euskaraespañol

UPV/EHUk eta Ingurumen Departamentuak Ekonomia Zirkularreko Gela jarri dute abian Ekonomia eta Enpresa Fakultatean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/28

Irudia
Ana Beraza, Agustin Erkizia eta Jose Ignacio Asensio Ekonomia Zirkularreko Gelaren atarian | Argazkia: GFA

Ekonomia Zirkularreko Gela berria aurkeztu da Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatutako gela honen helburua da ikasleak ekonomia zirkularraren arloan prestatzea eta beharrezko ezagutzak eta praktikak ematea, beren curriculuma ekonomia berde, jasangarri eta zirkularrarekin lotutako gaitasun espezifikoekin osa dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, gela honen inaugurazioa mugarri garrantzitsua da Gipuzkoaren etorkizunerako, eta beste urrats bat da jasangarritasunerako bidean. Gela hau, ekonomia zirkularreko gela bat baino gehiago, tresna bat da, zeinak etorkizuneko ekonomialari eta enpresaburuei aukera ematen baitie prestakuntza jasotzeko eta dagoeneko jasangarritasun integratuaren irizpidearekin ateratzeko.

Ana Beraza UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanorde koordinatzaileak (Gipuzkoa) adierazi duenez, «Iraunkortasuna eta Ekonomia Zirkularra Kudeatzeko Gelak, Fakultate honen ardatz estrategikoekin lerrokatuta eta Gipuzkoako Campusaren 2030 estrategiaren testuinguruan kokatuta, jasangarritasunari eta zirkulartasunari buruzko balioak barneratzea sustatzen du ikasleengan, gero enpresa-kudeaketan eta erabakiak hartzean aplikatu ahal izango direnak. Gainera, Ikasgelak enpresa-errealitatera hurbiltzea errazten du, enpresekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan proiektuak garatzeari esker.»

Ekonomia Zirkularreko Gelak, ikasleen prestakuntza osagarrirako interesgarriak diren jardunaldi tekniko espezifikoak eta jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren oinarrizko kontzeptuei buruzko prestakuntza ikastaroak jasotzeaz gain, hiru beka emango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren ildo estrategikoren batekin zerikusia duten gaietan gradu amaierako lana egiteko. Era berean, Ekonomia Zirkularreko Gelari lotutako gradu amaierako lan onenaren sarirako deialdia egingo da. Bertan, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gipuzkoako Ataleko ikasleek ikasturtean zehar defendatutako gradu amaierako lan guztiek parte hartu ahal izango dute, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatutako ildo estrategikoekin zerikusia badute: Ekonomia zirkularra, jasangarritasuna, garapen jasangarriko helburuak, trantsizio energetikoa, azpiegitura berdeak eta klima-aldaketa. Gela horretan, halaber, Ekonomia eta Enpresa Fakultateak emandako Master propio berri bat abian jartzen lagunduko da. Master horren izenburua «Aldatuz» da, eta jasangarritasuneranzko aldaketaren gidaritza eta kudeaketa izango ditu hizpide.

Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak, balioa eman dio Gipuzkoak ekonomia zirkularraren bidean daraman ibilbideari; izan ere, «GKRecycling» klusterrak Gipuzkoako berrerabilpeneko eta birziklapeneko 90 enpresa biltzen ditu. Horrez gain, sektore gisa, honako datu ekonomiko hauek erakusten ditu: guztira, 6.500 lanpostu, eta 1.425 milioi euroko fakturazioa (gure barne produktu gordinaren % 5,3), 650 milioi euro baino gehiagoko inpaktu zuzenarekin Gipuzkoako ekonomian. Foru diputatuak azpimarratu duenez, «une erabakigarri hau aprobetxatu behar dugu Gipuzkoan lidergoa izaten jarraitzeko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko ekonomia zirkularraren arloan. Jasangarritasuna da ziurgabetasun-garai hauetan sendotasuna eta segurtasuna eman diezagukeen gakoa, eta, horretarako, oinarriak jarri behar ditugu ekosistema industrial eta ekonomiko berde, jasangarri, digitalizatu eta bidezkoa izango duen gizarte batean oinarritutako etorkizunerako.

Ildo horretan, Asensio diputatuak azpimarratu du «ekonomia zirkularra eta berdea etorkizuneko ekonomia eta enplegu-sortzaile nagusietako bat izango dela», eta gogorarazi du «Gipuzkoan erronka horren buru izan nahi dugula, horretarako prestatutako profesional eta enpresekin. Ildo horretan, unibertsitatearen sentsibilitatea ezinbestekoa da, trantsizio ekologikoaren irizpideak hezkuntza gaitasunetan sartzen ari baita; izan ere, prestakuntza funtsezko faktorea da gure ekonomia aldatzeko prozesu horretan».