euskaraespañol

Artikutza, biodibertsitatearen uharte bat

Enobieta urtegia hustuz, Kantauriko kostaldean ondoen kontserbatutako inguruetako bat leheneratzea lortuko da

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/30

Irudia

Urtegiak funtsezko azpiegiturak dira gizarte modernoetan. Haien mende gaude, besteak beste, edateko eta ureztatzeko ura, eta energia hidroelektrikoa lortzeko. Gainera, urtegi asko emariak erregulatzeko erabiltzen dira, hau da, uholde arriskua txikitzeko eta lehorteen eragina arintzeko.

Dena den, gizartean eta ingurumenean ondorio nabariak dituzte. Urtegiak eraikitzeko lur emankorrak urpetu behar dira –herri osoak ez badira–, eta horrek pertsonak desplazatzea eragiten du. Gainera, ibaien zati osoak ekosistema artifizial bilakatzen dituzte: aintziren itxura izan arren, kontserbazio balio eskasa dute, eta espezie exotiko inbaditzaileen haztegi izaten dira, Amerikar perkarena eta siluruarena kasu.

Ibaiek ekartzen dituzten sedimentuak atxikitzen dituzte urtegiek, eta, ondorioz, ibaian behera horien eskasia eragiten dute. Zenbait lekutan, sedimentuen urritasun horren eraginez, itsasoak errazago higatzen du kostaldea eta balio ekonomiko eta natural izugarria duen ingururako mehatxu bihurtzen da. Beste batzuetan, sedimentu ezak ibaietako uharteak, eta legar edo hondar barrak eta horiei lotutako landaredia desagertzea ekartzen du.

Urtegien bizitza mugatua da, gizakiek eraikitako azpiegitura guztiena bezala, bai haiek eraikitzeko helburuek zentzua izateari uzten diotelako, bai presa zaharkituta gelditu delako. Kasu horietan, gizarteak planteatu behar du egitura mantentzeak merezi duen, hori eguneratzeko inbertsiorik egin behar den edo, besterik gabe, kentzea hobe den. Gure herrialdean, erabiltzen ez diren presa txiki eta aspaldi desagertu ziren errotetako presa ugari kentzen ari dira.

 

Historia apur bat

Artikutzako finka Kantauriko kostaldean ondoen kontserbatutako lekuetako bat da. Ia 4.000 hektarea hartzen dituen ibar hau Donostiako Udalak erosi zuen 1919an hiriko uraren kalitatea bermatzeko, eta ia mende batez modu zeharo kontserbazionistan kudeatu du. Horri esker, Artikutza kontserbazio balio handiko basoz estalita dago ia erabat, eta biodibertsitate handia aurki daiteke bertan. Azpimarratzekoak dira zenbait espezie, adibidez, Pirinioetako desmana, hartzen duen eremuaren zati handienean populazioak gainbeheran baitaude. Ikuspuntu arauemailetik, Artikutza Kontserbatzeko Eremu Berezia da Natura 2000 Sarearen barruan.

Artikutzan biodibertsitate handia dago

Artikutzako finkan Enobieta urtegia dago, Donostiako ur hornikuntza bermatzeko 1947 eta 1953 urteen artean eraiki zutena. Edukierari dagokionez, 1,63 hm3 zituen, eta 42 metro altu den hormigoizko presa bat du. Presa eraikitzean ezkerraldeko horma bularrean hainbat egonkortasun arazo aurkitu zituzten, eta irtenbiderik ez zutenez, presa moldatu behar izan zuten, besteak beste, gainezkabidea beheratuz. Hala ere, ez zuten lortu Enobieta urtegiaren egonkortasun arazoak konpontzea. Gainera, sarritan uraren metal edukiak legean ezarritako mugak gainditzen zituen. Egoera horri aurre egiteko, 1976. urtean, hainbat kilometro ibaian behera, Añarbe urtegia eraiki zuten, 44 hm3-koa, eta Enobieta urtegia erabiltzeari utzi zioten. Hasierako arazo haiekin eta ondorengo mantentze lan ezarekin, Enobietako presa Presen eta Urtegien Segurtasunari buruzko Erregelamendu Teknikoaren arabera A kategoriakoa da, hau da, segurtasun maila txikienekoa.

Zaharkituta gelditu diren eta erabiltzen ez diren presa ugari daude, eta gero eta ohikoagoa da haiek kentzea. Presa txikiak desmuntatzea erraz samarra da; presa handiak deuseztatzea, ordea, teknikoki konplexuagoa da eta lan horiei buruzko informazio gutxiago dago. Oraingoz, Enobietako presa da Europan zerbitzuz kanpo utziko den presarik handiena. Horregatik, halako jarduera batek biodibertsitatean eta Kantauriko kostaldean ondoen kontserbatutako ibaietako bateko funtzionamenduan izango dituen eraginak balioztatzeko aukera paregabea da.

