euskaraespañol

Arcadia 5 biltzarra, pertsonen burujabetza indartzen dituzten eta kultura aldeak errespetatzen dituzten espazioei buruzkoa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/10

Irudia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendari Fernando San Martinek Juan José Arrizabalaga UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren zuzendariarekin eta Alex Mitxelena, Kalitate eta Ikasketa Berrikuntzarako zuzendariordearekin batera, «Arcadia 5 Arkitektura eta habitata. Pertsonen burujabetza» kongresua aurkeztu du. Urriaren 18an eta 19an, ostegun eta ostiarala, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

Kongresuan, lau mahai-inguru egingo dira. Batek «hiria genero ikuspegiarekin» izango du aztergai, eta beste batek lurraldeen nortasun kulturalaren galera dakarren globalizazioaren ondorioak. Bertan, lurraldeen nortasun kulturala berreskuratzearen eta indartzearen alde egingo da. 

Kongresu hau UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren proiektu baten baitakoa da, eta Lankidetza Zuzendaritzak 16.500 eurorekin lagundu du.

Garapen Jasangarrirako Helburuetatik eta Agenda 20/30etik ondorioztatzen den ikuspegi berriak, zehazki Garapen Jasangarrirako 11. Helburuak, aholkatzen du lan egitea hiri eta komunitate jasangarriak ere lortzeko. 2015ean, ia 4.000 milioi lagun hirietan bizi zen, eta aurreikusten da kopuru hori 5.000 milioira igotzea 2030ean. 

Arkitektura eskola tradizionalak gaitasun teknikoetan oinarritzen dira batez ere, eta, askotan, giza gaitasunak alde batera uzten dituzte.  Gaur egun, prestakuntzarako joera eta proposamen berriak ari dira sortzen, profesionalek gaitasun konplexuagoak behar dituztelako egungo lan moldeetan konpontzeko. Gauzak horrela, irakasle talde bat, unibertsitateko gizarte konpromisoaren atalaren barruan, garapenerako lankidetzaren eta arkitekturaren inguruko lan sorta bat egiten ari da; horren adibide da Arcadia Kongresua.

Gure bizilekuak bizimodua baldintzatzen digu. Haren presentzia ezinbestekoa eta etengabekoa izanik, ez gara jabetzen zer neurritan den oztopo edo lagungarri. Hala izanik, arcadia5 biltzarrak pertsonen subiranotasuna ahalbidetzen duten espazio eta habitatetan jarri du arreta.

arcadia5ek aurreko edizioen jarraipen bat izan nahi du, nahiz eta honakoan interes-gunea planeta honetan bizi garen pertsonetan jarri nahi duen, baita pertsonen arteko erlazioak egituratuko dituen arkitekturan, zeinak espazioetan, herrietan, etxeetan, herri txiki zein hirietan bizi diren pertsonen beharrei, bizipenei eta ametsei erantzungo dien, eta haien berezitasun, ezaugarri eta diferentzia kulturalak eta identitarioak kontuan hartuko dituen.

Halako arkitekturak diseinu prozesu integratzaile baten beharra du, non erabiltzaile, diseinatzaile, hiritar eta profesionalen elkarlana ahalbidetuko den, eta zeinak emaitza aberastuko duen, haren konplexutasun eta dibertsitateagatik. Era berean, honelako talde-lanek eta prozesu parte-hartzaileek parte-hartzaile guztien subiranotasuna bultzatuko lukete.

Marko honetan, kongresuaz gain, beste bi jarduera antolatuko dira:

  • Ikasleek arkitektura egiteko beste modu bati buruz egindako lanen erakusketa bat, egun horietan aurkeztuko dena eta izaera ibiltaria izango duena arkitektura elkarkidetza profesionalei, ikastetxeei eta UPV/EHUko beste zentro batzuei aurkezteko. 
  • Laburpen liburu baten argitalpena, ahozko komunikazioekin; eta akta liburu bat, kongresuan aurkezten diren artikuluen artean hautatzen direnekin, web difusioa osatzeko.