Eduki publikatzailea

EHUko errektoreak errespetu instituzionala aldarrikatu du, eta bilera eskatu dio lehendakariari, Ogasun eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuekin

Erretoreak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean azaroaren 19an

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/04

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak premiazko bilera eskatu dio Imanol Pradales lehendakariari, Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburu eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza-taldeak egin duen premien txostena zehatz-mehatz aurkezteko.

Errektoreak azaldu duenez, "hori litzateke sailburuak Legebiltzarrean aipatu duen ‘testuinguru egokia’ unibertsitateak dituen beharrak ezagutzeko. Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak lehen eskutik ezagutzea zehaztutako eta kuantifikatutako premiak. Egokia litzateke bilera hori azaroaren 19an Legebiltzarrean itxita dagoen agerraldiaren aurretik izatea”.

Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuaren agerraldia entzun ondoren, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak berretsi du ez datorrela bat sailak proposatutako planteamenduarekin, euskal unibertsitate publikoaren finantzaketari dagokionez: "aurrekontu-proiektuan aurreikusitako igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrezko digitalizazioari, azpiegituren mantentzeari, talentua erakarri eta eusteko lanari eta eskaintza akademikoaren hazkundearen kudeaketari nahiz ikerketa jarduerari erantzuteko, orain arte unibertsitate komunitatearen konpromiso eta esfortzuarekin erantzun izan baitzaio: asko egin da oso gutxirekin”.

Bengoetxeak berretsi du euskal unibertsitate publikoa egungo egoerara iritsi dela azpiegituren, digitalizazioaren, teknikarien eta administrarien gabeziaren eta irakasleen lan-baldintzen arloan, hain zuzen ere "denboran iraun duen finantzazio iraunkor ezagatik. Horri erantzuten dio prestatu dugun beharren diagnostiko zorrotzak. Ez dut ulertzen nola ukatu dezakeen sailburuak ebidentzia hori ".

Errektoreak azpimarratu du, “beste modu baten ezin daitekeelako izan, EHUk Eusko Jaurlaritzarekin elkar ulertzearen alde egiten duela, eta 2026ko aurrekontuari begira behar diren partidak zehatz-mehatz aztertu behar direla. Partida horiek bat datoz unibertsitatearen Plan Estrategiko berriarekin eta haren proiektu akademiko, irakasle eta ikertzailearekin”.

Azkenik, errespetu instituzionala eskatu du Bengoetxeak, unibertsitate publikoarekiko eta errektoretza taldeak ordezkatzen duen unibertsitate komunitatearekiko.