euskaraespañol

Miguel Ángel Oribe eskultorearen ‘Harrapatutako arkitekturak’ lana ikusgai

Erakusketa martxoaren 27etik apirilaren 13era egongo da publikoarentzat zabalik UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/27

Irudia

Miguel Angel Oribe lasartear eskultoreak ‘Harrapatutako arkitekturak’ izeneko lana aurkeztu du. Erakusketa Gipuzkoako ehukultura programaren barruan antolatu da, eta martxoaren 27etik apirilaren 13era egongo da publikoarentzat zabalik UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian. Ekitaldian Antonio Casado UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Hedakuntzako zuzendaria izan da.

Miguel Angel Oribek lan honi buruz honakoa dio: “Zirkuluenganako eta, batez ere, zirkuluen hutsarteenganako izan nuen erakarpen ulertezinarekin hasi zen eskulturen hutsarteaz duten interesa. Lana definitzeko erabiltzen duten ardatza edo oinarria hutsartea da, guztiaren hasiera eta amaiera, guztiak horretara narama, Hutsartea da nire lana mamitzen duen  elementua. Arkitekturan hutsartea lanerako gaia da, pertsonen bizilekua; artean materiari kendutako tarte hori da hutsartea. Zein da hutsarte horren esanahia? Hortik barrena bidaiatzeko ideiarekin zerikusia duela uste dut, igarotzearekin, misterioarekin, ezagutzen ez dugunarekin, amaiera ezezaguna duen bidai baten ideiarekin. ‘Kasu’ askotan horma edo zutabe batetik hasten ditut nire artelanak. Bestetan, bizitzeko lekuak besterik ez diren aterpeak sortzen ditut”.

“Nire kasuan-dio Oribek- arkitektura eta arkitekto batzuen eragina da hutsarte horren abiapuntua, besteak beste, Van der Roherena, Aalto Niemeyerrena, Tadao Andorena eta Peña Gancheguirena. Baita, arkitekto izan gabe, nire miresmena izan duten eta nire ideietan inspirazio iturri izan diren Jean Arp, Gerardo Rueda edo Palazuelo bera ere. Ez ditut objektu artistikoak bilatu nahi-jarrai lasartear eskultore honek-objektu artistiko horiek edukiontzi (kontenedore) bihurtu nahi ditut, igaroleku izango diren guneak, bizitzeko balio duten hutsarteak, gizakiarentzat babeslekuak izango diren egiturak. Isiltasunez betetako hutsarteak sortzen saiatzen naiz, gogoetarako, hausnarketarako. Bertara sartzeko hutsartea, espazioaz osatutako lekua, benetakoa den gune ikusezina, dagoena, existitzen dena. Hitz batez, arkitektura nire eskulturetan barneratua dago. Oteizak, arkitektoa hutsarteen eraikitzailea zela esaten zuen eta ni, eskultore izanda, arkitekturatik gertuago sentitzen dut nire burua eskulturatik baino”.