 

Desembalse proiektua

Desembalse proiektuaren xedea urtegi bat zerbitzuz kanpo uzteak kontserbazio balioetan, biodibertsitatean eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduan duen eragina ebaluatzea da. Abiapuntuko hipotesiaren arabera, urtegia hustuta urpean dagoen eremuaren egitura eta funtzionamendua erabat eraldatuko dira; hasieran, arrastatutako sedimentuen eta materia organikoaren eragina nabarituko da ur behera; eta ibaiko ekosistemak azkar leheneratuko dira, mendiko erreken dinamismoa dela eta. Urpetik ateratako eremuari dagokionez, lurreko basoa leheneratuko da baina epe askoz luzeagoan, noski.

Ibaiko habitaten lehen zantzuak nabaritzen dira

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko katedradun Arturo Elosegi Irurtiak zuzendutako proiektuaren bidez arroa aztertuko da urtegia hustu aurretik, balizko gehieneko inpaktuko fasean (hustean) eta leheneratze goiztiarreko fasean. Orain, urtegia erabat hustuta dago, eta presatik ur gora ibaiko habitatetan lehen ondorioak agerikoak dira. “Urtegiak urperatu zuen eremuan, ibaia ibilgu bat egiten ari da, urtegia eraiki aurrekoarekin ia erabat bat datorrena. Ur lasterren eta putzuen ohiko habitata osatu gabe dago, horretarako uhaldi batzuk behar direlako eta aurtengo udaberria oso lehorra izaten ari delako. Hala ere, leheneratzea azkarra izatea espero dugu, Kantauriko itsasoko ertzeko errekak oso dinamikoak baitira”, azaldu du Arturo Elosegik.

Espazio horretako florari eta faunari erreparatuz gero, ur goratik datozen ornogabeek birkolonizatu dute. “Arrain gehienak joan egin dira, habitat hau ez delako haientzat egokia, baina, leheneratu ahala, komunitateak berriz ezartzea espero dugu”, zehaztu du ikertzaileak.

Hasierako hipotesiak adierazten zuen bezala, urtegia hustu ondoren arrastatutako sedimentuek eta materia organikoak uraren kalitatean izandako inpaktuak ziren zalantza nagusietako bat. Ikertzaileek kontrol puntuetan egindako analisien arabera, uraren uhertasuna handitu da, baina inoiz ez da oxigeno eskasiarik egon. “Ondorioz, espero genituen inpakturik negatiboenak ez dira gertatu. Urtegia beteta zegoenean, udan, ibaian behera metal kontzentrazio handiak detektatzen genituen urtegiaren hondoan oxigenoaren kontzentrazioa txikia zelako. Ikusiko dugu aurtengo udan zer gertatzen den, baina badirudi metalak arazo izateari utziko diotela”, baieztatu dute ikertzaileek.

 

Aldaketak ekosisteman

Urtegiaren inguruan, planktonak menderatutako ekosistema zegoen lekuan, ibai berri bat dago orain. Urtegia beteta zegoenean, metano kantitate handia askatzen zuen; hots, berotegi efektu handiko gasa bat. Hustu ondoren, ondorio hori desagerrarazi dugu. Urtegitik ur beherako ekosistemaren kasuan, oraindik ez da datu gehiegirik bildu, hilabete gutxi batzuk soilik igaro baitira.

Ekosistema baldintza berrietara moldatzen ari da

Bestalde, ibaiko fauna eta flora komunitateak baldintza berrietara egokitzen ari dira oraindik. Urtegia zegoen lekuan, habitat fisikoa leheneratzearen mende daude. Ur behera, metalek kaltetzen zituzten ornogabeen komunitateak berreskuratzea espero da. “Denborarekin –esan du Elosegik–, Donostiako Udalak presaren hustubidea prestatuko du arrainak eta bestelako espezieak, Pirinioetako desmana kasu, igaro ahal izateko. Oraindik ez du pasatzeko aukera ematen, behetik gora gutxienez; beraz, oztopo efektua ez da desagerrarazi”.

Hustu ondoren, haranaren urperatutako zatia agertu da, eta hango lohi metakinak. Lehortzen eta egonkortzen ari diren arren, landarediak azkar kolonizatu ditu. Ibaiko habitata gutxika leheneratzen ari da eta, horrekin batera berreskuratzen ari diren komunitateek ekosistemaren funtzionamendua bere onera ekartzen ari dira.

Zer gertatuko da etorkizunean? UPV/EHUko katedradunak hurrengo urteetako gako batzuk aipatu ditu. “Artikutza Kantauriko kostaldeko ekialdeko bitxia da. 15 urte barru, urtegia zegoen lekua landarez estalita egotea, ibaiertzetan basoa egotea eta komunitateak ibarreko beste erreketakoen antzekoak izatea espero dugu. Presari dagokionez, dagoen lekuan utziko dugu, hura kentzeko 100.000 kamioi hormigoi erretiratu beharko litzatekeelako, baina oztopo efektua kenduko dugu. Ikusgarria izango da baso naturalean, ibaiertzean paseatzen joatea eta 42 metro altu den horma bat aurkitzea, ziurrenik goroldioz eta sustraiz estalita. Horma zeharkatu ahal izateko pasabide bat eta barruko konporta gelara sartu ahal izateko atea jartzea da plana. Gogoraraziko digu zergatik kontserbatu den Artikutza mende batez”.