null

G-9 taldeak unibertsitate publikoek estatu politika gisa duten garrantzi estrategikoa lehenestera presatu du gobernu zentral berria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/31

Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Unibertsitateen G-9 Taldeko (G-9) kudeatzaileen batzorde sektoriala bildu zen Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoan duen Campusean, Miguel Ángel Collado Gaztela-Mantxako Unibertsitateko errektorea izan zela batzordeburua, eta unibertsitate publikoek estatu politika gisa duten garrantzi estrategikoa lehenestera presatu du gobernu zentral berria.

Batzorde sektorialak agerian utzi du, arazo ezkutu, konstante eta orokor gisa, «segurtasun juridikoaren eta aurrekontu sorkuntzaren ikuspegitik langileen alorreko gastuen finantzaketa ez eraginkorraren egoera kezkagarria dela».

G-9 taldeko kudeatzaileen aburuz, «arazo horri, hein batean, etengabeko legegintza aldaketek eman diote bide, aurrekontu babesik izan gabe, irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillen egiturazko arazoetan sakontzen baitute eta, gainera, aurrekontuak ezin aurreikustera eta zorpetzera eramaten baikaituzte modu sostengaezinean».

Horregatik, batzorde sektorialeko kideek adierazi dute estatuko gobernu berriak betebehar bat izan beharko lukeela: unibertsitate publikoei Europako eta munduko testuingurura hobeki eta hein handiagoan egokitzea ahalbidetzeko beharrezkoak liratekeen legegintza eta finantza mekanismo nahikoak bermatu beharko lituzte.

Bestalde, batzorde sektorialeko kideek beste zerbaitera ere presatzen dute gobernu zentrala: ikerketaren eta irakaskuntzaren esparruetan beharrezko finantzaketa mekanismo nahikoak bermatzera, hain zuzen ere, autonomia erkidegoei eta unibertsitateei unibertsitate sistema Europako eta munduko testuingurura hobeki eta hein handiagoan egokitzea ahalbidetze aldera.

Funtzionario publikoentzako G-9 online prestakuntza plana

Bileran, Campus Digital Partekatuaren zuzendari Jesús Valverdek ezagutzera eman ditu Taldeko unibertsitateetako Administrazio eta Zerbitzuetako Langileentzako G-9 online VII. Prestakuntza Planaren aurretiazko datuak; otsailaren lehenengo astean abiaraziko da horren inskripzioa.

2020an, 42 ikastaro eskainiko dira hainbat prestakuntza alorretan, hala nola hauetan: teknologia berriak; giza baliabideak; laborategiak; liburutegiak eta artxiboak; kalitatea; legeak eta prozedurak; laneko arriskuen prebentzioa eta laneko osasuna. Edizio honetan, lehen aldiz, Burgoseko Unibertsitatea sartuko da unibertsitate laguntzaile gisa, duela gutxi sinatutako akordioaren ondoren, eta 4 ikastaro berri eskainiko ditu zentro horrek, G-9 taldeak jada proposatu dituenei gehituko zaizkienak.

Aurreko edizioan, administrazio eta zerbitzuetako 1.700 langilek eman zuten izena G-9 taldearen online prestakuntza ikastaroetan; horrenbestez, eskaria gero eta handiagoa da, eta horrek agerian uzten du talde gisa lankidetzan aritzeak abantaila handiak dakartzala; izan ere, «unibertsitate publikoek dituzten premien ikuspegi komun bat izaten laguntzen duen prestakuntza espezializatua partekatzea» ahalbidetzen du.

Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen mugikortasuna genero indarkeriako kasuetan

Hitzarmen baten zirriborroan lan egitea erabaki da bileran; honako hau ahalbidetuko lieke G-9 taldeko unibertsitateetan diharduten administrazio eta zerbitzuetako langileei hitzarmen horrek: genero indarkeriaren biktimak izenez gero, 9 autonomia erkidegoetan kokatutako unibertsitate campusen artean mugitzea (unibertsitate arteko mugikortasuna).

Transferentzia seiurtekoak

Azkenik, batzorde sektorialaren bilera amaitzeko, esparru berri batean, «Ezagutzaren Transferentzia eta Berrikuntza» deritzonean, seiurtekoak nola ordaindu behar diren eztabaidatu da.

Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitateek osatutako elkarte bat da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G-9ko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle-ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte