euskaraespañol

Naiara Ozamiz, Amaia Eiguren, Iratxe Redondo, Joana Jaureguizar, Maitane Picaza, María Dosil, Nahia Idoiaga eta Naiara Berasategui

COVID-19aren kostu psikologikoa

Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/15

Irudia
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2020. urte hasieran, koronabirus berriak eragindako gaixotasuna (COVID-19) Txina osoan zabaltzen hasi zen. Mundua egun batetik bestera aldatu zen inoiz ez bezalako pandemia baten ondorioz, eta, beste alarma egoera batzuetan egiaztatu den bezala, ez du gizartea ez hotz ez bero utzi. Arrisku medikoetatik haratago, pandemia horren eragin psikologiko eta soziala eztabaidaezina da.

Urrutira joan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), otsailaren 28an antzeman zuten lehen kasua, eta, martxoan, izugarri igo zen kasu kopurua. Baieztatutako kasuen eta heriotzen gorakada azkarrak estresa, antsietatea eta depresioa eragin zituen. Txinatik (kaltetutako lehen herrialdea) heldu ziren ikerketen arabera, ezezagunarekiko beldurrak eta ziurgabetasunak buruko gaixotasunak eragin litzakete, baita somatizazioa eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa areagotzea ere.

Espainian zer neurritan gertatzen zen egiaztatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) diziplinarteko bi taldek ikerketa bat egin zuten pandemiaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko 976 pertsonarekin. Lortutako datuek erakutsi zuten EAEn jasotako laginaren estres, antsietate eta depresio mailak Txinan egindako azterketan jasotakoak baino txikiagoak izan zirela.

Gainera, emaitzek erakutsi zuten, espero bezala, gaixotasun kronikoak zituzten pertsonek antsietate, estres eta depresio maila handiagoak zituztela, pertsona osasuntsuen aldean. Bestalde, aurkitu zen estresak eta depresioak gora egiten zutela itxialdi denbora luzatu ahala, eta sintomatologia handiagoa zela emakumeen artean gizonen artean baino.

Erruduntasuna haurtzaroan

Zer sentitu dute haurrek COVID-19ak eragindako konfinamenduan? 2 eta 14 urte bitarteko haurren inguruko ikerketek erakusten dute errealitate berri honek nola eragiten dien arlo fisikoan, emozionalean, sozialean eta akademikoan. Hain zuzen, zenbatesteko, 1.000 adingabe baino gehiagoren marrazkiak eta galdera itxien erantzunak bildu genituen.

Horiek aztertuta, ondorioztatu genuen adingabeek beldurra eta erruduntasuna sentitzen dutela, batez ere, aitona-amonak infekta ditzaketela pentsatzen dutelako. Eta horrek gatazka sozial eta emozionalak sortzen dizkie. Aldi berean, adin bereko pertsonekin elkartzeko eta kanpora irteteko premia larria hauteman genuen.

Beraz, garrantzitsua da gobernuek adingabeak kontuan hartzea politika sozialak eta inklusiboak kudeatzen dituztenean, pandemiaren balizko ondorioak arintzeko.

Gazteak eta helduak, estresatuta

Gure azterlanetan, halaber, estres, antsietate eta depresio maila oso handiak antzeman ditugu 18 eta 25 urte bitarteko taldean, 26 eta 60 urte bitarteko taldearen gainetik. Azterlaneko lagin gazteenen artean gehienak ikasleak ziren, beraz, horregatik azal liteke gazteek hezkuntza testuinguru berrira –aurrez aurreko eskolarik gabe– egokitzeko beharragatik bizi duten estresa.

Ildo horretan, eta hezkuntza erakundeek hasieratik abiarazi bazituzten ere online prestakuntza estrategiak, badirudi ez zuela balio izan gazteak ziurgabetasun une horietan lasaitzeko. Horregatik, ikertzaile taldeak azterlan pilotu bat egitea erabaki zuen, ikasleei erlaxazio teknikak irakasteko, haien antsietate maila jaisteko eta gaur egun Espainian dauden psikofarmakoen abusu tasa handiak saihesteko.

Era berean, gure ikertaldeak unibertsitateko ikasleentzako gomendioen gida bat argitaratu zuen.

Eta, zer gertatzen da adinekoekin? SARS-CoV-2 gaixotasunarekiko zaurgarriak direnez, egoeraren alderik txarrena bizi dute, baina, psikologikoki, ez dira gaizki irten. Bai heldu gazteek (18-30 urte) bai 31 eta 59 urte bitartekoek, adinekoen aldean (60-82 urte), estres, antsietate eta depresio maila handiagoak dituzte. Izan ere, 60 urtetik gorako 260 pertsonarekin egindako azterlan batean ikusi genuen parte hartzaile gehienek ez zutela ez estresik, ez depresiorik; gaixotasun kronikoak zituztenek, aldiz, sintomatologia psikologiko handiagoa zuten.

Osasun langileen estresa

Une honetan inork ez du eztabaidatzen osasun langileek lan estresatzaile oso gogorrei egin behar izan dietela aurre; besteak beste, lanaldi luzeei, lan gainkargari, segurtasun jarraibide eta neurri zorrotzei, kontzentrazio eta zaintza etengabeari, babes ekipamendu eskasiari eta kontaktu sozialaren murrizketari. Gainera, askok ez zuten prestakuntzarik egin behar izan zituzten lanetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egindako azterlan batean, emaitzek erakutsi dute COVID-19aren pandemiak estresa, antsietatea, depresioa eta insomnioa eragin dituela osasun langileen artean. Eta maila horiek bereziki altuak ziren emakumeen eta langile zaharrenen artean. Birusarekin kontaktuan egon izanak, esaterako, sintomatologia handiagoa eragin zuen.

Gure ustez, merezi du bizitzen ari garen pandemiaren ondorioz ager daitezkeen behar psikologikoak identifikatzen jarraitzea. Batez ere, erantzun efiziente bat emateko eta pandemiak eragin ditzakeen ondorioak prebenitzeko. Orduan bakarrik egongo gara prest etorkizuneko mehatxu epidemiologikoei aurre egiteko (osasun mentalean izan ditzaketen ondorioak barne).