euskaraespañol

Prekaritatea artean: hausnarketak eta borrokak 'En Riesgo' argitalpenean

Nerea Ayerbe eta Kontxa Elorza: «Instituzio publikoek kulturan inbertitu behar dute, funtsezko ondasun gisa»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/09

Irudia
Nerea Ayerbe eta Kontxa Elorza. Argazkia: UPV/EHU.

Lanaren eta lanbidearen arteko dualtasuna etengabea da kulturaren esparruan dabiltzanen artean, baina ez da hori gertatzen –ez behintzat, hain maiz– beste arlo batzuetan. Nerea Ayerbe, Irantzu Sanzo, Beatriz Cavia eta Kontxa Elorza –nork bere prestakuntza eta lan ibilbidea dituen arte profesionalak izanik– artisten lan arloan sakontzen saiatzen dira PREKARIARTeko beste ikertzaile batzuekin batera, lanaren arlo hori askotan desitxuratu eta ilundu baita sortzaileen izaera bohemioaren mitoa aitzakia hartuta.

Badirudi 'En riesgo - Diagnóstico, propuestas y luchas en torno a la precariedad del arte contemporáneo' (Dykinson SL) argitalpenak modu kolektiboan idatzitako saiakera baten forma hartu duela, abiapuntua Prekariart Nazioarteko Mintegian duen arren.

Jakina, 'En Riesgo' argitalpenak bere bizitza propioa du. Bertan jasotako ideia asko aipatutako mintegi horretan agertu baziren ere –arte garaikidearen izaera prekarioaren inguruko aztergaiak jorratu zituen– gure argitalpenak xehetasunez garatzen ditu gure iritzian funtsezkoak diren eta kulturaren eta sorkuntzaren esparruko artisten eta langileen artean gero eta presentzia handiagoa duten arren, gure ikuspuntutik bultzada bateratu handiagoa behar duten zenbait gai, hain zuzen ere, indar handiagoa har dezaten eta behar diren instantzia guztietara hel daitezen. Ildo horretan, esan behar dugu hasi garela nabaritzen gure ikerketaren nolabaiteko ondorio erreal eta praktikoak, erakundeetatik gero eta gehiago deitzen baitigute, eta horrek baikor izatera bultzatzen gaitu, neurriz bada ere. Esango genuke, beraz, gauzatzen hasita gaudela ikerketa abian jarri zen lehen unetik gure helburu handienetako bat izan dena: funtzio bateratzailea betetzea. 

Nolatan hasi zineten sortutako planteamendu horiei liburu baten itxura ematen?

Egia esan, ohartu ginen gure taldeko eztabaida-prozesuetan zenbait gai behin eta berriro agertzen zirela. Errepikatzen zen gai horietako bat zen ea artisten kolektiboak identitate kontzientziaren bat partekatzen ote zuen lanaren arloan, eta posible ote zen zerbait eraikitzea, hainbat eskubideren defentsari dagokionez, kontzientzia horren bidez. Puntu horretatik abiatuta, aspalditxotik buruan genituen gogoeta horiek lantzeko solaskiderik egokienak bilatzen ahalegindu ginen.

Zer esperientziak bultzatu zintuzten ideia horiek paperean islatu beharra sentitzera?

Taldekide guztiok, hala talde modura, nola zein bere aldetik, liburu honetan jasotzen diren ideia nagusiei buruzko azterketa eta eztabaidarako hainbat forotan parte hartu izan dugu. Eztabaida lan horretatik ekoizpen zientifikoa sortu da, zeinaren jarraipena prekariart.org izeneko webgunean egin baitaiteke. Horrez gainera, zuzeneko esperientziak ere izan ditugu kulturaren esparruan, artista, komisario eta produktore gisa gauzatu ditugun jardueretan. Problematizazio horietako batzuen ondorio izan da, esate baterako, FALL RISE FALL erakusketa, iaz UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egon zena. Bizipen eta ibilbide horiek guztiak dira testuan jasotako edukien oinarri. 

Zer motatako publikoari dago zuzenduta? Ba al da, hasteko, lehentasuna duen kolektiborik? 

Beti izan dira –eta dira– oso garrantzitsuak guretzat Arte Ederretako Fakultateko ikasleak. Pertsona horiek, ikasketak utzi ondoren, lan arloan hain gaizki araututa dagoen eta beti zalantzagarria suertatzen den lanbide talde horretan sartuko baitira, sortzaileak egoera guztiz zaurgarrian geratuko direlarik. Ohartzen gara, era berean, zentzu zabalean, arazo bera dutela lan intelektualak egiten dituzten eta babesgabetasun egoera horiek bizi dituzten hainbat eta hainbat pertsonak. Gure ikuspuntutik, profesional horiek guztiak bilduko lituzke liburu honek, baina garrantzitsua da, halaber, artearen publikora iristea, maizago iristen baitzaie beste irudi bat: beren lanengatik zifra astronomikoak kobratzen dituzten glamour handiko izaki horiena, hain zuzen. 

Zein da proiektu honetan parte hartu duten pertsonek UPV/EHUrekin duten lotura profesionala? 

