euskaraespañol

32 enpresek lan-eskaintzak aurkeztuko dituzte Empleo Gunen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/07

Irudia

Otsailaren 14an egingo da Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Empleo Gune foroaren bederatzigarren edizioaren bigarren jardunaldia. Oraingoan lurraldeko enpresek hartuko dute protagonismoa: dituzten langile beharrak azalduko dituzte, eta gaitasun profesionalak hobetzeaz ere arituko dira. Izena emateko epea itxi gabe dagoelarik, oraingoz 32 enpresak hartuko dute parte, eta horietako 21k standa jarriko dute. Orotara 273 lanpostu eskainiko dituzte, erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak. Jardunaldia Europa biltzar jauregian egingo da, eta Empleo Gune Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa sendotzeko bide emango du.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute 2018-2019ko Empleo Guneren bigarren jardunaldia, zeinak helburu hauek baititu: lurraldeko administrazio publikoetan hurrengo hilabeteetan sortuko diren enplegu-aukerak aurkeztea eta enplegu publikoa eskuratzeko moduaz informatzea, eta gure hiriko enpresek eta hedatzeko bidean dauden sektore ekonomikoek eskatzen dituzten profilak zein haien lan-eskaintzak ezagutaraztea. Orobat, enplegu-bilaketa aktiboan dihardutenen trebetasunak hobetzera eta informazioa zabaltzera zuzendutako jarduerak eskainiko dira.

Erakunde eta enpresen aurkezpenez eta informazio guneez gain, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa nabarmentzen da, Gasteizko Udalak sustatzen duen GPS proiektuarekin lotuta dagoena. “Orientazio ona da enplegu bilaketa arrakastatsuaren oinarria. Askotan, orientatzaileen figura gakoa da lan-merkatuaren eta irakaskuntzaren arteko zubiak eraikitzeko. Ikuspegi aldaketa soil batez edo galdera egokiak eginez lor dezakete lan bila dabilenak nora jo dezakeen eta bere profil profesionalari etekina nola atera diezaiokeen jakitea. Horrexegatik da garrantzitsua orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasunak hobetzea“, adierazi du Nerea Melgosa zinegotziak.

Nabarmendu beharrekoa da, halaber, Mikel Belascoain artista eta zine zuzendariak emango duen hitzaldia, ‘Perfiles y Competencias Transversales para el Siglo XXI’ izenburua duena; proiektu eta prozesuen gizarteak behar dituen gaitasun berriez hitz egingo du, eta bereziki, aldaketen ezarpena azkartuko eta berrikuntza gidatuko duten profil berriez.

 Arabako Campuseko erretoreorde Iván Igartuak azpimarratu duenez, “enplegu-bilaketara bideratutako baliabide informatikoei buruzko lantegia ere izango da, eta enpresek 270 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte sarean. Hautagaiek curriculuma bidali ahalko dute eskaintzan agertzen den posta elektronikora, eta enpresek elkarrizketa batera deitu ahalko dituzte foroa egiten den bitartean, Europa jauregian”. “Empleo Gune foroa —erantsi du— EHUk unibertsitateko ikasleen eta ikasle ohien enplegagarritasuna eta laneratzea sustatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, horrela lurraldea garatzen laguntzeko”.

 Azken batean, Empleo Gune foroaren helburua da elkargunea izatea gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta lurraldearen barruan enplegua sortzen ari diren entitate publikoentzat.

Internetez eman daiteke izena Empleo Guneren jardueretan; informazio guztia http://empleo-gune.org web-orrian dago eskuragarri.