euskaraespañol

Pello Jauregi ikerlariak jasoko du 2020ko Abbadia Saria

Euskaraldiaren “teorizatzaile” gisa Jauregik egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/26

Irudia
Pello Jauregi. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gipuzkoako Foru Aldundiak Pello Jauregi Etxaniz Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariari (Donostia, 1958) emango dio aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala erabaki ostean. Hala jakinarazi du Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, zeinak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, ikertzaile donostiarra zoriondu duen “merezimendu osoz” jasoko duen errekonozimenduagatik. Ohitura denez, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian egingo da Abbadia Saria emateko ekitaldia, momentuan momentuko osasun eta segurtasun gomendioak jarraituz, beti ere: azaroaren 27an izango da, hain zuzen ere.

"Ustekabe handia izan da niretzat, baina, aldi berean, poz handia eman dit. Urte asko dira Soziolinguistika Klusterrarekin lankidetzan euskararen erabilera bultzatzeko metodologiak asmatu, esperientziak egin, datu enpirikoak bildu eta hausnarketa teorikoak egiten nabilela.  Sari honek aditzera ematen du ahalegin horiek guztiek ondorio praktikoak eta aplikatuak izan dituela euskalgintzako hainbat eta hainbat ildo bultzatzeko. Horrek ematen dit ezeren gainetik poza eta harrotasuna”, dio saridunak.

Pello Jauregi Etxaniz, Pedagogian Lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.

Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du aukera honekin Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia. Hauek dira, xehetu duenez, epaimahaikideek saria emateko garaian adostutako arrazoiak:

-Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukerak neurtezinak sortu ditu.

-Pello Jauregik egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du. Errepikatzeko modukoa, gainera.

-Konbinatu ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da.

-Bere ikerketarekin oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu; eta hiru hilabetera berriz neurtu.

Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia Sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Xabier Anunzibai (1985) artista beasaindarra izan da aukeratua eta, beraz, okasiorako propio egindako artelan bat jasoko du Pello Jauregik. Bolumen, material eta formatu ezberdinekin lan egiteko joera eta jakinmina du Anunzibaik eta, muralgintzan ibilbide esanguratsua badu ere, okasio honetarako koadro itxurako konposizio bat lantzen ari da.

Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko.