euskaraespañol

Andrea Cabezas

Nola gutxitu emakumeen osasun mentalaren gehiegizko medikalizatzea

UPV/EHUko doktoratu aurreko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/11

Irudia
Freepik-ek sortutako emakumearen argazkia - www.freepik.es

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke

Emakumeei gizonei baino maizago diagnostikatzen dizkiete antsietatea eta depresioa, baina hori ez da, ordea, osasun mental okerragoa dutelako. Gainera, psikofarmakoak gehiagotan agintzen dizkiete emakumeei gizonei baino, diagnostiko bera eta lehen mailako arretako kontsulta kopuru bera egonik ere.

Nolanahi ere, emakumeen osasun mentala medikalizatzeko prozesua ezin zaio kausa bakar bati egotzi. Hainbat faktoreren ondorioz gertatzen da hori; azken urteotan eguneroko ondoezen patologizazioaren hazkunde handiaren ondorioz, besteak beste. Horrek esan nahi du emakumeek gizartean duten egoera txarragoaren ondorioz jasaten duten ondoez emozionalaren zati handi bat patologia mentaltzat hartzen dela, eta horrek, aldi berean, beharrezkoa ez den tratamendua eskatzea dakar.

Permisiboak emakumeen tristurarekin

Osasun langileak, berriz, gainerako biztanleak bezala, gizarte patriarkal batean bizi dira, eta, horrenbestez, haietan ere badute eragina gizartean nagusi diren genero estereotipoek eta feminitatearen eta maskulinitatearen definizioek. Ildo beretik, gizartean onartuago dago emakumeen tristura, eta aiseago adierazten dituzte beren arazo psikosozialak; horrek ere zerikusia izan lezake antsietatearen eta depresioaren diagnostiko tasa handiagoa izatearekin.

Gizonak, aldiz, uzkurragoak izaten dira sentimenduak erakusteko eta laguntza bilatzeko, eta diagnostikoa zailtzen du horrek. Era berean, oso litekeena da patologia horiek neurtzeko erabiltzen diren balorazio eskalek ere izatea genero alborapenak; izan ere, femeninotzat hartzen diren portaera ezaugarriak neurtu ohi dituzte, negarra esaterako, eta alde batera uzten dituzte gizonetan ohikoagoak diren beste sintoma afektibo batzuk, agresibitatea adibidez.

Azkenik, emakumeak maizago ere joaten dira osasun zerbitzuetara, dela zainketen zama handiagoa hartzen dutelako beren gain, dela beren bizi zikloaren ondorioz, eta horrek ere laguntzen du horrelako patologiak antzematen eta, ondorioz, tratatzen.

Horren guztiaren ondorioz, bi prozesu hauek ari dira gertatzen aldi berean: batetik, emakumeen osasun mentalaren gehiegizko medikalizatzea, eta bestetik, gutxiegizko medikalizatzea, gizonetan.

Nolanahi ere, ezin dira emakumeak aztertu talde homogeneo bat osatuko balute bezala. Generoaz gain, gizarte estratifikazioko beste ardatz batzuk ere badaude tartean, hala nola klase soziala edo adina, eta horiek ere eragiten dute medikalizatzeko prozesuan. Alde horretatik, gure ikerketen emaitzek erakutsi dute ez dela soilik emakumeek gizonek baino antsietatearen eta depresioaren diagnostiko tasa handiagoak dituztela. Horrez gain, hezkuntza eta gizarte maila apalagoa dutenek eta adin handiagokoek are gehiago pairatzen dute osasun mentalaren medikalizazioa.

Konponbideak

Zer egin daiteke egoera horren aurrean? Osasun mentala medikalizatzeko arrazoiak askotarikoak direla kontuan hartuta, hainbat mailatan esku hartu beharra dago.

  • Maila politikoan, hainbat gizarte eremutan genero arrakala murrizteko esku-hartzeak diseinatzeak lagunduko luke osasun mentaleko genero arrakala murrizten.
  • Era berean, osasunaren arloko profesionalen prestakuntza eredu androzentrikotik aldendu behar da; hau da, alde batera utzi behar du gizona erreferentziatzat hartzea ondoren emaitzak gainerako biztanleetara estrapolatzeko.
  • Azkenik, asistentzia mailan, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea ondoez emozionalari heltzeko orduan; diagnostiko kategorien inguruan sortutako genero estereotipoak hautsi beharra dago, eta, horrekin batera, eredu biopsikosozial bat txertatu, pertsonaren ikuspegi orokorra ahalbidetzeko.

Osasun mentala modu bidezkoagoan eta ez hain medikalizatuan kudeatzeko aukera egongo da horri esker.