euskaraespañol

Ateak itxi ditu Egokitu udako campusak

Aurreko edizioan etena izan bazen ere, aurten berriro ekin zaio ekimenari, parte hartze arrakastatsuaz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/23

Irudia
Egokitu udako campusa. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

EGOkITU (Euskal Gazteen Orientaziorako Ikastaroa. Talentoa Unibertsitatean) programa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) garatuta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, ateak itxi ditu, hasierako helburua bete ondoren. Aurreko edizioan, pandemiarengatik, etena izan bazen ere, aurten berriro ekin zaio udako campus honi, parte hartze arrakastatsuaz. Uztailean zehar 80 gazte inguruk hartu dute parte.

Aimar Insausti UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentzia zuzendariak oso positibotzat jo du aurtengo edizioa. "Programa honen helburua da unibertsitate aurreko ikasleek modu ludikoan ezagutzea, egin ahal izango dituzten fakultateak eta ikastegiak, bertan egingo baitituzte unibertsitate ikasketak, bai eta unibertsitate ikasketak egin ondoren garatu ahal izango dituzten lanbideak ere", adierazi du Insaustik.

Udako campus honek helburu nagusi du 14 eta 17 urte bitarteko gazteak ludikoki hurbiltzea unibertsitatearen mundura eta, ondorioz, enpresa mundura bertara. Aurten programan parte hartu dute informatika Fakultateak, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, Zuzenbide Fakultateak, Kimika Fakultateak eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateak. Gainera, ikastegiek unibertsitatearekin partaidetza puntualak izan dituzte lankidetzan aritu ohi diren kanpoko erakundeen aldetik, hala nola DIPC, CFM, Ertzaintzako ofizialak eta enpresa pribatuak. Horrela, parte hartzaileek harremanak izan dituzte unibertsitateko irakasleekin eta inguruko profesionalekin.

Udako campusetik igaro ondoren, unibertsitate aurreko gazte hauek pozik agertu dira egindako jarduerekin, eta, asko ikasteaz gainera, irakasleek proposatutako jarduera bakoitzarekin asko gozatu dutela ere adierazi dute.