euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainiko dute batera

Enologia Berritzailea Unibertsitate Masterra abiaraziko dute datorren ikasturterako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/17

Irudia
Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Enologia Berritzailea graduondoko ofiziala, UPV/EHUn 2010-2011 ikasturtetik eskainitakoa, datorren ikasturtetik aurrera eskainiko da NUPekin batera. Guztira, 30 plaza ditu, eta mahastizaintza eta ardogintza sektoreko profesionalak prestatzea du helburu.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (UPNA) Enologia Berritzailea Unibertsitate Masterra jarriko dute abian datorren 2020/21 ikasturterako. 60 kreditu izango ditu eta 30 plaza eskainiko dira (15 NUPen eta beste 15 UPV/EHUn), graduondoko titulu ofizial hori, doktoregorako sarbidea izango duena, mahastizaintza eta ardogintza sektoreko profesionalak prestatu nahi ditu, horixe baitugu azken garaiotan sektore dinamikoenetako bat, eta, erronka berriei erantzuteko, ardo ekoizpenaren eta upategien merkataritza kudeaketaren negozio arloei buruzko ikuspegi integrala eskaini beharrean gara. Titulu berrian Eusko Jaurlaritzak laguntzen du eta Gasteizen eta Iruñean irakatsiko da.

Masterrean sartzeko profila diziplina anitzekoa da, eta ikasleak gradu hauetako tituludunak izan daitezke: Enologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Biologia Zientziak, Kimika Zientziak, Nekazaritza Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Marketina.  Enologia eta Ekonomian graduatutako pertsonentzat, gainera, titulu bikoitza lortzeko aukera eskaintzen du Bordeleko Unibertsitateak (Frantzia). Titulu bikoitza lortzeko, ikasleek Master Amaierako Lana Bordeleko upategiren eta/edo ikerketa zentroren batean egin behar dute, 30 ECTS  dituen "Stage de professionnalisation" delakoaren arabera (urtarriletik ekainera).

Prestakuntzak honakoak hartzen ditu barne, besteak beste; nahitaezko irakasgaien 27 ECTS, hautazkoen beste 12 eta 21 master amaierako proiektuari dagozkionak, eta upategian begin beharreko praktikak ere bai. Irakasgaietan hona gaiak jorratuko dira: mahastiaren erabilera, datu sentsorialen tratamendua, zuzendaritza komertziala eta marketin aurreratua edo kontsumitzaileen lehentasunen analisia.

 

Erronka global berrietarako profesionalak

Tituluaren aurkezpenean azaltzen den bezala, "Beste kontinente batzuetan, herrialde ekoizle berriak agertzen ari dira, eta, horrez gain, mahastizaintzako eta ardogintzako teknika berriak daude, baita produktua merkaturatzeko eta marketina egiteko estrategia berritzaileak ere, eta, horren guztiaren ondorioz, zalantzan jarri da zenbait lurralde ekoizlek eta markak historikoki lortua zuten estatusa".

Mundu mailako merkatuen eta merkataritza estrategien ezagutzatik abiatuta, programa akademikoaren helburua da ebaluazio sentsorialeko jardunbide egokiak aplikatzeko gai diren profesionalak prestatzea, merkatuko eskarien arabera produktu sorta bat modu integralean definitu ahal izateko, mahastiaren potentzialtasunak eta praktika enologikoak ahalik eta gehien aprobetxatzera eramango duten produktuaren definizio eta kudeaketa berritzailean lagunduz, berrikuntza teknikoa, prozedurazkoa edo komertziala sustatuz erakundeen arrakasta bermatzeko. Master honek duen diziplina anitzeko ikuspegiak beste master batzuetatik bereizten du, besteok ekoizpenari lotutako kontzeptua baitarabilte.