euskaraespañol

Babes sozialak, adimen emozionalak eta autokontzeptuak eskola-errendimendua hobetzen dute

Irakasleak eta familia funtsezkoak dira eskola-egoeran, UPV/EHUko ikerketa baten arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/07

Irudia
Oihane Fernández Lasarte. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Nerabezaroan eta gaztaroan adimen emozionala eta eskola-errendimendua edo eskola-egoera sexuaren eta adinaren arabera nola aldatzen diren aztertu du Oihane Fernández Lasarte UPV/EHUko PSIKOR ikerketa-taldeko ikertzaileak. Emaitzek baieztatu dute alde nabarmena dagoela mutilen eta nesken artean adimen emozionalari eta eskola-egoerari dagokionez. Mutilek emaitza hobeak azaldu dituzte adimen emozionalean, eta neskek, berriz, eskola-errendimenduan.

“Emozioak hautemateko, ulertzeko eta egokitzeko gaitasun gisa defini daiteke adimen emozionala, eta ikasleen eskola-errendimenduan kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsu bat da”, adierazi du Oihane Fernández Lasarte UPV/EHUko PSIKOR ikerketa-taldeko ikertzaileak. Gainera, “babes soziala hautematea eta autokontzeptua (nork bere burua ezagutzea) ere eskola-arrakastarekin zerikusia duten aldagaiak dira”, erantsi du.

Horrenbestez, lan honen helburua izan da ikustea nola aldatzen diren adimen emozionala eta eskola-errendimendua sexuaren eta adinaren arabera, eta aldagai horien guztien arteko lotura aztertzea; halaber, egiaztatu dute eskola-egoera autokontzeptuaren eta adimen emozionalaren araberakoa dela neurri handi batean, eta horiek guztiak irakasleen, familiaren eta lagunen aldetik hautemandako babesaren mende daudela. “Bigarren Hezkuntzako eta UPV/EHUko 1.894 ikaslek hartu dute parte ikerketan. Izan ere, uste dugu nerabezaroa eta gaztaroa hainbat aldaketa, eta maila askotarikoak gainera, gertatzen diren bi etapa direla eta haien ondorioz sor daitezkeela desoreka-arriskuak eta maila pertsonalean, sozialean eta eskola-ingurunean egokitzeko beharra”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Lortutako emaitzek erakutsi dute, alde handiarekin, adimen emozionalaren alde egiten dutela mutilek eta eskola-egoeraren alde neskek. “Neskek emozioei jaramon handiagoa egiten badiete ere, mutilek argitasun eta erreparazio emozional hobea azaltzen dute”, azpimarratu du Oihane Fernández Lasartek. Bestalde, “neskek errendimendu akademiko altuagoa, irakasleekin zein gainerako ikasleekin eskolan integratzeko erraztasun handiagoa eta aukera akademiko handiagoak ere badituzte”. Eta genero-estereotipoaren eragina izan daitekeela aipatzen du lanaren egileak; alegia, gaur egungo gizarteak eta hezkuntzak ezaugarri ezberdinak espero dituela neskengandik eta mutilengandik. Horrexegatik, “behar-beharrezkoa da estereotipo horiek puskatzeko hezkuntzak egin beharreko lana”,  azpimarratu du.

Oro har, “Bigarren Hezkuntzan balio horien puntuazioa gainbehera datorrela  berretsi dugu, eta, aldiz, ikusi dugu balio horiek leheneratu edo hobetu egiten direla unibertsitate-garaian”, dio Fernández Lasartek. “Halaber, ezustean, ikusi dugu emozioen inplikazioak behera egiten dutela unibertsitate-garaian, eta horrek eragiten ditu motibazio-galera, interes-falta…”.

Era berean, espero zuten lotura dute aldagai guztiek: zenbat eta babes handiagoa eskaini irakasleek, familiak eta lagunek, orduan eta handiagoa da ikasleen eskola-errendimendua; zenbat eta autokontzeptu hobea izan, orduan eta handiagoa da eskola-errendimendua; eta adimen emozionala handitzen den neurrian, eskola-errendimendua ere hobetzen da.

Lan honen beste ekarpen garrantzitsu bat da autokontzeptuak aldagai psikologiko gisa duen indarra, horrek mugatzen baitu eskola-errendimendua. Adimen emozionala, ordea, bera bakarrik ez da gai horretarako. Hau da, “adimen emozionalak berak bakarrik ez du eraginik eskola-errendimenduan, nik hala uste banuen ere, autokontzeptuaren laguntza behar du. Adimen emozionala hobetzen bada eta aldi berean autokontzeptua hobetzea lortzen bada, kasu horretan, nabarmen hobetzen da eskola-errendimendua”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Azkenik, ikertzaileak nabarmendu du irakasleek zeresan handia dutela ikasleen eskola-errendimendua baldintzatzen duten aldagaietan, eta familiak, aldagai psikologikoetan (adimen emozionala eta autokontzeptua). Horrenbestez, “komeniko litzake emaitza horiek guztiak kontuan hartzea eta eragile bakoitzak lan egitea indar handiena egin lezakeen aldagaietan ”, adierazi du Oihane Fernández Lasartek.

 

Informazio osagarria

Oihane Fernández Lasarte (Mutriku, 1979) doktore-tesiaren barnean egin da ikerketa hau. Doktore-tesiaren izenburua ‘Inteligencia emocional y ajuste escolar en la adolescencia y juventud’ da, eta UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia saileko Eider Goñi Palacios eta Hezkuntzaren Teoria eta Historia saileko Igor Camino Ortiz irakasleek zuzendu dute.