euskaraespañol

Publizitateko ikasle graduatu berria

Elena Ferreras: «Egun batean, amak esan zidan: Zure tipografia liburu baten azalean ikusi dut oraintxe»

Bere GRALean Bilboko establezimendu historiko baten, Cebreiro farmaziaren, errotuluko tipografia berregin du, hiriko antzinako kartelen "erreskate tipografikoko" ariketa gisa

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/20

Elena Ferreras Cebreiro farmaziaren aurrean
Elena Ferreras Cebreiro farmaziaren aurrean

Elena Ferrerasek (Bilbo, 1998) Publizitateko Gradua amaitu du, baina praktikak bukatu zituenetik, hirugarren mailatik, lanean ari da. GRALa egiteko orduan, berak ezagutzen ez zuen gai bat aukeratu zuen: Bilboko Zabalguneko saltoki historiko bat, Cebreiro farmazia, iragartzen duen antzinako errotuluaren "erreskate tipografikoa". Diseinu grafikoko lerro horren bidez, hirietako muinaren zati bat historian jasota uzteko asmoa dago: bertako kaleen eta eraikinen artean, aurrerapen suntsitzailearen aurrean oraindik bizirik jarraitzen duten saltoki tradizionaletako kartelen bitartez, bere idiosinkrasia azaleratzen duen hori.

Nola bururatu zitzaizun joan den mende hasierako kartel baten tipografiari buruzko GRALa egitea?

Bai… harrigarria da… Ez nintzen ondo jabetu horretaz. GRALa egitera zoazenean, lana egiteko eskaintzen dizkiguten gaien zerrenda begiratzen duzu eta… aukeratu egiten duzu. Gero, zeure buruari galdetzen diozu: benetan tipografia bat egiten jardun nahi dut? Inoiz ez bainuen horrelakorik egin! Agian, nola irten jakingo ez nuen zerbaitetan sartzen ari nintzen.

Baina… tira… hori zen erakargarriena.

«Hiriei nortasuna ematen diotenak bertako kaleak, bertako eraikinak, saltokiko errotuluak… dira. Eta dendetan antzinako gero eta kartel gutxiago geratzen dira»

Ez zenekien tipografiaz?

Letra tipoak diseinatzeaz? Ez, inoiz ez nuen halako ezer egin. Diseinua eta argazkilaritza beti gustatu zaizkit; kartelen bat diseinatzen, liburuxketan tipoak irizpide batekin konbinatzen esperientzia nuen… baina letra familia bat sortzea… ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Egiazki, GRALa egiteko eskaintzen dizuten zerrendatik zein gai aukeratu dituzun berriz begiratzean, konturatzen gara hautuak, benetan, proposatzen duen tutorearekin gaiarekin berarekin baino askoz ere lotura handiagoa duela.

Eta zer ekarpen egiten du ia duela ehun urteko kartel baten hizkiak berregiteak?

"Erreskate tipografikoa" deitzen zaio. Arretaz begiratuz gero, hiriei nortasuna ematen diotenak bertako kaleak, bertako eraikinak, saltokiko errotuluak… dira. Eta dendetan antzinako gero eta kartel gutxiago geratzen dira. Horien ordez marka handienak zabaltzen ari dira, eta, hala, hiriaren funtsa galtzen da. GRALean adierazi dudan bezala, uniformetasun globalizatuak hirien tokikotasuna ahultzen du; aldiz, xehetasun horiek, tokiko berezitasun horiek dira bai hirian bizi den jendearengan, bai bisitariengan atsegin handiena sortzen duten faktoreak, ezaugarri jatorren benetako adierazpenak direlako. Lan horiekin muin hori jasota uzten saiatzen gara… desagertu aurretik.

Nola heldu zenion lanari? Farmaziako jabeei galdetu zenien?

Bueno… hori oso zaila zen, izan ere, noski, pandemia betean farmazia batera joatea, errenkada luzeak izanda, duela mende bat errotulua nork egin zien galdetzeko… Tira, ez zuen ematen ideia ona zenik.

Konfinamendua, jabeei galdetu ezinik… Dena erraza, ezta?

