euskaraespañol

Empleo Gune hazi egin da, urtean bitan egingo den foro bihurtzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/25

Irudia

Empleo Gune foroaren bederatzigarren edizioa bi jardunalditan banatu da, eta lehenak, urriaren 30ean, gazteen enplegagarritasunaren ardatz nagusiak izango ditu gaitzat.Gasteizen egingo da lehenengoz estatuan garagErasmus fundazioaren International Talent Match ekitaldia, enplegu bila ari diren ikasleentzat erreferentziazkoa dena nazioarteko mugikortasunaren alorrean.

Gasteizko Udalak eta UPV/EHUren Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Empleo Gune foroaren bederatzigarren edizioaren berritasun nagusia bi jardunalditan banatu izana da. Lehena urriaren 30ean egingo da, eta gazteen enplegagarritasunaren ardatz nagusiak izango ditu gaitzat: lan-harremanik gabeko praktikak, orientazio profesionala eta nazioarteko mugikortasuna. Bigarrena 2019ko otsailaren 14an egitekoa da; batetik, lurraldeko enpresek dituzten langile beharrizanak azalduko dituzte; bestetik, gaitasun profesionalen hobekuntza eta beste alderdi batzuk aztertuko dira. Bi jardunaldiak Europa biltzar jauregian egingo dira, eta Empleo Gune Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa sendotzeko bide emango dute.

Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko erretoreorde Ivan Igartuak aurkeztu dute Empleo Guneren formatu berria, eta lehenengo zatiaren garrantzia azpimarratu dute, zeina pertsona hauei zuzentzen baitzaie: enplegu-bilaketa aktiboan diharduten langabeak, azken prestakuntza-zikloetako ikasleak, gizarteratze eta laneratzearen arloan lan egiten duten profesionalak, eta tokiko enpresetako giza baliabideen arloko profesionalak.

 

Orientazio profesional onaren garrantzia

"Empleo Guneren lehen atala lan bila ari direnei edo horretan hastear direnei zuzentzen zaie bereziki, baita prozesu horretan zuzenean gidatu eta laguntzen dietenei ere. Tresna baliotsuak emango diegu lana bilatu, bilaketa bideratu eta enplegua lortzeko edo profil profesionala hobetzeko aukera berriak ezagutzeko. Kasu askotan, kalitateko enplegua lortzea kalitateko bilaketaren emaitza da, eta horixe lortu nahi dugu jardunaldian”, adierazi du Nerea Melgosa zinegotziak.

Hain zuzen ere, lanbide orientabiderako lantegiek irekiko dute jardunaldia, hautatze-prozesuan hautagaitza prestatzeko trebetasunak hobetzeko xedez. Lan bila ari diren pertsonek eta UPV/EHUko azken urteetako ikasleek har dezakete parte, eta egungo lan-merkatuaren beharrei begira dituzten ezaugarri eta trebetasunei buruz hausnartuko dute.  Metodologia berritzailea baliatuz, esperientzia handia duten profesionalek marka pertsonala lantzen eta egoki transmititzen lagunduko diete, eta hautaketa-elkarrizketaren simulazioa ere egingo dute, SECOTen laguntzarekin.

Orientazioaren alorrean lan egiten dutenentzako lantegi teknikoa ere antolatu da. "Mugatzen gaituzten usteak gainditzeko tresnak" izenburua duen lantegian lanbide orientazioaren alorrean sortu ohi diren egoera errealei erreparatuko zaie bereziki.

 

Lan-harremanik gabeko praktikak, karrera profesionalari ekiteko era egokia

Aldi berean, enpresei zuzendutako saioak egingo dira lan-harremanik gabeko praktiken balioa ikusarazteko. EHUk eta Lanbidek aurkeztuko dute saio multzo hori. Ondoren, Iñigo Sáenz de Urturik —"Komunikazioaren Magoa" deritzote— gazte talentudunak kontratatzeak dituen abantailak azalduko ditu. Amaitzeko, enpresetan tutoretza eta gidaritza jasotzeak dituen onurei buruzko hitzaldia izango da, eta aitorpena egingo zaie Unibertsitatearekin eta Gasteizko Udalarekin lan-harremanik gabeko praktikak egiten lankidetzan aritu diren enpresei.

"Nabarmendu nahi dugu lan-harremanik gabeko praktikek eragin handia dutela ikasleen enplegagarritasunean, eta unibertsitate eremuan nazioarteko mugikortasunak gero eta garrantzi handiagoa duela lanean txertatzeari begira. Horrekin lotuta, garagErasmus fundazioak, zeinaren kide baita UPV/EHU, lan-merkatuaren berariazko beharrak eta nazioarteko prestakuntza duten unibertsitate-tituludunen profil kualifikatuak lotu nahi ditu”, azaldu du Ivan Igartua erretoreordeak.

GaragErasmus fundazioak nazioarteko mugikortasunak dituen abantailak eta aukerak aurkeztuko ditu Empleo Guneren arratsaldeko ekitaldi nagusian. Zehazki, International Talent Match ekitaldiaren bidez aukera emango zaie gaur egungo eta azken urteetako Erasmus+ ikasleei enpresei euren gaitasun eta trebetasunak erakusteko, lan merkatura sartu ahal izateko.

Arratsaldeko saion, orobat, UPV/EHUko eta Gasteizko Udaleko orientazio adituek enplegagarritasuna hobetzeko banakako tutoretzak egingo dituzte.

Internetez eman daiteke izena Empleo Guneren jardueretan; informazio guztia http://empleo-gune.org web-orrian dago eskuragarri.