Metakin lohitsuen erregistro geologikoa

Sedimentuak urtean milimetro bat inguruko abiaduran metatzen direla Gipuzkoako kostaldearen parean egiaztatu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/25

María Jesús Irabien. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko HAREA-Itsas Bazterreko Geologia ikerketa-taldeak giza jarduerek euskal plataformako metakin lohitsuetan, hau da, Gipuzkoako kostaldeko Basque Mud Patch (BMP) eremuan, historian zehar izan duten eragina aztertu du. UPV/EHUren ikerketa Quaternary International zientzia-aldizkarian argitaratu da.

Euskal plataforma kontinentaleko sedimentuen izaera oso heterogeneoa da. Banaketari dagokionez, ale-tamainaren arabera, bi sektore nabarmen bereizten dira. “Bizkaian, tamaina ertaineko eta lodiko harea da nagusi. Gipuzkoako kostaldean, berriz, harea fin-fineko, lohizko eta buztinezko biltegiak dira nagusi, gaur egun Basque Mud Patch (BMP) izenarekin ezagutzen direnak”, azaldu du Maria Jesus Irabien UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileak.

“Eremu lohitsu horrek gutxi gorabehera 680 km2-ko azalera irregularra estaltzen du Bidasoatik Donostialderaino. Metalek eta kutsatzaileek, oro har, material lohitsu horietan metatzeko joera handiagoa dute. Horregatik, eragin antropikoa, industriala edo gizatiarra aztertu nahi badugu, beharrezkoa da Gipuzkoako eremu lohitsu hori aztertzea”, adierazi du UPV/EHUko Harea-Itsas Bazterreko Geologia ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Horretarako, “hiru zundaketa (19-46 cm-ko sakonera) aztertu ditugu —dio Irabienek—, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, eta hainbat metal, foraminiferoen (oskola edo maskor kareduna duten organismo txikiak), polenen eta zenbait isotopo natural eta artifizialen azterketa ere egin dugu”.

“Lortutako emaitzei esker, sedimentuak urtean milimetro bat inguruko abiaduran metatzen direla kalkulatu ahal izan da. Era berean, XIX. mendearen amaieratik aurrera metalen kontzentrazioak handitu egin ziren, eta agerian geratu zen Euskal Herriko industrializazioaren eta giza jardueraren eragina itsas ingurunera hedatu zela. Berunaren kasuan (Pb), adibidez, lagin berrienek iraganekoek baino bost aldiz eduki handiagoak dituzte. Foraminiferoei, ordea, ez die eragiten kutsadura horrek. Azkenik, polenaren azterketak erakusten du koniferoak gero eta ugariagoak direla, eta espezie autoktonoak (Deciduous Quercus), berriz, urriagoak, seguruenik baso-berritzeen ondorioz”, azpimarratu du UPV/EHUko Harea-Itsas Bazterreko Geologia taldeko ikertzaileak.

“Emaitzen arabera, kostako jarduera antropogenikoen eragina inguruko plataformara zabaltzen da, eta baliteke han metaketa lohitsuek kutsatzaileentzako tranpa gisa jardutea”, adierazi du Irabienek.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da horrelako interpretazioak egiten jarraitzea itsas hondoetan, itsasoaren bilakaera ikuspegi historikotik ezagutzeko. Argi dago giza jarduerak eragin nabarmena duela kostan ere; horren guztiaren abantaila bakarra da,  geldi dezakegula jakitea”, dio María Jesús Irabienek.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Harea-Itsas Bazterreko Geologia ikerketa-taldeak diziplina anitzeko ikuspegi geologikoan oinarritutako lanak egiten ditu (sedimentologia, geokimika, mikropaleontologia, topografia, datazio erradiometrikoa), itsasertzeko ingurumen-eraldaketaren erantzule diren jatorri naturaleko eta antropikoko prozesuak karakterizatzeko azkeneko klima-zikloan.

Erreferentzia bibliografikoa