihartzun handiko bost artikulu zientifiko ondu dira, eta agerian geratu da bi molekulotako metabolito batzuek jarduera biologikoa dutela eta obesitatearen aurkako eraginaren erantzule direla zati batean. «Erresberatrola eta kertzetina, bere kasa edo bere metabolito nagusiekin, triglizeridoak murrizteko onuragarriak direla dioen hipotesia zati batean berretsi da. Metabolismoa ezin daiteke muga izan bereizketako preadipozitoak erresberatrolarekin tratatzeko eta adipozito helduak kertzetinarekin tratatzeko», ondorioztatu doktore berriak.

 

Informazio gehigarria

Itziar Eseberri Baraceren tesia (Pamplona/Iruñea, 1987), «Erresberatrola eta kertzetinaren metabolitoen efektuak 3T3-L1 adipozitoen adipogenesian eta triglizeridoen metabolismoan, hala nola jatorrizko konposatuen efektuekin konparatzea» (‘Effects of resveratrol and quercetin metabolites in adipogenesis and triglyceride metabolism of 3T3-L1 adipocytes and comparison to those of the parent compounds’), Arrate Lasa Elgezua eta Jonatan Miranda Gómez doktoreek zuzendu dute, eta euskaraz zein ingelesez idatzi nahiz defendatu da. Lana UPV/EHUren Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldearen barnean egin da (obesitatearen fisiopatologiaren eta nutrizioaren arloko Ikerketa Biomedikoko Zentroko kide da), eta Tolosako (Okzitania) Laboratoire de recherche sur les obésités del Institut des Maladies Métaboliques et Cardiovasculaires erakundean (hiru hileko egonaldia egin zuen bertan doktoregaiak). Doktorego tesia egiteko, UPV/EHUren ikerlarien prestakuntzarako laguntza bat jaso zuen.

Erreferentzia bibliografikoa