Elkano, 200 urte gestioan hezten

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak urteurrena ospatu du Bizkaiko gizartearen hainbat ordezkarirekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/21

Azaroaren 20an, Ekonomia eta Enpresa Fakultateak ospatu du 200. urteurreneko ekitaldi nagusia, han Josu Urrutia Athletic Clubeko kudeaketa batzordeko presidenteak eman du hitzaldia.

Jon Barrutia, Cristina Uriarte, Unai Rementeria, Nekane Balluerka, Juan María Aburto, Josu Urrutia eta Pedro Gómez. (Argazkia: Tere Ormazabal.UPV/EHU)

Bizkaiko gizartearen hainbat ordezkari bertaratu dira ekitaldira, besteak beste, han izan dira: Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun nagusi jauna; Juan Mari Aburto, Bilboko alkate jauna; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburu andrea; José Vicente Reyes Martín, Gobernuaren ordezkariordea; José Maria Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen Foru diputatua; Alfonso Gil, Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia; Koldo Narbaiza, Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; eta Beatriz Marcos, Bilboko zinegotzia.

“Ekonomia eta Enpresa Fakultatea gure unibertsitatearen sortze-harrietako bat da, denboran ditu errotuta sustraiak, eta gure unibertsitate gaztea historia luze baten jasotzailea dela erakusten digu. Gainera, gaur egun balio erantsi garrantzitsua ematen dio Bilboko eta Bizkaiko ekonomia jarduerari”,  adierazi du Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak.

Bestalde, Pedro Gómez Elkanoko Atalaren koordinazioko dekanordeak honakoa adierazi du: “harro egon gaitezke 200 urteko aldaketa sakonetatik bizirik atera garelako, eta ikastegi garrantzitsua garelako, UPV/EHUko egituraren barruan, matrikulatutako ikasle kopuruari begiratuta".

Jon Barrutia UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak azpimarratu du Elkanok “200 urteko esperientzia gehitzen” dizkiola Ekonomia eta Enpresa Fakultateari, “pertsonen prestakuntzan, euskal gizartearen garapenean laguntzeko, oro har”.

Ikastetxearen historia

Bilboko merkataritza eskola, gaur egun UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea,  duela 200 urte sortu zen. Eskola hori, munduko lehenetarikoa eta estatuko lehena izan zen merkataritza ikasketak eskaintzen. 1818ko uztailaren 9an Errege Probisioa argitaratu zen Bilbon merkataritza diziplinak emateko eskola bat sortzeko.

Eskolaren lehen etapa Kontsulatuak Udaletxearen goiko solairuetan zituen geletan hasi zen. Gero Elkano kalera igaro zen eta urte askotan Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola izan zen, zein gaur egun UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea den.

Bilbo izan zen merkataritzako ikasketak emateko eskola bat sortu zuen munduko lehen hirietako bat. Bilboko Eskola baino lehen, egiaztatutakoaren arabera, hiri hauetako eskolak bakarrik zeuden: San Petersburgo, Hanburgo eta Trieste, XVIII. mendearen bigarren erdian ezarritakoak,  eta Mosku, Odesa, Danzig eta Estrasburgo, 1804, 1810, 1814 eta 1817an sortutakoak, hurrenez hurren.

Merkataritzari buruzko prestakuntzaren beharra XVII. eta XVIII. mendeetan nabarmendu zen eta, 1800. urtean, Bilboko Kontsulatuak ikasketa horiek hiriko merkatarientzat  bultzatzea erabaki zuen.

Hori lortzeko egindako lehen eskaera atzera bota zuten, eta Napoleonen inbasioko urte nahasiak igaro eta herrialdea indarberritu ondoren, araudi baten proiektua idatzi zen eta 1818ko uztailaren 9ko Errege Xedapenaren bidez onartu. Lau katedra sortu ziren: matematika, frantsesa, ingelesa eta marrazketa; lehenengoan sartu ziren kontabilitate ikasketak. Eskolaren lehen etapa Kontsulatuak udaletxeko goiko solairuetan zituen lokaletan hasi zen eta 1818ko azaroaren 18an hasi zen eskolak ematen.

Lehen zuzendaria Alberto Lista y Aragón izan zen, elizgizon, matematikari eta olerkari ospetsua. Matematikako katedra lortu zuen eta 1818ko abenduaren 28an izendatu zuten. Eskolako inaugurazio ofiziala 1819ko martxoaren 1ean izan zen, Espainiako errege Fernando VII.a zelarik eta kontsulatuko priorea Manuel María de Aldecoa jauna zelarik.

Aipamen historiko labur honetan hiru data garrantzitsu daude lehen “Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola” ezagutu zenaren jatorriari dagokionez. Gaur egun, UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultatean dago integraturik.