Bai… hain zuzen ere, Aldundiko Artxiboan horri buruzko informazio pixka bat zegoen, baina hara ere ezin izan nintzen joan, itxita baitzegoen. Eskerrak nire tutoreak, Koldo Atxagak, saltokietako errotuluei buruzko liburu batean Bilboko antzinako saltokietako kartelen zerrenda bilduta zuen; handik farmaziaren historiari, errotulua egin zuten garaiari eta tipografiaren bidez garai itxaropentsu bat irudikatzeari buruzko informazioa atera ahal izan nuen…

Letra mota batek hainbesterako ematen du?

Bai, begira: Bilboko Zabalgunean dagoen Cebreiro farmaziako errotulua segur aski artisau batek egin zuen, 1936 inguruan. Bere karaktereen marra zuzenen bidez, garai errepublikano hartan bizi zen baikortasun futurista eta abangoardista islatzen du. Gero, Gerra Zibilaren ondoren, estilo apurtzaile horien ordez askoz ere kontserbadoreagoak ezarri ziren. Azken finean, diseinu grafikoa, beste arte adierazpide batzuk bezala, garaiko korronte nagusien isla da.

"Erreskate tipografikoko" lan asko daude?

Hemen, ez asko. Nire GRALeko zuzendariaz gain, diseinatzaile valentziar bat hartu nuen erreferentetzat, Juan Nava. Bera nik egindakoa egiten ari da, baina, noski, proiektu askoz ere handinahiago batekin: hiri osoan ibiltzen da, hiriko errotulu guztiei argazkiak ateratzen dizkie eta digitalizatu egiten ditu.

Kartelak hamaika hizki besterik ez ditu. Nola lortu zenuen familia osoa egitea?

Tira, oraingoz, letra larriak bakarrik egin ditut. Horretarako, tipografia eredu guztiak funtsezko printzipio batzuetan oinarritzen dira. Erreskate tipografikoa egiteko, zehazki, Laura Meseguerren ikerketetan oinarritu nintzen.

Nola lortu zenuen Meseguer diseinatzaileak liburuaren hitzaurrea idaztea?

Berarekin harremanetan jarri nintzen, bere lanak nire GRALean asko lagundu zidala esateko. GRALa bidali nion, nola geratu zen ikus zezan. Irakurri zuen eta hitzaurrea idatziko zidala esan zidan. Koldok asko lagundu zidan horretan eta garbi dago laguntza hori gabe ezinezkoa izango zela.

Cebreiro farmaziakoek emaitza ikusi dute?

Bai. Beraien farmazia aukeratzeak harrituta utzi zituen; poz handia hartu zuten. Erabili zezaketela esan nien eta asko poztu ziren.

Eta, orain, zer egingo duzu tipografia horrekin? Zabaldu egingo duzu?

Ez litzaidake gustatuko tiradera batean geratzea. GRALa bukatu nuenean, letra xeheekin jarraitzea, beltz bertsio bat egitea… pentsatu nuen, baina lanean eta masterra egiten ari naizenez, ez daukat denbora askorik.

Oraingoz zein erabilera du?

Tira… karteletan, azaletan… izenburuak egiteko erabil daitekeela esango nuke. Duela gutxi, ama kaletik etorri zen eta esan zidan: "Erakusleiho batean zure tipografia azalean zuen liburu bat ikusi dut oraintxe". Kontua da nire zuzendariak berak, diseinatzailea eta liburu azalen egilea izanik, bere lanetako batean erabili zuela. Irudia mezu elektroniko batean bidali zidan. Poz handia hartu zuen.

Eta orain?

Orain ez dut proiektuarekin jarraitzeko denborarik. Hirugarren mailan, start up batean praktikak egin nituen, webguneen UX (erabiltzaile esperientzia edo User experience) diseinatzaile gisa. Bukatu nuenean, geratzea proposatu zidaten eta, geroztik, han egiten dut lan.

Eta zein da zure zeregina?

Aurrea hartzen eta erabiltzaileek webgune baten aurrean zer jokabide izango duten aurreikusten saiatzen naiz, bertan dabiltzanean eginkizun hori errazteko. Hau da, webgune polita ez ezik, erabilerraza eta intuitiboa izan dadin.

Non ikusten duzu zeure burua hogei urte barru?

Hogei urte? Ez nuke jakingo esaten ezta bost urte barru non ikusten dudan ere (barre). Ez dakit enpresa honetan jarraituko dudan, baina bai "erabiltzaile esperientzian" lan egiten jarraitu nahiko nukeela. Horregatik, horri buruzko master bat egiten ari naiz, espezializatzeko eta ildo horretan aurrera egiteko.