euskaraespañol

Familia-enpresen ondare emozionalak eragina du big data ez ezartzeko erabakian

UPV/EHUko Finantza Ekonomia I Saileko ikerketa batean aztertu dute zergatik baztertzen duten familia-enpresek, oro har, big data ezartzea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/14

Irudia
Unai Arzubiaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

UPV/EHUko ikerketa batean ondorioztatu dute familia-enpresek erabakiak hartzeko duten erreferentzia-puntuaren arabera erabakitzen dutela big dataren teknologiak ezartzea edo ez: familia-kontrola, identitatea eta atxikimendu emozionala nabarmenak direnean, familia-enpresek ez dute big data erabiltzeko joerarik; lotura sozialak eta familia-loturen berritzea nagusi direnetan, berriz, big data ezartzeko joera handiagoa da.

Big datak edo datu-kopuru handien kudeaketak mundu osoko hazkunde ekonomikoari eta gizarte-garapenari ekarpen handia egiten dion arren, gaur egun familia-enpresek bazterrean uzten dute, oro har, big data enpresan ezartzeko aukera. “Big data ezartzeko duten interes-falta hori kezkagarritzat jo daiteke; izan ere, familia-enpresa askok jakin badakite big datak gero eta garrantzi handiagoa duela aro digitalean epe luzeko hazkunde eta biziraupenari eusteko”, dio Unai Arzubiaga Finantza Ekonomia I Saileko ikertzaileak. Familia-enpresen % 44k uste du datuak gorde eta analizatzea bere digitalizazio-prozesuaren funtsezko atal bat eta erronka teknologiko kritiko bat dela.

“Familia-enpresak gehiengoa dira Euskal Herrian, Europan eta mundu mailan. % 60-80 bitarteko tartean egon daitezke. Eta, gainera, oso bereziak dira beren portaerari erreparatzen badiogu —zehaztu du Arzubiagak—. Gehienetan, familiaren ondarea enpresan inbertitua izaten dute; beraz, erabaki txar batek ez du bakarrik enpresan eragingo, baizik eta familiaren ondarean bertan, eta horrek asko baldintzatzen ditu familia-enpresetan hartzen diren erabakiak; nolabait portaera kontserbadoreagoa dute”. Familia-enpresa ez direnekin alderatuta, familia-enpresetan erabakiak ez dira logika ekonomiko hutsez hartzen, baizik eta finantzekin loturarik ez duten helburuak gailendu egiten zaizkio ikuspegi ekonomikoari.

Bost alderdi

Unai Arzubiaga doktorea familia-enpresetan aditua da; nazioarteko beste ikertzaile batzuekin lankidetzan, ondare sozioemozionalaren ikuspegitik aztertu du zertan oinarritzen den familia-enpresek big data ezartzeko edo ez ezartzeko erabakia. Arzubiagak azaldu duenez, “arrazoi ekonomikoez haratago dauden alderdiek osatzen dute ondare sozioemozionala: familia-kontrolak, familiaren nortasun edo identitateak, familia-enpresek dituzten lotura sozialak, atxikimendu emozionalak eta, azkenik, familia-loturen berritzeak”.

Ikertzaileek ondorioztatu dute big dataren teknologiak ezartzeko edo ez ezartzeko familia-enpresek hartzen duten erabakia desberdina dela enpresan pisu gehien duen ondare sozioemozionalaren arabera. Alegia, “ebatzi dugu erabaki horretan eragin handia duela erabakiak hartzeko moduan erreferentzia gisa zer alderdi sozioemozional hartzen duten. Familiaren kontrola eta eragina, familiaren identitatea eta atxikimendu emozionala garrantzitsuagoak diren familia-enpresetan, beren ondare sozioemozionala babesteko joerak gutxitu egiten du big data aplikatzeko joera. Aldiz, familia-enpresek big dataren teknologiak ezartzeko joera handiagoa izango dute lotura sozialek eta ondorengotzaren bidezko familia-loturen berritzeak pisu handiagoa dutenean”, azaldu du ikertzaileak.

Beraz, agerian geratu da familia-enpresa baten behar afektiboek baldintzatu egiten dutela big data ezartzeko erabakia. “Kontuan hartuta gero eta garrantzitsuagoa dela digitalizazioa enpresek epe luzean iraun dezaten, espero dugu ikerlan honek balio izatea ikerketa gehiago zabaltzeko etorkizunean eta enpresek berek hausnartu dezaten zeren arabera hartzen dituzten beren erabakiak”, dio Arzubiagak. Bestalde, erakunde publikoentzako lanabes izatea proposatzen du ikertzaileak: “Familia-enpresek ekonomian % 70-80 inguruko pisua badute, baina arazoak badituzte teknologia berrietara moldatzeko, erakunde publikoek badute non oinarritu familia-enpresei trebakuntza, laguntzak eta abar eskaintzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa