euskaraespañol

Mugaz gaindiko campusak online egingo du urteroko hitzordua, Euskampus-Bordeaux Eguna

Noiz eta non

2020/10/30, 09:45

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Urriaren 30ean, ostiralarekin, Euskampus-Bordeaux Eguna 2020 egingo da. Urteroko hitzordu handi horretan Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campusak eta haren jakintza guneek erdietsitako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta jakinaraziko dira. Erronka zientifiko, teknologiko eta sozial handiei erantzuteko xedea duen punta-puntako ikerketara bideratuta daude. Osasun egoera dela eta, ekitaldia estreinakoz online emango da. Covid-19aren pandemiari buruzko mugaz gaindiko eta disziplina anitzeko elkarrizketak hasiera emango dio jardunaldiari.

Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko campusa duela ia hamar urte sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta haren helburuak dira ikasleei, irakasleei eta langileei irakaskuntza, ikaskuntza eta gaikuntzarako ingurune berdingabe bat ematea; lankidetza ikerketako espazio puntako bat ezartzea Europan; eta enpresekin, gizarteko erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin, ezagutza eta berrikuntzaren aldeko lurralde ekosistemak sustatzea. Euskampus-Bordeaux Eguna baliagarria da ekimena osatzen duen komunitateak urtean zehar egin diren mugaz gaindiko ekimenen aurrerabideak ezagutzeko eta partekatzeko.

Zehazki, aurtengo Euskampus-Bordeaux Egunari hasiera emateko COVID-19aren pandemiari buruzko mugaz gaindiko eta disziplina anitzeko elkarrizketa bat eskainiko da. Ondoren, Euskampus Erresilientzia Programaren bidez hautatu eta finantzatu diren COVID-19ari buruzko erronken inguruko lankidetza proiektuak aurkeztuko dira, UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko, Tecnaliako eta DIPCko ikertzaileek eginikoak. Inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozial handia izateko potentziala duten 9 proiektu dira, eta zenbait gai lantzen dituzte: diagnostiko eta pronostiko fidagarria; prebentzio eta tratamendu eraginkorra; kutsatuen jarraipena eta trazabilitatea; mehatxu biologikoen aurkako babesa eta ekipamendua; eta krisi honi eta etorkizunean etor daitezkeenei aurrea hartzea eta garaitzea.

Jarraian, bi proiektu aurkeztuko dira: OCEAN i3 proiektua, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko askotariko diziplinetako ikasle-irakasleen parte hartzea duena, ozeanoetako plastikoen kutsaduraren arazoa aztertzen duena; eta ENLIGHT Europako Unibertsitatea proiektua, kontinente osoko 9 unibertsitateren asmo handiko nazioarteko ituna. Azken horretan parte hartzen dute UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak, eta Europako Batzordeak hautatu zuen helburu handi batekin: Europako goi-mailako hezkuntzaren espazioa eraldatzen laguntzea, ekitatea, jasangarritasuna eta herritartasun globala sustatuta.

Horren ondoren, mugaz gaindiko lankidetza laborategien aurrerabideak eta berritasunak aurkeztuko dira. Nazioarteko programa bateratu horietan Euskadiko eta Akitania Berriko zenbait erakundetako lantaldeak elkarrekin aritzen dira eta lau urterako definitutako jarduketa plan egonkor bat dute: lankidetzako ikerketa proiektuak, tutoretza bateratuko tesiak, ikerketako egonaldiak, graduondoko prestakuntzaren sustapena, etab.

Azkenik, Euskampus-Bordeaux Eguna amaitzeko ekitaldian parte hartuko dute, 12:30ean, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak, Ricardo Diez DIPCko zuzendariak, Iñaki San Sebastián Tecnaliako zuzendariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Mathieu Bergé Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko ordezkariak.

Jardunaldiaren programa:

9:45 – 10:00 Saioaren hasiera eta ongietorria

10:00 – 10:40 COVID19ari buruzko mugaz gaindiko elkarrizketa
Rodolphe Thiebaud; Bordeleko Unibertsitateko Osasun Publikoko Saileko zuzendaria; Marie-Line Andreola, Bordeleko Unibertsitateko Oinarrizko Mikrobiologia eta Patogenotasuneko Laborategiko zuzendarikidea; Sara de la Rica, UPV/EHUko Ekonomia katedraduna; eta Joseba Laka, Tecnaliako IKTko saileko zuzendaria. Moderatzailea: Joanne Pagèze, hizkuntzalaria eta Bordeleko Unibertsitateko Nazioartekotzeko presidenteordea.

10:40 – 11:150 Euskampus Erresilientzia proiektuen aurkezpena
Olivier Pujolar, Bordeleko Unibertsitateko Lankidetzetarako errektoreordea; eta Ricardo Díez, DIPCko zuzendaria – Proiektuetako ikertzaile nagusiak.

11: 15 - 11:30 Atsedenaldia

11:30 – 11:40 Ocean i3 (bideoa)

11:40 – 11:50 ENLIGHT aurkezpena
Marta Barandiaran (UPV/EHU) eta Joanne Pagèze (Bordeleko Unibertsitatea) Nazioartekotzeko errektoreordeak 

11:50 – 12:20 Mugaz gaindiko laborategien aurkezpena (LTC 2020)
Philippe Moretto, Bordeleko Unibertsitateko ikerketaren arloko errektoreordea; eta Fernando Tapia, Garapen Zientifikoaren eta transferentziaren arloko UPV/EHUko errektoreordea – LTCetako ikertzaile nagusiak.
 

12:20 – 12:30 Euskampus Bordeaux urte nagusiaren txupinazoa
Julieta Barrenechea, Euskampus Fundazioa.


12:30 – 13:00 Amaiera ekitaldia
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñon de Lara, DIPCko zuzendari Iñaki San Sebastián, eta Tecnaliako zuzendari Ricardo Diez, Eusko Jaurlaritzako eta Akitania Berriko Eskualdeko Kontseiluko ordezkariak lagunduta.

13:00 - 13:10 Saioaren amaiera.