euskaraespañol

Gaurko irudia

Elektrizitatearen sektoreak bosgarren jardunaldia egin du Bilboko Ingeniaritza Eskolan

Elektrizitatearen hainbat arlotako enpresetako ordezkariek sektoreak eraldaketa teknologikoko eta prezioen aldakortasun handiko garaiotan dituen erronka eta aukera nagusiak jorratu zituzten

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/10

Irudia

Bilboko Ingeniaritza Eskolan elektrizitate sektorearen erronka eta aukerak aztertu dituzte sektoreari buruzko V. Jardunaldietan, otsailaren 7tik 10era bitartean. UPV/EHUko Ingeniaritza Elektrikoa Sailak antolatuta, jardunaldi horien bidez, alde batetik, elektrizitate sektorearen ingurune akademikoa eta profesionala lotzeko asmoa dago; eta, bestetik, ingeniari elektriko profesionalen rolak, energia elektrikoarekiko mendekotasun gero eta handiagoa duen mundu honetan, sektore estrategiko horren barruan, garrantzi handiena besteak beste zein alderditan duen erakustekoa.

Edizio honetan helarazi den bezala, elektrizitatearen sektorean bere jardunbide eta garapenean aldaketa eraldatzaile bat bultzatzen ari den faktore eta joera berri multzo bat sortzen ari da. Energia berriztagarrien ezarpen gero eta handiagoaren, sorkuntza banatuaren ugaltzearen, sistemen digitalizazioaren eta kontsumo adimendunaren sustapen gero eta handiagoaren eraginez, elektrizitatearen sektorearekin lotutako enpresetan estrategia eta helburu berriak agertzen ari dira. Hala, sektore horretako lan eskaera estaltzeko goi mailako prestakuntza duten profesional espezializatuen eskaera handia dago.

V. Jardunaldiak otsailaren 7an, astelehena, hasi ziren, Arteche enpresako Elektrizitate Azterketen arduradun global Cristina Riojarekin, zeinak “Errealitatearen irudikapena garapen teknologikoan. Modelizazioa eta simulazioa ingeniaritza elektrikoan” gaiari buruz hitz egin zuen.

Otsailaren 8an, General Electric Renewable Energy enpresako proiektu arduradun Soraya Manzanoren hitzaldiak eman zien segida jardunaldiei. Bere enpresak “proiektu berriztagarrien kudeaketa eta sorgailu elektrikoen martxan jartzea” nola egiten dituen azaldu zuen hark.

Bcare enpresako –bateria eta kondentsadoreak erabiliz energia metatzen espezializatua– zuzendari nagusi Soraya Romok, otsailaren 9an, energia elektrikoa kudeatu ahal izateko bere enpresak metatzeari dagokionez zer irtenbide eskaintzen duen azaldu zuen.

Bosgarren jardunaldiak otsailaren 10ean, osteguna, amaitu ziren, energia elektrikoaren gaur egungo prezioa eta etorkizuneko perspektibak jorratu zituen mahai inguru batekin. Parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Ekipamendu Ondasun Elektrikoen Fabrikatzaileen Elkarteko (AFBEL) presidente Guillermo Amann; Iberdrola Espainiako Erregulazioko zuzendari Patxi Calleja; APPA Renovables enpresako zuzendari nagusia; CNMCko kontsultore eta kontseilari ohi Juan Ignacio Unda; eta Ormazabal enpresako Marketin Globaleko Estrategiako zuzendari Mikel Zaldumbide.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako elektrizitatearen sektoreari buruzko jardunaldiek, bosgarren edizio honekin, ingeniaritzaren sektorean duten ospea sendotu dute. Gainera, beste edizio bat egingo dela aurreratu dute. Hurrengoan, diziplina honen eta elektrizitatearen sektorearen gaur-gaurko errealitatearekin lotutako hitzaldiak emango dituzte.