euskaraespañol

Luis Mª Naya irakasleak Marc-Antoine Jullien pedagogoaren lana gaztelaniara itzuli du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/28

Irudia

‘Esquisse d’un ouvrage sur l’éducation comparée’ hezkuntza konparatuaren historiako obra garrantzitsuenetako bat da. Marc-Antoine Jullienek (“Jullien de Paris”) idatzi zuen, 1817an. Liburu formatuan argitaratu zenetik, hainbat hizkuntzatara itzuli da. Orain, gaztelaniaz argitaratu du Luis Mª Nayak, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntza Konparatuko irakasle titularra eta Garaian ikertaldeko kidea (Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldea).

‘Esbozo de una obra sobre educación comparada y series de preguntas sobre educación’ liburua Delta Publicaciones argitaletxeak argitaratu du, eta testu originalaren itzulpena da. Gainera, Marc-Antoine Jullienen bizitzaren eta hezkuntza arloan egin zituen ekarpenen azterlan kritiko sakon bat erantsi zaio, obra garrantzitsu hau bere testuinguru historikoan kokatzeko.

“Lan honen bidez –adierazi du Luis Mª Naya irakasleak- egile emankor hau berreskuratu nahi izan dugu ikuspegi zientifikotik gaztelaniadun munduarentzat, nazioarteko ebaluazio eta organismoen bultzagile izan zena, zinezko aitzindaria bere garaian. Liburu gako bat dugu Nazioarteko Hezkuntza Konparatuaren historian”.

Delta Publicaciones argitaletxeko arduradunen hitzetan, Marc-Antoine Jullienen (1775-1848) biografia “Frantziako Ilustrazioak Iraultzara egin zuen urratsaren” adibidea da, eta nabarmentzekoak dira “argitaratu zituen idatzi pedagogiko ugariak eta Révue Encyclopédique delakoa, eta izan zuen bizitza gorabeheratsua, jarduera politiko, sozial eta kulturalez betea”. Gainera, “pedagogiak hiru funtsezko ekarpen zor dizkio Marc-Antoine Jullieni: ‘Hezkuntzaren Zientzia’ sintagmaren proposamena, Pestalozzi metodoaren hedapena eta hezkuntzan konparazioaren erabilera sustatu izana, eta nazioarteko datuen bilketa sistematikoa. Obra hau oinarrizko erreferentzia bat da hezkuntza konparatuaren arloko ikasketetan eta hainbat aurrekari aurki ditzakegu haren edukietan, bai UNESCO edo Nazioarteko Hezkuntza Bulegoa bezalako nazioarteko erakundeenak bai ELGAk egiten dituen ebaluazioenak”. 

Hezkuntza Konparatuaren Espainiako Elkartea arduratu da lanaren edizioaz, eta liburua Hezkuntza Konparatuari buruzko V. Jardunaldi Zientifikoetan aurkeztu zen.