Azpimarratu nahi dugu ikerketa hau artetik abiatuta egin dela eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatean duela egoitza (taldeko kideen ehuneko handi bat Fakultateko artistak, irakasleak eta ikertzaileak gara), baina argi utzi nahi dugu, era berean, gure taldearen ezaugarri den diziplina aniztasuna. Hor sartzen dira Ekonomia Zientzietan, Humanitateetan, Filosofian, Soziologian, Ingeniaritzan edo Irakaskuntzan prestatu direnak, beste hainbat ikastegitan: UNED, Salamancako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UOC... Taldea abian jarri zen momentutik jakin genuen jakintza eta diziplina desberdinen arteko ikuspegiak gurutzatuta urrutirago iristeko aukera izango genuela, Arte Ederretako lizentziadunez edo graduatuz edota gure Fakultateko irakaslez soilik osatutako lantaldea eginda baino. Prekariat.org webgunean kontsulta daiteke taldeko pertsonen ibilbide luzea.

«Norbait ez da artista magia duelako, baizik eta zerbait egiten dakielako, hainbat berezitasun tarteko direla»

Asko higatzen al ditu pertsona sortzaileak, artea ideia erromantikoetan oinarritzen dela eta horregatik doakoa izan behar duela dioen ideia orokortuak? 

Ez dugu uste higadura kontua denik; egia esan, denbora asko da jada artista-jenioari buruzko ideia erromantiko hori zalantzan jarri zela. Norbait ez da artista magia duelako, baizik eta zerbait egiten dakielako, hainbat berezitasun tarteko direla. Eta lan-baldintza duinak aitortu behar zaizkio, gainerako sektore profesional guztiei bezalaxe.

Gure ingurune soziokulturalak hezten ote gaitu ideia horretan, sarrera libreko erakusketa, performance edo kontzertuak antolatzearekin? 

Kulturaren doakotasunaren gaia –eta zerbitzu publiko gisa hartu behar den edo ez– oso konplexua da, eta hainbat jarrera daude horren inguruan. Gure ikuspegitik, kulturaren zilegitasun kontua da. Artearen arloan, bereziki, zilegitasun hori izanez gero, bere balioa sendotu egiten da, eta inguru horretan lan egiten dugun pertsonon lanak –hala artista gisa, nola kulturaren sorkuntzan– estimazioa irabazten du. Bestalde, instituzio publikoek kulturan inbertitu behar dute, funtsezko ondasun gisa, hura gizarte osoaren helmenean egon dadin; aldi berean, dibertsitate handiko sektore baten jasangarritasuna bermatu behar da, sektore horrek ezin baitu (edo ez baitu nahi) funtzionatu beti ekonomia kapitalistaren logiken arabera. Hori ere kontuan hartu beharreko zerbait da; izan ere, industria kulturala delakotik harago, kultura ez baita beste sektore ekonomiko batzuen ezaugarri diren produktibitate arauen arabera gobernatzen. Azkenik, publikotasunari eta mezenasgoari buruzko tradizioek ere merezi dute gogoetaren bat; izan ere, munduko testuinguru batzuetan ez batira modu berean ulertzen doakotasuna, dohaintzan ematea, fundazioak jasangarritasun eredu gisa... Adierazitako horren guztiaren ondorioz, zaila da artearen munduko egoera prekario eta zaurgarri horien erreprodukzioa aztertzea, eta erantzun posibleak lantzen jarraitu beharra justifikatzen du. 

Doakotasunaren ideia hori areagotu egin al da azken hamarraldi honetan Internetek izan duen igoerarekin?

Seguru asko bai; oraindik ez dugu astirik izan pandemiak gure ikerketaren esparruan izan dituen ondorioak sakon aztertzeko. Arazoa ez dago kulturaren doakotasunean soilik, baita eskaintzaren dimentsio handiegian ere, askotan, publikoarentzat zabalegia gertatzen baita. Eduki espezifikoa sortu behar litzateke Interneti begira, dena ezin baita arlo fisikotik birtualera lekualdatu. Eta, noski, ordain moduren bat egon beharko litzateke, sortzailearentzat galerarik ekar ez dezan. 

Kultura eta sorkuntza dira pandemiaren kaltetu nagusiak, ekonomiari dagokionez. Hala ere, inoiz ez dugu orain bezala behar izan, frogatuta geratu den bezala. Sortzaileak indartuta aterako ote dira, epe luzera begira bada ere? 

Egia da Internetek inpaktua neurtzeko aukera bikaina ematen duela, eta, zalantzarik gabe, artearena oso handia izan da lehen aldiz etxeratu gintuztenetik. Hala ere, ausartegia litzateke, gure aldetik, pandemia honetatik sortzaileak nola irtengo diren esatea. Nahikoa lan ematen digu egunerokotasuna kudeatzeak. Gertatuko dena izango da, segur aski, hainbat artistak, eta, oro har, artearen munduan mugitzen diren eragileek, beren ekoizpen modua aldatuko dutela eta, ondorioz, artea jasotzeko modua ere aldatuko dela. Gure ustez, ez da batere fidatzekoa inpaktuez hitz egitea: zaila da artearen inpaktua neurtzea, epe luzeagoan gertatzen baita eta, batzuetan, sentitzeko, pentsatzeko edo imajinatzeko moduak aldatzearekin du zerikusia. Baina, jakina, ez dugu neurketa kuantitatiboetan sinesten. Kultur produktu guztiak ez dira, nahitaez, masiboki kontsumitu beharrekoak, eta ohartu behar genuke sareek –gure ustez modu orokorrean eta gehiegizkoan– arrakasta zenbaki handiekin lotzera ohitu gaituztela.