euskaraespañol

Marta Macho-Stadler

Egon al zen emakumerik Apollo 11 jaurtitzeko gelan?

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/27

Irudia
Argazkia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Joann_morgan_in_firing_room.jpg

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

1969ko uztailaren 21ean Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia bihurtu zen Neil Armstrong. Oso ezagunak eta hunkigarriak dira Ilargiko lurra zapaldu ondoren esan zituen hitzok: “Urrats txikia gizon batentzat, baina jauzi erraldoia gizateriarentzat”. Egun bat lehenago, Apollo 11 ilargiratu egin zen Lurretik uztailaren 16an jaurti ondoren.

Idazki honen abiapuntuko argazkia NASAren Kennedy Espazio Zentroan egin zuten Apollo 11 jaurti zutenean. Espazio ontzia aireratzeko lanak zuzentzen ari ziren alkandoraz eta gorbataz jantzitako dozenaka pertsonaren artean nekez ikusten da emakume baten irudia: JoAnn Morgan ingeniaria da.

JoAnn Morgan (1940)

JoAnn Morgan NASAko lehen emakume ingeniaria izan zen. Bere hasierak ez ziren errazak izan gizonak baino ez zeuden lantaldera batu zenean: lankideetako batzuek sarkintzat hartu zuten, baina baldintzarik gabeko babesa ere eman zioten beste batzuek.

Morganek Mercury, Gemini eta Apollo programetan lan egin zuen, eta aginte mahairako sarbidea izan zuen Apollo 11 jaurtitzeko gelan.

Karl Sendler komunikazioburuak berak eskatu zuen hura Apollo 11 jaurtitzeko gelara joateko; “ia estasiatua” gelditu zen Morgan orduan. Ondoren egindako elkarrizketaren batean azaldu zuenez, gela horretan une historiko hartan egotea “balioespen izugarria, erabateko babesa izan zen nire ibilbidearentzat”.

Bere azken misio handia rover robotak Martera bidaltzea izan zen: Spirit eta Opportunity izenekoak.

Apollo 11 aireratzeko unean JoAnn Morgan izan zen jaurtitzeko gelako aginte mahairako sarbidea izan zuen emakume bakarra, baina ez zen izan gizonez betetako gela hartako emakume bakarra. Argazkiaren atzeko aldean, arreta handiagoz begiratuz gero, beste bi emakume gehiago, gutxienez, ikus daitezke (besteren bat gehiago ote zegoen?): Katherine Johnson eta Judy Sullivan ziren.

Katherine Johnson (1918-2020)

Katherine Johnson da ezagunena, segur aski, artikulu honetan aipatutako emakumeen artean. Eta horrela da 2016an estreinatutako ‘Hidden Figures’ filmari esker. Matematikari horren eta emakume kalkulugile afro-amerikar talde handi baten historiaren berri eman zuten film horretan. Emakume horiek NASAri lagundu zioten espazioko lasterketan Langleyko Ikerguneko Mendebaldeko Hegaleko Kalkulu Alor Bereizian lan eginez.

Nabigazio astronomikoaren arloan erakutsitako doitasun handiari esker izan zen ezaguna Johnson, eta bi misio hauetarako ibilbideak kalkulatu zituen, besteak beste: 1961eko Mercury misiorako ibilbidea (Alan Shepard astronauta AEBren lehen hegaldi azpiorbitala egitera eraman zuen misio hark) eta 1969ko Apollo 11ren Ilargirako hegaldiarena.

Margot Lee Shetterly kazetariak ‘Hidden Figures’ liburua idatzi izan ez balu, segur aski ez genukeen inoiz ezagutuko Katherine Johnsonen balentria.

Judy Sullivan (1943)

Judy Sullivan matematika eta zientzietako irakaslea zen 1966an NASAn sartu zenean. Estatu Batuetako espazio agentziako Espazio Ontzien Operazioetako lehen emakume ingeniaria izan zen. Apollo 11 misioaren sistema biomedikoaren arduraduna izan zen, baina lanean ere aritu zen Apollo 8, Apollo 9, Apollo 10 misioetan eta hamabi Gemini misioetan.

Apollo 11 misioan Sullivanen egitekoa zen Neil Armstrongen telemetria medikoko tresnen funtzionamendua ikusi eta egiaztatzea. Astronautaren bihotz edo arnas maiztasunaren edozein anomalia, edozein aldaketa jakinarazi behar zuen.

Toki pribilegiatu batean ikusi zuen, Katherine Johnsonen ondoan, historian idatzita gelditu den espazio ontzi hura jaurtitzeko unea.

Apollo 11 misioaren arrakasta lagundu zuten beste emakume batzuk

Ehunka lagunek lan egin behar dute Apollo 11 misioa bezalako proiektu handi bat aurrera ateratzeko, eta ezezagunak dira haietako gehienak. Emakume ugarik (eta gizonek, jakina) lagundu zuten misioa arrakastatsua izan zedin, hala astronauten jantziak egin zituzten Playtex enpresako jostunek nola emakume zientzialari espezialistenek.

Artikulu honen goiburuko argazkian ageri ez diren haietako batzuk gogoraraziko ditugu.

Dilhan Eryurt astronomoak (1926-2012) 1961etik 1973ra bitartean lan egin zuen NASAn. Eguzkiaren ezaugarrietako batzuk ezagutzen lagundu zuen haren lanak, eta ezinbesteko informazioa eman zion espazio agentziari eguzkiak Ilargiko ingurunean zer eragin zuen modelatzeko. Apollo Achievement Award saria eman zioten 1969an Apollo 11 ilargiratzeko egindako ekarpenagatik.

Mareta N. West astrogeologoa (1915-1998) emakume bakarra izan zen Apollo 11 misiorako Geologiako Esperimentuen Lantaldean. Hark erabaki zuen espazio ontzi tripulatu hori non ilargiratu behar zen. Gerora, hurrengo Apollo misioak “lurreratzeko” tokiak hautatzen lagundu zuen. Marteko geografian ere lan egin zuen 1970eko hamarkadan.

Rita Rapp fisiologoak (1928-1989) Apollo Food Systemaren lantaldea zuzendu zuen eta espazioan elikagaiak banatzeaz arduratu zen. Whirlpool enpresarekin eta nutrizionista lantalde batekin batera lan egin zuen espazio elikagaiak nola prestatu eta paketatu erabakitzeko. Rappek askotariko teknikak uztartuz kontserbatzen zituen elikagaiak, hala nola deshidratazioa, termoegonkortzea, irradiazioa eta hezetasun kontrola. Elikagai laborategiaren eta astronauten arteko harremanetarako pertsona zen; oilasko krema zen astronauten janaririk gogokoena.

Eta ezin dugu ahaztu, amaitzeko, Margaret Hamilton software ingeniaria (1936), Apollo misioetarako sistema eragilearen garapenaz arduratu baitzen. Hark taxututako salbuespenen eta atazen karga asinkronikoaren prozedurak funtsezko eginkizuna bete zuen Apollo 11 ilargiratu aurreko uneetan, ontziko ordenagailua errore mezuak bidaltzen hasi zenean. Bere lanak eta lankideenak lagundu zuten Armstrongek hitz ospetsu haiek adieraz zitzan 1969ko uztailaren 21 hartan.