euskaraespañol

EGOkITU udako campusean dena prest ikasleak jasotzeko

Edizio berri honek 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jolas-jardueren eskaintza zabala aurkezten du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/31

Irudia
EGOkITU 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzako udako campusa da. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

EGOkITU  programa (Euskal Gazteen OrientazioraKo Ikastaroa. Talentoa Unibertsitatean). Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta udarari begira ireki ditu ateak. Udako campusak arrakasta handia izan du edizioz edizio, eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteak unibertsitate-mundura eta, ondorioz, enpresa-mundura modu ludikoan hurbiltzea du helburu.

Aimar Insaustik, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentzia zuzendariak, aurtengo edizioko nobedade gisa, Osasun Zientzien ikastaroa Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eskutik sartu dela azpimarratu du. “Bertan, Donostia Unibertsitate Ospitalea bisitatuko dute, Erizaintzako, Fisioterapiako, Medikuntzako eta Odontologiako profesionalen esperientziak gertutik ezagutuko dituzte eta osasunarekin zerikusia duten hainbat gai ikasi eta praktikatuko dituzte. Era berean, ikastaro berri hau aurreko urteetan martxan egon diren Arkitektura, Informatika, Ingeniaritza, Zuzenbidea eta Kriminologia, Kimika eta Ekonomia eta Enpresarekin partekatuko dugu".

Horrela, 2022an jarduerak izango ditugu Gipuzkoako Campuseko 7 ikastegitan. Ez da ahaztu behar ikastaro hauek lanbideetara oso modu ludikoan hurbiltzeko prestatu direla. "EGOkITUn parte hartzen duten gazteak maketak egiten, galdera-jokoekin ikasten, scape room bati irtenbidea bilatzen edo misterioak ebazten arituko dira. Horrekin guztiarekin unibertsitatea eta esperientzia profesionalak ezagutuko dituzte. Bestalde, aurreko urteetan bezala, EGOkITU programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren eskutik. Laguntza honek, berriz ere, Foru Aldundiak Gipuzkoako gazteen talentua sustatzeko duen konpromisoa erakusten du”, erantsi du Insaustik.

Jolas-jarduerak

Maddi Agirrebengoak programan parte hartu zuen, Informatika Fakultateak antolatutako jardueretan. “Esperientzia oso ona izan zen-dio Maddik-. Astebete eman nuen etorkizunean zer ikasi nezakeen pentsatzen, lehenagotik nekiena ez baitzen nahikoa nire alde egiteko. Ez dira hezkuntza-eskolak, klase orientagarriak dira, eta, beraz, modu sinple eta ludiko batean diseinatuta daude, baina, aldi berean, errealista, jarduera oso atsegina izatea eragin zuena. Eta, egia esan, asko lagundu zidan, zalantza batzuk bainituen Ingeniaritza Informatikoa benetan ikasi nahi nuen ingeniaritza ote zen, eta baietz konturatzeko balio izan zidan. Gainera, matematikatik hurbilen zegoen adarra gehien gustatu zitzaidana zela ikusi nuen, eta horrek Adimen Artifizialeko karrera berriaren alde egiten lagundu zidan.” Gaur egun, Maddi gradu honetako bigarren maila egiten ari da Informatika Fakultatean.

Maddi Agirrebengoa: «Esperientzia oso ona izan zen. Etorkizunean zer ikas nezakeen bururatu ahal izan zitzaidan»

Añes Casadok Zuzenbide Fakultateak antolatutako jardueretan parte hartu zuen. “Karrera oso desberdinak (akademikoak, magistratuak, abokatuak, ertzainak...) zituzten profesionalek irakatsi ziguten, eta oso ikuspuntu aberasgarria eman ziguten. Izan ere, eskolak, interesgarriak izateaz gain, aktiboak ziren, bideo, aurkezpen eta jolasekin. Irakasle guztiak oso prest zeuden galderak jasotzeko, eta beti bilatzen zuten parte hartzea, jarrera atsegin eta irekiarekin.” Gaur egun, Añes Batxilergoko lehen ikasturtea egiten ari da Hernaniko Institutuan. “Nahiz eta EGOkITU programan ikasitakoak erabakian laguntzen didan, zalantzarik gabe, ideia argiagoak ditut erabaki informatuagoa hartzeko. Hala ere, oraindik ez dut behin betiko aukeratu zer gradu ikasiko dudan.” Añesek, Maddik bezala, DBHko eta, batez ere, Batxilergoko ikasle guztiei programa honetan parte hartzea gomendatuko lieke.

Añes Casado: «Eskolak, interesgarriak izateaz gain, aktiboak ziren, bideo, aurkezpen eta jolasekin»

“Bi helburu ditugu-azaldu du Aimar Insaustik. Alde batetik, gazteei lanbideen errealitatea ezagutzen lagundu nahi diegu, hainbat lanbide-eremutako lanbideak eta bizimoduak nolakoak diren probatzeko aukera emanez. Horretarako, ikasleek laborategi ezberdinetan lan egingo dute, ordenagailuetan praktikak probatuko dituzte, adituen hitzaldietan parte hartuko dute eta unibertsitatearekin harreman estua duten enpresa edo erakunde publikoak ezagutuko dituzte. Enpresa eta erakunde horiek egunerokoan erabiltzen dituzten ezagutzak eta ikerketa irakatsiko dizkiete, lanbide horietan unibertsitate-ikasketak nola erabiltzen diren azalduz. Aipatu behar da enpresen partaidetza hori UPV/EHUk Gipuzkoako Campusean dituen enpresa-gelen bitartez sortutako harremanei esker gertatzen dela. Programaren bigarren helburua DBHren amaieran edo Batxilergoaren hasieran daudenei unibertsitatea barrutik ezagutzeko aukera ematea da. Jarduerak EGOkITUko campuseko eskola eta fakultateetan egiteaz gain, UPV/EHUko irakasle ikertzaileak izango dituzte lagun."

Izen-emate irekia

EGOkITU programa 2005 eta 2007 urteen artean jaiotako pertsonei zuzenduta dago. Bi txanda antolatu dira: ekainaren 27tik uztailaren 1era eta uztailaren 4tik 8ra. Aste bat (100 €) edo bi aste (180 €) aukeratu daitezke, 9: 30etik 14: 00etara (campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan).

Izena emateko epea 2022ko martxoaren 25ean ireki eta ekainaren 3an amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Informazio gehiago eta izena ematea: https://www.ehu.eus/es/web/gipuzkoa/egokitu