euskaraespañol

Eider Rodriguez eta Santos Zunzunegui UPV/EHUko irakasleak, 2018ko Euskadi sariak

Euskarazko Literatura eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetan gailendu dira, hurrenez hurren

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/01

Irudia
De izquierda a derecha: Santos Zunzunegui, Eider Rodriguez, Bingen Zupiria, Yolanda Mosquera, Joxean Muñoz.(Foto www.euskadi.eus)

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleak eman ditu aditzera, eta haietatik bi UPV/EHUko irakasleak dira: Eider Rodriguez eta Santos Zunzunegui. ‘Bihotz handiegia’ eta ‘Bajo el Signo de la Melancolía’ dira saritutako lanak, Euskarazko Literatura eta Saiakera Gaztelaniaz ataletan, hurrenez hurren. Hirugarren sariduna, Literatur Lanaren Ilustrazioa atalean, Yolanda Mosquera izan da ‘La pequeña Roque’ lanarekin.

Euskadi literatura sariak 18.000 euroz hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei ematen zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasotzen dute.

Euskarazko Literatura saria

Euskarazko Literatura sariaren epaimahaia Asier Serranok, Itxaro Bordak, Jon Kortazarrek, Pello Otxotekok eta Castillo Suarezek osatu dute. Epaimahaiak argudiatu du ‘Bihotz handiegia’ (Susa) liburuan, Eider Rodriguezek pertsonaia makurrak eraikitzen dituela modu originalean gizakiaren makurdura ezkutuaren bila abiatzeko. “Argi ilunekin jolasten du idazleak goi mailako literatura oparituz betiere. Egungo gizakiak bizi dituen kontraesanei eta dudei aurrea hartzen dien liburua”.

Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) Publizitate eta Zinema ikasketak egin ditu. Editore eta gidoilari lanetan jardundakoa, egun irakaslea da UPV/EHUn. Hiru ipuin-liburu kaleratu ditu: Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010); Irene Nemirovskyren Le bal (Dantzaldia) nobelaren itzultzaile ere bada, eta Santa Familia komikiaren gidoilaria izan da. Bere azken lana Itsasoa da bide bakarra. Joseba Sarrionandia irakurriz saiakera da.

Saiakera Gaztelaniaz saria

Bestalde, Santos Zunzuneguik idatzitako ”Bajo el signo de la Melancolía. Cine, desencanto y aflicción” (Cátedra) entsegua arteari eta emozioari buruzko liburu ederra dela nabarmendu dute epaimahai-kide Nerea Arestik, Ainhoa Fernández de Arroyabek, Juan Manuel Díaz de Guereñuk, Beñat Arginzonizek eta Maria José Martínezek. “Idazkera gogotsu eta zehatz baten bidez, ihes egiten dio gehiegizko erudizioari irakurketa atsegin baten alde, eta liburuak mundu akademikoaren mugak gainditu egiten ditu, gai unibertsalak proposatuz: modernotasuna, amodioa, historia, itxaropena, desengainua, samina, eta heriotza”, zehaztu du epaimahaiak.

Santos Zunzunegui (Bilbo, 1947) Ikus-entzunezko Komunikazioen katedraduna da (UPV/EHU). Zinematografiaren semiologoa, historialaria eta analista da, eta bere liburu nagusien artean aurki ditzakegu Mirar la imagen (1984), El cine en el País Vasco (1985), Pensar la imagen (1989), Robert Bresson (2001), Orson Welles (2005), La mirada cercana (1996), eta La mirada plural (2008), ‘Francisco Ayala’ Saiakerako Nazioarteko Sariaren irabazlea. 2013an, Lo viejo y lo nuevo argitaratu zuen (Cátedra), Caimán. Cuadernos de cine-ko haren bost urteko lana biltzen duena.