euskaraespañol

Eneko Agirrek 2021eko SCIE-BBVA Fundazioa Informatika Sari Nazionala jaso du

Mikel Artetxe ikasle ohiak ere sari bat jaso du, Informatikari Ikertzaile Gazteen modalitatean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/26

Irudia
Eneko Agirre, 2021eko SCIE-BBVA Fundazioa Informatika Sari Nazionala. Argazkia: ©FundacionBBVA

Eneko Agirrek, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak Saileko irakasle oso eta Hizkuntza Teknologiako Zentroko (HiTZ) zuzendariak, eta New York Universityko (NYU) Center for Data Science-ko irakasle bisitariak, Espainiako Informatikaren Elkarte Zientifikoak (SCIE) eta BBVA Fundazioak ematen duten 2021eko Aritmel Sari Nazionala jaso du.

Saria jasotzean, bera kide duen IXA taldeak “lehenengo aldiz, hizkuntza batetik bestera, hiztegi elebidunik ikusi gabe, hizkuntza horietako testuak irakurriz soilik” itzultzen duen sistema bat sortu duela nabarmendu zuen sarituak. Gaur egun, adimen artifizialeko (AA) algoritmoen belaunaldi berri batean lan egiten ari da; adibide gutxi batzuk erabiliz eta interaktiboki, modu eraginkorragoan eta pertsonen antzekoagoan ikasiko duten algoritmoetan. Bere hitzaldian, zientzialari gazteentzako aukera faltaren arazoaz ohartarazi zuen ikertzaileak: “Emaitza hauek bikainak izan arren, aurrerapen gehienak [AAren arlokoak] beste herrialde batzuetako laborategi handietan egiten dira eta talentua erakartzeko ahalmenean arrakala handitzen ari da”.

Sarituaren elkarrizketa eta hitzaldia

Eneko Agirrek beste saritu baten doktorego tesia zuzendu zuen, Informatikari Ikertzaile Gazteen modalitateko 2021eko saria jaso duen Mikel Artetxerena. Artetxe UPV/EHUren Informatika Fakultateko ikasle ohia da eta, gaur egun, Facebook AI Research erakundeko (Londres, Erresuma Batua) ikertzaile zientifikoa.

Mikel Artetxek itzulpen automatikoan eragin handia duten zenbait garapen egin ditu eta AA bidez sortutako esaldiak erabiliz hasi zuen bere hitzaldia. Hala, “gaur egungo teknologia dagoeneko testu arin eta koherenteak sortzeko gai” dela frogatu zuen eta “horrek makina batekin elkarrekintzan modu naturalean aritzeko aukera emango digun itxaropen handiko etorkizun bat” marrazten duela. Hala ere, saritutako gazteak gogorarazi zuenez, “sistema horiek garunik gabeko aho bezala jokatzeko joera dute. Erronka zientifikoa zirraragarria da, baina denon ardura ere eskatzen du. Ez dugu adimen artifizialaz mesfidatu behar, adimentsuegia bihurtuko den beldurrez, baina ez dugu gehiegi fidatu behar ere, benetan dena baino adimentsuagoa delakoan”.

Sarituaren elkarrizketa eta hitzaldia

Bi ikertzaileek Espainiako Informatikaren Elkarte Zientifikoaren (SCIE) eta BBVA Fundazioaren 2020ko eta 2021eko Ikerketa Sarien banaketa ekitaldi bikoitz batean jaso zituzten sariak. Ekitaldi horretan, hamabi informatikari ikertzaile saritu zituzten, nazioartean eragin handia izan duten garapenak egiteagatik, honako abangoardiako arlo hauekin lotuak: ikaskuntza automatikoa, hizkuntza naturalaren prozesamendua, superkonputazioa, Big Data, ikusmen artifiziala, errealitate areagotua, zibersegurtasuna eta gauzen Internet. Horiekin batera, arlo horretan ibilbide bikaina egin duten bost zientzialari beteranok Informatikako Sari Nazionalak jaso zituzten. Ekitaldian –BBVA Fundazioaren Madrilgo egoitzan egin zen–, gaur egungo mundua eraldatzen ari den teknologia diseinatzen laguntzen ari diren ikertzaileen bikaintasuna ohoratu zuten.

BBVA Fundazioko zuzendari Rafael Pardok bere hitzaldian adierazi zuenez, saritutako ikertzaileen ibilbideek eta ekarpenek “informatikako lan ildo nagusietako batzuen, haietan egindako lorpenen eta erronken ikuspegi panoramikoa” islatzen dute eta “inoiz izan den teknologia plastiko eta indartsuenari forma ematen laguntzeko dugun gaitasunean konfiantza kolektibo handiagoa” ematen dute. SCIEko presidente Inmaculada García Fernández ere sarituei zuzendu zitzaien bere hitzaldian. “Gizarteari saridun guztien kalitate zientifiko bikaina aitortzen dugula erakutsi nahi diogu. Baina, era berean, etorkizuneko informatikari belaunaldientzako eredu izateko ardura jartzen dizuegu bizkarrean. Gure etorkizunik onenaren adierazgarri bat zarete”.