euskaraespañol

Eguneko irudia

Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2023-2024 ikasturteko GrAL eta MAL onenak saritu ditu 'Eraldaketa digitala', "Nautika-Itsasoa" eta 'Aireko eta espazioko propultsioa' arloetan

Rubén Ripa Garcíak Management Solutions saria jaso du; Andrea Astudillo Rivadasek, Tradewind Tankers saria; eta Asier Elorza Larreak, ITP Aero saria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/12

Andrea Astudillo Rivadasek, Nautika eta Itsas Garraioko gradudunak, GRAL onenaren saria jaso du

Bilboko Ingeniaritza Eskolak Rubén Ripa García (Management Solutions Saria), Andrea Astudillo Rivadas (Tradewind Tankers Saria) eta Asier Elorza Larrea (ITP Aero Saria) saritu ditu "Transformazio digitala", "Nautiko-Marinoa" eta "Aireko eta Espazioko propultsioa" arloetan, hurrenez hurren, gradu amaierako (GrAL) eta master amaierako (MAL) lan onenen egile gisa. Enpresa sari horiek gaur banatu dira, Alberto Oleaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariordea eta enpresa babesleetako ordezkariak kide izan dituen ekitaldian.

Enpresa sariok helburu bikoitza dute: batetik, Eskolako ikasleen jarduna aitortzea, eta, bestetik, sustatzea kasuan kasuko eremuan garapen berriak sortzeko aukerak eskain ditzaketen alderdi berritzaileekin egindako lanak.

Ruben Ripa Garcíak, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritzako graduduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan, irabazi du Management Solutions saria, enpresa honek eraldaketa digitalarekin lotutako lan onenari ematen diona.  Saria 1.000 eurotakoa da eta GrAL irabazlea "Sistema de monitorización de procesos de datos para entornos industriales base en la servicios en la nube" [Industria inguruneetarako datu prozesuak monitorizatzeko sistema, hodeiko zerbitzuak oinarri] izenekoa izan da, Mª Victoria Higuero Aperribay Komunikazio Ingeniaritza Saileko irakasleak zuzendutakoa. Iker Yabar Management Solutions-eko zuzendariak eman du saria.

Lan honetan, datu prozesuak monitorizatzeko sistema bat diseinatu eta inplementatu da, industria inguruneetara berariaz bideratua eta hodei zerbitzuetan oinarritua. Sistema honek erabiltzailearen interfaze atsegin bat dauka barne, sistema baten funtzionamenduaren alderdirik garrantzitsuenak denbora errealean ikusteko aukera eskaintzen duena. Gainera, gertaera kritikoak jakinarazteko sistema bat integratu da, egoera txarretan azkar erantzutea bermatzen duena. Diseinua baliozkotzeko, Amazon Web Services (AWS) zerbitzuak hodeian ematen dituen hornitzailean inplementatu da sistema.

Bestalde, Tradewind Tankers saria, izen bereko itsasontzi enpresak nautika eta itsas eremuarekin lotutako GrAL/MAL onenari emandakoa, Andrea Astudillo Rivadasek jaso du, Nautika eta Itsas Garraioko graduduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Saria 1.500 eurotakoa da eta GrAL irabazlea “¿Es eficaz la regulación comunitaria sobre el reciclado de buques? [Eraginkorra al da ontziak birziklatzeari buruzko arautegi komunitarioa?] izan da, Ainhoa Fernández García de la Yedra Enpresa Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibileko saileko irakasleak zuzendutakoa. Carlos Juan Panek, Tradewind Tankers enpresakoak eman du saria.

Egileak azterlan bat aurkeztu du, 2013ko Europar Batasuneko Ontzien Birziklapenari buruzko Erregelamenduaren eraginkortasunari buruz hausnartzeko, non agerian utzi baititu ontzien birziklatzeak aurrean dituen dilema nagusiak eta, hainbat arautegi izan arren, bere horretan jarraitzen dute, hala nola lan baldintza eskasak edo prozesuak eragindako kutsadura. Aztertu ere aztertu du Europako Batzordearen Kontsulta Publikoa, Erregelamendu horren funtzionaltasunari buruzko informazioa bilatzeko. Horrekin guztiarekin, izenburuan planteatutako galderari erantzunaz amaitzen da lana. Gainera, beste alderdi batzuei buruz ere hausnartzen da, hala nola birziklatzearen eta desegitearen kontzeptuen irismenari buruz eta Garapen Jasangarriaren Helburuen aplikazioaren inguruan, itsasontzien birziklatzearekin zerikusia duten helburuak azalduz.

Azkenik, Asier Elorza Larreak (Industria Ingeniaritzako Masterduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan) irabazi du ITP Aero enpresak Propultsio aeronautiko eta espazialaren arloan egindako GrAL/MAL onenari emandako izen bereko saria, “Análisis de técnicas de submodelado dinámico para el cálculo de tensiones en componentes rotativos sometidos a vibraciones” [Dardarak jasaten dituzten osagai birakarietan tentsioak kalkulatzeko birmoldaketa dinamikoko tekniken analisia], Igor Fernández de Bustos irakasleak, Ingeniaritza Mekanikoko sailekoak, zuzenduta. Sariak 1.500 eurotako balioa du. Janire Irazolak, ITP Aeroko Diseinu Modularreko eta Flotako Managerrak, eman du saria.

Lan honek aztertzen du sistemak motor aeronautikoen diseinuan duen portaera dinamikoa, maiztasuneko erantzun analisi dinamiko bat eginez, errotorearen simetria ziklikoaren azpi-ereduan tentsioak kalkulatzeko (ohikoa dena), inertzia eta moteltze indarrak gehituz. Horretarako, aztertu dira errotoreetako elementu finituekin egindako birmoldaketa dinamikoko teknikak, horietako bakoitzaren zehaztasuna eta aldakortasuna ebaluatzeko, eta teknika horien aplikazioan ager daitezkeen errore iturriak xehetasunez aztertzeko.