euskaraespañol

Troiako zaldiak bezala, grafeno oxidoak kutsatzaile organikoak sar ditzake arrainetara

Grafeno oxido hutsak eta konposatu organiko batzuekin konbinatuta zebra-arrainetan zer efektu dituzten aztertu dute UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/06

Miren Cajaraville eta Amaia Orbea
Miren Cajaraville eta Amaia Orbea. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

UPV/EHUko CBET ikerketa-taldeak eta Bordeleko Unibertsitateak lankidetzan egindako ikerketa batean frogatu dute grafeno oxidozko nanomaterial hutsak eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoekin konbinatuta toxikotasun-iturri izan daitezkeela arrainentzat, baina gaur egun aurreikusita dauden ingurumen-mailetatik goragoko kontzentrazioetan. Ikerketan erabilitako kondizioetan, ez dute toxikotasun handirik aurkitu, baina ikusi dute eragina badutela biomarkatzaile batzuetan.

Grafenoa karbonoz osatutako bi dimentsioko nanomaterial bat da, oso era trinkoan paketatutako karbono-atomoek osatutako geruza bat. Erresistentzia mekaniko handiak eta propietate elektriko eta termiko garrantzitsuak dituenez, grafenoa oso egokia da aplikazio berri askotarako, hala nola elektronikaren, sentsore biologiko, kimiko eta magnetikoen,  eta fotodetektagailuen arloan, bai eta energia biltegiratzeko eta sortzeko ere. Izan ditzakeen aplikazio guztiak kontuan izanik, espero da grafenoaren ekoizpena asko handitzea datozen urteetan; baina oraindik merkatuan oso zabaldua ez dagoenez eta haren eraginak analizatzeko muga handiak daudenez, gaur egun oraindik ez dago informazio handirik grafenozko nanomaterialek ekosistemetan dituzten kontzentrazioen inguruan.

Grafenoaren gainazal-ezaugarrien ondorioz, ur-inguruneetan dagoenean, grafenoak kutsatzaile organikoen (hala nola hidrokarburo aromatiko poliziklikoen) eramaile gisa joka dezake, eta kutsatzaileok uretako organismoetaraino garraiatu. Horren harira, CBET ikerketa-taldeak (Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian) ikertu du grafeno oxidoak zer gaitasun duen hidrokarburo aromatiko poliziklikoak atxikitzeko eta zenbateraino den toxikoa grafeno oxidoa bera bakarrik eta hidrokarburo aromatiko polizikliko batzuekin konbinatuta zebra-arrain helduetan eta enbrioietan. Ikerketa Bordeleko Unibertsitateko ikertzaile batzuekin batera egin dute.

Malformazioak enbrioietan eta neurotoxizitatea

“Emaitzek agerian utzi dute grafeno oxidoa gai dela hidrokarburo aromatiko poliziklikoak zebra-arrainetara garraiatzeko (Troiako zaldiaren efektu moduko baten bidez), eta efektu subletalak eragiteko. Guk erabilitako kondizioetan, efektu toxikoak ez dira izugarriak izan, ez da arrainik ez enbrioirik hil, baina biomarkatzaileetan hauteman ditugu efektu batzuk adi egoteko ohartarazten digutenak”, adierazi du Amaia Orbea UPV/EHUko CBET taldeko doktoreak.

Batetik, hauteman dute enbrioietan malformazioak izan daitezkeela kontzentrazio altuetan; “horrek esan nahi du esposizio luzeagoetan eta kontzentrazio altuagoetan litekeena dela animalia bideraezinak sortzea”, dio Orbeak. Bestetik, ikertzaileek ikusi dute “epe luzean, hiru astean, tratatutako arrain guztietan azetilkolinesterasa entzima, nerbio-kinadak geldiarazten dituen entzima, inhibituta zegoela; beraz, nahiz eta kontzentrazio oso alturik ez erabili, ikusi dugu esposizio-denbora luzatzean efektu neurotoxikoak agertzen hasten direla”, adierazi du ikertzaileak.

“Guk kontzentrazio eta denbora-tarte jakin batzuk erabili ditugu, baina hemendik aurrera ez dakigu kontzentrazio horiek naturan zer bilakaera izango duten, ez eta beste kutsatzaile batzuekin batera zer eragin izan dezaketen ere. Emaitzek erakutsi digute une honetan ingurunean egon daitezkeen kontzentrazioak ez direla oso arriskutsuak, baina kontuz ibili behar dugu: ez dakigu kontzentrazio txikiek esposizio luzeagoetan zer eragin izan dezaketen. Guk ateratako emaitzak gure esperimentuen kondizioenak dira. Gero ingurunean ez dugu aurkitzen grafenoa bakarrik; grafenoarekin batera beste kutsatzaile asko eta asko izango ditugu animalietan eragiten… Dena batera izan beharko genuke kontuan”, ondorioztatu du.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ignacio Martínez Álvarez doktoregaiaren nazioarteko tesi kotutelatuaren atal bat da. UPV/EHUk finantzatu du ikerketa; Amaia Orbea da UPV/EHUko tesi-zuzendaria eta Hélène Budzinski da Bordeleko Unibertsitateko tesi-zuzendaria. Ikerketa Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean eta PiE - Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroan egin da, Polymat-ekin lankidetzan.

Erreferentzia bibliografikoa