Passion for Knowledge 2019 jaialdian 10.000 pertsonak hartuko dute parte

Gaur irekiko da izen ematea jaialdiaren webgunean: p4k.dipc.org

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/03

Pedro Miguel Etxenike eta Ricardo Díez. Argazkia: DIPC

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatuta, Passion for Knowledge (P4K) 2019 jaialdian azken urteotako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetakoen protagonista izan diren zazpi Nobel saridunek eta ikertzaile handiek parte hartuko dute. Edonoren esku dagoen luxu bat izango da aditu horiekin ikasten jarraitzea eta zientifikoki ongi informatutako gizartea bultzatzea.

Passion for Knowledge (P4K) 2019 nagusiki Donostian izango da, 2019ko irailaren 30etik urriaren 5era, baina ekintzak antolatu dira Bilbon, Iruñean eta Bergaran ere. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatu du jaialdia.

Jaialdi erraldoi honetan zazpi Nobel saridunek eta mundu mailako ikertzailek ezagutzarekiko pasioa piztuko dute jarduera ezberdinetan parte hartuko duten milaka herritarrengan: edonoren esku dagoen luxu bat izango da, esaterako, Victoria Eugenia antzokiko, Guggenheimeko edo Baluarteko Hitzaldi Nagusietara joatea.

Diziplina zientifiko ezberdinetako nazioarteko hainbat Nobel saridunen eta ospetsuen eskutik, bertaratutakoek astrofisika, kosmologia, fisika kuantikoa, botanika, biomaterial adimendunak edo paleoantropologia bezalako gaiak ezagutzeko aukera izango dute.

Gonbidatuen artean daude, esaterako, pulsarra deskubritu zuen Jocelyn Bell Burner zientzialaria; Barry Barish grabitazio uhinen astrofisikaria (Fisikako Nobel Saria, 2017); Jean-Pierre Sauvage makina molekularren diseinatzailea (Kimikako Nobel Saria, 2016); Martina Martinon paleoantropologoa eta Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) zuzendaria; eta Serge Haroche fisika kuantikoan aditua (Fisikako Nobel Saria, 2012), besteak beste.

2019an Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea ospatzen da, eta Passion for Knowledge (P4K) jaialdiak bere osagaietako bat omenduko du: wolframa (W), 1786an Elhuyar anaiek lehen aldiz Bergaran isolatu zuten elementua.

Victoria Eugenia Antzokian izango da, halaber, Bertso Passion ekimenaz gozatzeko aukera, zientzialarien aparteko begirada eta Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Iñaki Murua bertsolarien errima kantatuen edertasun eta asmamena uztartuz; edo dagoeneko ezagunak diren Naukas Passion saioak, Espainiako dibulgatzaile ezagunenen parte hartzearekin. Halaber, Creativium argazki-erakusketa inauguratuko da jaialdiaren baitan: gizabanakoaren sormenari eta bere alderdi ezberdinei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaituen diziplinarteko proiektua. Bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko Topaketak antolatu dira laugarren edizio honetan ere, Donostian eta Bilbon. Topaketa horietan Euskal Herriko 100 ikastetxek parte hartuko dute gutxi gorabehera. “Topaketa horien helburu nagusia da bokazio zientifiko teknologikoak sustatzea eta ezagutzarekiko pasioa piztea”, dio Pedro Miguel Etxenikek, P4K 2019ko presidenteak.

Gainera, larunbat goizean Passion Txiki izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri bilduko ditu: esperimentu tailerrak, ipuin-kontalari zientifikoak, jolasak, eta abar.

Bestalde, zientzia zabaltzea gero eta garrantzitsuagoa denez, P4Kren edizio honek dibulgazioaren arloan trebatzeko jarduerak antolatu nahi izan ditu komunitate zientifikoko gazteenentzat: Doktorego-ikasleen trebakuntza. Halaber, nazioarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazioarteko eskola bat ere izango da: Dynapeutics.

Antolatzaileek berariaz eman dizkiete eskerrak jaialdia diruz lagundu duten erakundeei: “Passion for Knowledge 2019 antolatu ahal izan dugu DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker (Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila -, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP eta CAF); halaber, berariazko finantziazioa jaso dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, bere BERC programaren bidez. Bestalde, jaialdiak diru-laguntza jaso du Zientzia eta Teknologiaren Espainiako FECYT Fundaziotik – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, eta CFM eta CIC nanoGUNE ikerketa-zentroen elkarlan berezia izan du”.

DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiñok gaineratu duenez, “Passion for Knowledge munduko zientzia dibulgazio jaialdi onenetakoa da, eta ez dira gure hitzak horiek, edizio honetako gonbidatuetako batek, William Friedman Harvard Unibertsitateko Lorategi Botanikoaren zuzendariak esandakoak baizik”.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Pedro Miguel Etxenikek beti DIPC gidatu duen ideia azpimarratu du, “zientzia balio kultural, ekonomiko eta estetikoa da”, eta gogora ekarri ditu  André Brahic astronomo frantziarraren hitzak: "Ideia zientifikoen historia eskola bikaina da ezagutzarekiko pasioaren zerbitzura dauden ezaugarri nagusiak lantzeko: zalantzak, apaltasuna, zorroztasuna, zintzotasuna eta espiritu kritikoa".

Jaialdian antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Edukiak gaztelaniara, ingelesera eta euskarara itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da entzuleen eskura, eta hitzaldi nagusiak zuzenean emango dira streaming bidez, jaialdiaren web-orrian eta EITB Cosmos-en.

Passion for Knowledge (P4K) 2019n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org