euskaraespañol

Annick Laruelle

‘Homo œconomicus’ konfinatua

Ekonomia Analisiaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/28

Annick Laruelle
Annick Laruelle. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Konfinamenduak COVID-19aren kutsatze kurba geldiarazten lagunduko du, bai eta zerbitzu sanitarioak kolapsatzea saihesten ere; bada, horrek ekarriko dituen onurak teoria ekonomikoak ondasun publiko esaten dion horren adibide ona dira. Bi ezaugarri ditu bereizgarri: lehiarik eza kontsumoan eta bazterketarik eza. Ikusi beharko da zein erabaki hartuko dituen ‘homo œconomicus’-ak horri dagokionez.

 

Teoria: Estatuaren esku hartzea beharrezkoa da

Ez dago lehiarik ondasun publiko baten kontsumoan. Konfinamenduak eragina badu, denoi egingo digu mesede normaltasunerako bueltak. Ez da lehiarik egongo: nire onurak ez du beste pertsona baten onura murriztuko.

Ezin da inor ondasun publiko bat kontsumitzetik kanpo utzi. Konfinamendu arauak bete ez dituztenek bete dituztenen onura berak izango dituzte. Bazterketarik ezaren ezaugarri horrek efektu gaizto bat du, eta liskarra eragiten du interes indibidualaren eta interes kolektiboaren artean.

Bere ongizate indibidualaz baino arduratzen ez den pertsona batek ez konfinatzeko pizgarri bat du. Gaixotzeko aukera gutxi duela uste badu, paseatzen eta jendearekin harremanetan egoten jarrai dezake, eta gainerakoen ahaleginez aprobetxatu. Portaera horri ‘free riding’ esaten zaio.

‘Free rider’ batek (aprobetxategi bat) ez du ondasun publikoa sortzearen kostua ordaintzen, baina horri probetxua ateratzen dio. Denok horrela jarduten badugu, ondasun publikoa sortzen ez den egoerara iritsiko gara.

Teoria ekonomikoaren arabera, pertsonek portaera indibidualista bat hartzen dute eta uste dute Estatuaren esku hartzea beharrezkoa dela ondasun publiko horiek sortzeko. Konfinamenduaren onura horiek lortzeko modua da Estatuak hori errespetatzera behartzea. Ezin da berez lortu.

 

Ekonomia esperimentalaren emaitzak

Ekonomia esperimentalak aukera ematen du teoria ekonomikoaren zenbait premisaren egiazkotasuna testatzeko. Zehazki, banakoen portaera aztertu du interes indibidualaren eta interes kolektiboaren arteko liskarra dagoenean.

Ondasun publikoen esperimentuan, parte hartzaileek kopuru bat jasotzen dute, eta banatu egin behar dute kontu publiko baten eta kontu pribatu baten artean. Kontu publikoak pribatuak baino errendimendu txikiagoa du, baina, horren trukean, denoi dakarkie onura. Kontu pribatuak, aldiz, inbertitu duen banakoari baino ez dakarkio onura. Parte hartzaileek zenbait alditan banatu behar dute kopurua, aurreko aldian kontu publikoan lortutako kopurua ikusi eta gero.

Egin diren esperimentuek erakusten dutenez, zenbait banako ‘free rider’ dira; alegia, ez diote ekarpenik egiten edo ekarpen txikia egiten diote kontu publikoari eta gainerakoen ekarpenen onura lortzen dute. Estimazioen arabera, parte hartzaileen % 10-30ek horrela jokatzen dute.

Portaera ohikoenari (gutxienez parte hartzaileen erdiarenari) baldintzapeko lankidetza deituko genioke. Baldintzapeko lankideek ekarpena egiten diote kontu publikoari baldin eta gainerakoek aurreko aldietan ekarpena egin badute.

Beste parte hartzaile batzuk baldintzapeko lankide dira aurreneko aldietan eta ‘free rider’, berriz, azkenekoetan. Azkenik, zenbait parte hartzailek nabarmen laguntzen diote ondasun publikoari. Zenbait banako altruistak dira, eta gainerakoen ordainketez kezkatzen dira. Beste batzuk laguntzeagatik beragatik pozten dira (poztasun morala). Zigor monetarioek eta ez monetarioek (bazterketa eta isolamendua) lankidetza areagotzen dute.

 

Zein da portaera egungo konfinamendu egoeran?

Esperimentuetako portaera ereduok erabilgarriak izan daitezke egunotan ikusten diren zenbait portaera azaltzeko. Alarma egoera baino lehen, ‘free riding’ portaerak ikusten ziren. Osasun agintariek harreman sozialak mugatzea gomendatzen bazuten ere, zenbait herritarrek jende askoko ekitaldietan parte hartu zuten, inolako arriskurik ez zegoelakoan. Oraindik ere badago ‘free ridinga’; hots, zenbait banakok ez dute konfinatzea onartzen, betebeharra bada ere eta zigorrak jaso baditzakete ere.

Burugogorren aurreko erreakzioak baldintzapeko lankidetzak azal ditzake: arauak errespetatzeko prestasun handiagoa izango dugu gainerakoek ere errespetatzen dituztela ikusten badugu. #Yomequedoencasa kanpainak eta beste batzuek altruismoa, poztasun morala eta baldintzapeko lankidetza sustatzen dituzte. Eta espero behar da baldintzapeko lankideak egungo egoeran ez nekatzea eta ‘free rider’ ez bilakatzea. Zigorrak neurri efektibo bat izango dira, seguru asko.

 

Praktikan

Teoria ekonomikoak eta esperientziak justifikatu egiten dute Estatuak egungoa bezalako osasun publikoko arazo batean esku hartzea. Banako guztiek ez diote berez laguntzen ondasun publikoari. Estatuak bakarrik behartu ditzake herritarrak ondasun publikoari laguntzera.

Kasu honetan, bikoitza behar du izan ekarpenak: batetik, konfinamendu arauak errespetatzea eta, bestetik, ahalegin hau finantzatzen laguntzea. Ez genuke ahaztu behar errentaren aitorpena betetzeko orduan.

The Conversation