UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak ingurumen jasangarritasunean aurrerapausoak emateko programa aitzindari bat jarri du abian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/16

Jose Ignacio Asensio, Agustin Erkizia eta Juantxo Agirre. Argazkia: UPV/EHU

Mundu mailako Global Action Plan (GAP) GKEa Gipuzkoara iritsi da, eta BerrAktibatu+ programa ekarri du. Programa horren bitartez, herritarrak bizimodu aldaketan konprometitzea lortu nahi da, lurraldearen jasangarritasunean aurrerapausoak emateko. Hizpide dugun programa Aktibatu+ programaren jarraipena da. 2012-18 urteen artean egon zen indarrean Bizkaian, eta 4.000 etxek baino gehiagok, 112 udalerrik, 66 irakaskuntza zentrok eta 3 unibertsitatek hartu zuten parte; guztira, 57.000 pertsona baino gehiago engaiatu ziren.

Programa pixkanaka ezarriko da Gipuzkoan, 2019tik 2021era bitartean, bi ardatz edo lantalde paralelotan oinarrituta: unibertsitate komunitatea eta etxeak. Bere helburuak bat datoz Nazio Batuen 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuekin.

Lehen urratsa, UPV/EHUn

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren finantzaketari esker, urri honetan jarriko da abian BerrAktibatu+ programa, eta 2019/20ko ikasturtea amaitu arte egongo da indarrean UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko hiru zentrotan: Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Carlos Santamaría Zentroa. 

Bizkaiko Campuseko lau zentrotan 2018/19ko ikasturtean aplikatutako metodologia arrakastatsuaren bidetik, Gipuzkoako Campuseko hiru zentrootan ekintza talde bana sortu da, irakaslez, ikerlariz, administrazio eta zerbitzuetako langilez eta ikaslez osatua. Elkarlanean ariko dira, ingurumen jasangarritasunaren arloan hobekuntza esparruak identifikatzeko (ura, mugikortasuna, energia, erosketa/hondakinak edo elikadura) eta ekintza errazak proposatuko dituzte helburu honekin: unibertsitate komunitatearen kontsumo ohiturak eta bizimodua aldatzea.

Horretarako, hasierako auditoria egingo dute, zentroon egoeraren diagnostikoa beroietan landu asmo diren gaiak kontuan hartuta egiteko, eta ekintza eta komunikazio kanpainak diseinatuko dituzte zentro bakoitzeko pertsona guztien ohiturak hobetzeko. Programaren hirugarren fasean, beste auditoria bat egingo dute, kanpainen eragina zenbatesteko. Amaierako fasean, egindako lana ezagutzera emango zaio komunitate osoari, eta lortu diren emaitzen ebaluazioa egin, eta etengabeko hobekuntzarako ekintza gehiago proposatuko dira. Programa hau UPV/EHUko ingurumena eta osasuna kudeatzeko planaren (2019-2025) barnean dago.

Gainera, programa kudeatzeko eta ezagutarazteko estrategian elementu garrantzitsua da Aranzadi Zientzia Elkartearekin hasitako lankidetza, Gipuzkoan programa ezartzeko. Erakunde hori arduratuko da programa Gipuzkoan sustatzeko egingo diren jarduera guztiez, programa kudeatzea eta lankidetza sareak sustatu eta ezartzea barne.

BerrAktibatu+ programa UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan aurkeztu da. Bertan izan dira: Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, eta Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia.