euskaraespañol

Gerra Zibileko arkeologia San Pedro mendian

Euzkadi egunkariaren ale bat aurkitu dute

Amurrio eta Urduña arteko mendi horretan egindako indusketa arkeologikoek argitara atera dute ustezko iheslari errepublikano arabar baten txanpona

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/27

Irudia
Euzkadi pusketa

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko talde arkeologikoak, Josu Santamarina eta Xurxo Ayán ikerlariek gidaturik, orain arte lurperatutako zenbait objektu interesgarri aurkitu ditu San Pedro Beratza mendian, Amurrio eta Urduña artean. Indusketen bigarren kanpaina 2017ko maiatzean garatu izan da eta tokiko gerra-posizio errepublikanoen dokumentazioan oinarritu da, 2016ko udazkenean hasitako lanekin jarraituz.

Amurrio eta Urduña artean kokatutako mendi horretan 2017 urteko kanpainan egindako lan arkeologikoetan, bi lubaki lerro induskatu dira, bai eta zementuzko hiru gotorgune ere. Dirudienez gotorleku hauen jatorria San Pedro mendian Euskal Gudarostearen V. Brigada aritu zen momentuari dagokio, 1936ko abendutik 1937ko maiatzera. Hilabete hauetan zehar, Araba batailoiko (EAJ-PNV) eta Leandro Carro batailoiko (PCE) gudariak posizioaren defentsa eta gotortze lanetan txandakatzen ziren. Aurrez aurre, handik 700 bat metrora, Urduñako pinudiaren beste aldean eta La Barrerillako goialdean, erreketeek eta Francoren soldaduek tentuz ikuskatzen zuten ingurua. Fronte hau gutxi gorabehera lasai mantendu zen denboraldi honetan, bai eta 1937ko martxo-apirila ingurutik aurrera, Mola jeneralak euskal lurraldea gogorki inbaditzeari ekin zionean. Udaberri horretan, Kondor Legio alemanak eta abiazio legionario italiarrak hamarnaka bizkaitar herri bonbardatu zituzten, altxatuen tropek Bilborako bidea egiten zuten bitartean.

1937ko maiatzaren 26an erasoaldiaren txanda San Pedro mendiari egokitu zitzaion. Hegazkineria alemaniarrak lehenbizi egin zuen eraso, infanteria frankistak (Nafarroako III. Dibisioa) posizioak lurrez hartzen zituen bitartean, gerra gurdi italiarrekin batera. Mendi honen gotorleku suntsituetan erresistentzia errepublikanoaren zantzu desesperatuak ere topatzen ditugu.

Ehunka fusil eta metrailadore bala zorroez gain, hauek errepublikanoen defentsa suaren ebidentzia gisa, hainbat txanpon aurkitu izan dira. Hauetako bat 1878. urtekoa da, Alfontso XII.aren irudiarekin. Dirudienez, eskasiaz beteriko gerra-garai honetan txanpon zaharrak erabiltzeko ohituraz hitz egiten digu.  Horrekin batera, laborategiko zaharberritze lanei esker, “baieztatu ahal izan da txanponetako batek ez zuela bertan egon behar: 10 zentimotako txanpona da, Gasteizko La Esperanza kontsumo kooperatibakoa” nabarmendu dute ikerlariek.

Arabako hiriburua altxatuen zonaldean kokatzen zen eta, zentzu horretan, defentsa-postu errepublikano batean topatzeak hainbat interpretazio bide zabaltzen ditu. Interpretazio hauetako bat izan daiteke erasotzaile frankista batek gotorleku hau konkistatzean galdu zuenekoa. Baina, beste irakurketa bat liteke posizio hau maiatzaren 26 hartan defendatzen ari zen soldadu batena izan zitekeen, hain zuzen ere, gerraren hasieran ihes egindako gasteiztar batena. Azken kasu honetan, “txanpon hau ebidentzia interesgarria izango litzateke, zerena eta gerra garaian errepresio frankistarengandik ihes egin eta Euskal Gudarosteko kide bilakatutako ehunka arabar horietako baten ebidentzia. Ez da interpretazio inola ere burugabea, izan ere, gogoan izan behar baita San Pedro mendian Araba batailoia hilabete luzez egon zela, izenak berak dioen bezala, arabarrez osatuta zegoelarik, asko eta asko Gasteiztik ihes egindakoak” diote UPV/EHUko ikertzaileek.

Euzkadi egunkariko alea

Beste aurkikuntzetako bat are esanguratsuagoa da. Mendiaren urduñar partean, beste gotorleku baten hondakinetan, paperezko zati hauskor batzuk aurkitu ziren indusketetan. Laurogei urtez lurpean igarota, inguru hotz eta hezean papera kontserbatzea jada miraria da. Errestaurazio lanek paper zatiak nolabait irakurri eta identifikatzeko aukera eman dute. Zatiak Euzkadi egunkariko ale batenak dira, argitalpen hau Eusko Alderdi Jeltzalearen prentsa organoa izan zelarik 1913tik 1937ra. Erreskatatutako hitz solteek Gernikako bonbardaketaz aritzen dira (1937ko apirilaren 26a), honakoa “catástrofe” gisa definitzen delarik. “Larrauriko (Mungia) bonbardaketa batek zauritutako umeen zerrenda izan da egunkariaren alea identifikatzeko arrasto nagusia: San Pedron topatutakoa 1937ko maiatzaren 5eko egunkaria da, bataila hasi baino 21 egun lehenagokoa” aipatzen dute indusketarako zuzendari-kideek.

Egun hauetan, Araba batailoi jeltzaleak San Pedro mendia utzi zuen eta Mungiako frontera bidalia izan zen. Haren ordez, XIII. Brigadako indarrek mendia okupatu zuten, maiatzaren 26ko erasoaldi frankista hauek jasan behar izan zutelarik. Beraz, lurpean, San Pedroko EAJ-PNVko azken gudarien irakurgaia aurkitu da. Antza, gudariak oso ondo informatuta zauden lurraldeko gertaera tragikoez, esaterako, Gernikako bonbardaketaz, honako Euskal Herriko historia hurbileko episodio traumatikoenetako bat izan zelarik.

Aurkikuntza honek Euskal Gudarostearen erresistentziaren azken asteetara hurbiltzen gaitu sinestezina dirudien xehetasun mailarekin. Baina, leku honetan egindako bi kanpaina arkeologikoek historia honen azala hazkatzea baino ez dute suposatu. Nork daki zenbat aurkikuntza gehiago egingo ote diren San Pedro mendian etorkizunean.

Informazio gehiago:

Gerra unibertsitatean bloga (gaztelaniaz): http://guerraenlauniversidad.blogspot.com.es/
San Pedro 1936 bloga (euskaraz): http://sanpedro1936.wordpress.com/