euskaraespañol

Elena Vecino

Glaukoma, munduan atzera bueltarik gabeko itsutasunaren lehenengo kausa: sendatuko al da inoiz?

Zelulen Biologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/10

Elena Vecino, Zelulen Biologiako katedraduna
Elena Vecino, Zelulen Biologiako katedraduna | Argazkia: UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Populazioaren % 3,5ak glaukoma du 40 eta 80 urte bitartean. Eta hori asko da. Ideia bat egiteko, 111 milioi pertsonak pairatuko dute 2040an gaixotasun neurodegeneratibo larri hau, nerbio optikoari eragiten diona, munduan itsutasun itzulezinaren lehendabiziko kausa.

Glaukomaren arazo nagusietako bat da ikusmen galera ikusmen eremuaren periferiatik hasten dela, ezer ere nabaritu gabe; hortik datorkio ‘gaixotasun isilaren’ ezizena. Galera hori detektatzen dugunean, neuronen erdiak hil dira, batez beste, eta ezin ditugu berreskuratu, alzheimerrean gertatzen den bezala.

Zorigaiztoko presioa

Glaukomaren mota ezberdinen artean, angelu irekikoarena da Europako populazioari gehien eragiten diona. Begi-barneko presioaren handitzea du ezaugarri nagusia, begiaren barruan behar baino likido gehiago metatzen denean. Likido horren eginkizuna da ikus-organoaren barruko zelulak elikatzea eta, presio normalari eusteko erritmoan sortu eta ezabatu behar da.

Likido hau sortzeko ardura duten zelulek (gorputz ziliarra) maila optimotik gora ekoizten badute edo, horren ebakuatzeko iragazketa-prozesuan eragozpenen bat bada, presioa handitu egiten da. Bulkada hori erretinara transmititzen denean eragiten da ikusmen galera, bertan baitago begiaren nerbio aldea –atzeko aldean–, mezua garunera eramaten duten zelulak hiltzen direlarik.

Nola tratatzen da glaukoma?

Tratamenduak gaixotasunaren aurrerabidea gelditzera bideratuta daude, begi barruko presioa murrizten ahaleginduz. Hala ere, gaur egun ezin da lehengoratu eta galdutako ikuspegia berreskuratu. Honako hau da gaixotasunaren larriagotzea eragozteko terapien ordena:

  1. Tanta-formako medikamenduak, umore urtsuaren ekoizpena murriztera edo fluido horren drainatzea hobetzera bideratuta oro har.
  2. Laser terapiak fluidoa drainatzeko erabiltzen den kanalean. Helburua da drainatze hori handitzea eta begi barneko presioa murriztea tantek arrakastarik ez dutenean.
  3. Kirurgia, drainatze eremu baten irekiera edo umore urtsuaren iragazketa (trabekulektomia) areagotzeko edo drainatze gailu bat ezartzeko. Honetara jotzen da, arestiko bi faseek begi barneko presioa murriztea lortu ez dutenean.

Abian diren ikerketak

Nahiz glaukoma aurkitu zenetik 150 urte baino gehiago igaro diren arren, ez gara gai  izan zergatik gertatzen den eta nola garatzen den argitzeko. Egia da presioa murrizteko teknikak hobetu direla, baina oraindik ez dakigu nola babestu edo birsortu galdutako neuronak.

Edozein gaixotasun aztertzeko, beharrezkoa da gertatzen ari dena aztertzea eta, gizakiengan baliatu aurretik, animaliengan tratamenduak probatzea. Hala, 2004an, gure lantaldeak txerrien glaukoma eredu bat garatu zuen, The Glaucoma Foundation fundazio iparramerikarraren finantzaketari esker.

Animalia hori aukeratu genuen, bere begia gizakiaren oso antzekoa delako. Gaur egun, eredu hori erabiltzen ari da begi barruko presioa gutxitzen duten gailuak diseinatzeko.

Laborategiko animaliei aplikatzeko beste sistema errazago batzuk ere garatzen ditugu, hala nola arratoiak. Ingelesez ‘microbeads method' (mikroesferen metodoa) deitua, munduan gehien erabiltzen den glaukoma esperimentalaren eredua da eta neuronen heriotza eragiten duten mekanismoen inguruko jakite-maila aurrera egiten lagundu du.

Gaur egun zuzentzen dudan ikertaldea aitzindaria izan da neurobabesaren azterketan ere. Hau da, begi barruko presioa murrizteaz gain, kuantifikatu nahi dugu, tratamenduen bidez, neuronak noraino babesten ditugun glaukomaren heriotzatik.

Gainera, elkarlanean aritu gara enpresa farmazeutikoekin tratamendu iraunkorragoak eta aplikatzen errazagoak garatzeko –bereziki adineko pertsona eta haurrengan–, interferentziako RNA teknologiak baliatuta. Horrek terapia klasikoetan ezarritako eguneroko tantak ordezkatuko lituzke.

Eta, azkenik, duela gutxi aurkitu dugu erretinan ugarien diren zelula ugarienek, Müller-en glia deritzegunek, glaukoman betetzen duten papera, presio sentsore gisa funtzionatzen baitira. Egoera normalean, erretinako neuronak babesten dituzten faktoreak jariatzen dituzte, baina frogatu dugu begi barruko presioa handitzen denean, aldatu egiten direla eta nerbio zelula horien heriotza eragiten direnak direla.

Proposamen hori oso berria da eta eragina izan dezake glaukomaren tratamenduen etorkizunean. European Vision and Eye Research Meeting kongresuan aurkeztu berri ditugu emaitzok. Ikusmenaren arloko nazioarteko kongresu ospetsuenean (ARVO) onartu direlarik, laster argitaratuko dira eragin handiko aldizkari zientifiko batean.

Zalantzarik ez, ikerketan gehiago inbertituz gero, gai izango gara glaukoma sendatzeko eta honen kariaz ikusmena galdu dutenek berreskura dezaten. Bide luze baina itxaropentsua dugu aurretik.

The Conversation