euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaile David Mecerreyesek ERC Proof of Concept ezagunetako bat jaso du

150.000 euro jasoko ditu Europako Ikerketa Kontseilutik, 3Dko inprimaketa bidezko bateria polimerikoak garatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/07

Irudia

UPV/EHUko POLYMAT institutu eta oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroko Ikerbasque Profesor den David Mecerreyesek ERC Proof of Concept laguntzetako bat jaso du, 150.000 eurokoa, iPES-3DBat, Innovative Polymeric Batteries by 3D Printing proiektua garatzeko. Europako Ikerketa Kontseiluak (ERCk) emandako laguntza horien helburua da oinarrizko ikerketan aurrez landutako ideiak garatu eta industriara hurbildu ahal izatea. Europako Ikerketa Kontseiluak diruz lagundutako 160 proiektu europarretako bat da Mecerreyes buru duen iPES-3DBat proiektua.

Proiektu horren abiapuntua i-PES: Innovative Polymers for Energy Storage izeneko beste proiektu bat da. i-PESproiektuari 1,4 milioi euroko laguntza eman zion ERCk, Starting Grant programaren bidez, eta hari esker, baterietan erabiltzeko errendimendu bikaina zuten hainbat polimero ikertu ziren. 

“Orain, proiektu berriaren helburua da bateria polimerikoak garatzea 3Dko inprimatze-prozesu azkar eta merke baten bidez”, dio David Mecerreyesek. Gaur egungo bateriek dituzten mugetako bat da zurrunak direla eta forma-aukera mugatuak dituztela (zilindrikoa edo laua). Horrez gainera, elektrodoak/gelaxkak fabrikatzeko prozesua luzea da gaur egun, eta inbertsio handiak behar izaten dira bateriak fabrikatzeko instalazioetarako. “Gelaxken ohiko egitura lauarekin alderatuta, 3Dko inprimaketak forma-aukera zabala eskaintzen du, bai eta beste zenbait abantaila ere, hala nola potentzia- eta energia-dentsitate handiagoa, elektrodoen azalera handitzen baita”, azaldu du Mecerreyesek.

iPES-3DBat proiektuaren bidez, 3D tinta inprimagarriak garatu nahi dituzte, POLYMAT-UPV/EHUn dagoeneko garatutako polimero energetikoekin. “Tinta berri horiek erabiliko eta patentatuko ditugu —dio Mecerreyesek— 3Dko inprimaketa bidez hainbat geometriatako bateria erabat polimeriko arin, malgu eta birziklagarrien prototipoak eraikitzeko”. Gailu elektroniko eramangarrietarako, gailu medikoetarako, jostailuetarako eta bestelako gailu elektroniko txikietarako etorkizuneko aplikazioak bilatzea izango du ardatz teknologia berri honek. “Merkatu-ikerketa zorrotza egin dugu, eta horren arabera, gure helburua da 3Dko inprimaketaren bidez bateriak ekoitziko dituen spin-off bat sortzea”, erantsi du David Mecerreyesek.

Ikertzailearen iritziz, “proiektu honi esker, POLYMAT-UPV/EHUn garatutako polimeroen merkaturatzea sustatuko da, polimeroek dituzten propietate egokiak aprobetxatzen baitira 3Dn inprimatzeko. Halaber, 3Dko inprimaketaren onurak baliatuko dira bateria-prototipoak azkar garatzeko; metodo merkea erabiliz, kostuak murrizteko; berrikuntza-prozesua azkartzeko, eta merkaturatze-denborak laburtzeko”.